Disidenteon bizitzak plazerez betetzeko borrokan ari gara!

 

Indarkeria, eskuin muturraren gorakada eta mugimendu erreakzionarioen azkartzea. Bazterretako gorputzak, erdigunerik ez duten desirak eta mugimendu feministatik kanporatu nahi dituzten kide transak.  Esentzialismoa, eskubideen aldeko legeen kontra agertzea eta sistema heteropatriarkal kapitalista arrazista eta koloniala bere horretan mantendu nahia. Hori dena da, besteak beste, disidenteok egunero parean aurkitzen duguna.

Baina, aspaldi egin genuen antolatzeko eta bizitza zeharkatzen duen alor oro politizatzeko hautua.  Eta horretan gabiltza: sare eta bizimodu bizigarriak sortzen eta sistema zirrikitu posibleetatik arrakalatzen; egiturek sortzen dituzten gorputzak desproduzitzen eta gure identitateetatik amesten dugun hori eraikitzen.

Jakitun gara bizi dugun sistema sostengatzen duten erakundeek ez dutela guk desiratzen dugun mundua eraikiko. Era berean, zirrikitu posibleak ireki ditzakete gure bizitzen alde. Horren adibide dugu aurtengo otsailean EAEan onartu den trans legea. Norberaren genero autodeterminazioan urrats bat gehiago bezala ulertu dugu. Gainera, bestelako aurrerapausoak nabari daitezke, osasun arretan, hezkuntzan, intersexualitatean, hiztegiari dagokionean... Hala ere, ageriko hutsuneak ditu lege honek, kutsu esentzialista du eta ez du  ez-bitartasunaren bidetik proposamenik egiten. Horregatik diogu kaleetan, eskoletan, etxeetan eta lantokietan jarraitu behar dugula eragiten.

Erakunde publikoez ari garela, Berdintasun eta LGTBI politikek jokatzen duten papera aztertu nahi genuke. Sarritan, zuriketa morerako besterik erabiltzen ez diren politikak baitira, egiturazko aldaketak sustatzeko inolako borondaterik ez dutenak. Berdintasun poilitiketatik politika feministetara salto egitea exijitu behar dugu, egiturazko aldaketetan sakondu eta horretarako baliabideak jar ditzaten.

Disidenteok ez gara soilik indarkeria jasaten duten eta hori ekiditeko nahiz erreparatzeko neurriak behar dituzten gorputzak. Hori ere nahi dugu, jakina. Guk ere autodefentsa eta antolakuntza transfeministaren bitartez  jarduten dugu. Ez dugulako etengabe heteroarauaren menpeko izan nahi. Ez dugulako gure bizitzak eta desirak mundu horretan kabitu ahal izateko neurriz betetzerik nahi.

Hortik harago, gure bizitzak plazerez lehertzeko baldintzak exijitzen ditugu. Askotariko identitateei dagokien dimentsio politikoa eman eta mundu bizigarriagoak eraiki nahi ditugulako. Gu sistema berri bat eraikitzen ari gara eta sistema hetero-arautzailea suntsitzeko ari gara. Espazio disidente askotan esaten dugun bezala, estrategikotasun batetik begiratzen diogu gure borroka gorpuzten duten kategoria eta identitateei. Baliogarriak zaizkigu hemen eta orain, Euskal Herrian, parean dugunari aurre egiteko. Baina, badakigu etengabeko eraldaketarako prest egon behar garela. gure diskurtso eta gorputzak kapitalizatzen dituztenean eta norma bihurtu nahi dituztenean, ditugun estrategiak borrokatu eta berriak asmatuko ditugu. Beraz, etengabe egindako hautuak problematizatzeko apustua egiten dugu.

Aipaturiko borrokak kolektiboak dira ezinbestean, eta kolektiboa norbanakoek osatzen dutenez,  borroka honetan norbanako bakoitzak duen ardura azaleratzea dagokigu. Norberaren ekintza eta desirek eraikitzen baitituzte kolektiboak. Eta borrokak ez dira gauza isolatu bat, bizitzaren alor guztiak zeharkatzen dituen erabaki multzoa baizik. Beraz, disidenteon bizitzak errespetatzea eta onartzea ez da nahikoa. Norbera bere lekutik mugitzea dakar borroka honek. Munduan okupatzen dugun lekuaz kontziente izan eta mugitzeko hautua egin beharra dugu. 

Disidenteon bizitzak plazerez, zaintzaz eta antolakuntzaz betetzeko borrokan ari gara!