Nor gara gu? Zer gara gu?

Euskal Herriko Bilgune Feminista (EHBF) 2002an sortutako nazio mailako erakunde feminista eta abertzalea da, esparru ugarietako emakume asko eta askotarikoen hausnarketatik sortutako egitasmoa.

Nor gara? Euskal Herriko Bilgune Feminista (EHBF) 2002an sortutako nazio mailako erakunde feminista eta abertzalea da, esparru ugarietako emakume asko eta askotarikoen hausnarketatik sortutako egitasmoa. Tradizio feminista jakin baten oinordekoak gara, euskal feminismoaren eta euskal feministen oinordekoak. Hark ezartzen digun zapalkuntza hirukoitzaren (klase-zapalkuntzaren, nazio-kultura zapalkuntzaren eta sexu-generoaren zapalkuntzaren) aitortzatik abiatuz aztertzen dugu errealitatea eta ikuspegi horretatik egiten diogu aurre errealitate horri. Pixkanaka, askotariko zapalkuntza horien elkarreraginean eta intersekzionalitatean jarduten dugu, zapalkuntza-sistema orotatik askatu eta Euskal Herri burujabe eta feminista baten aldeko borrokan.

 

Helburu nagusiak

- Euskal Herriaren burujabetza feministaren bidean, trantsizio feminista ezaugarritzea, eta bide horretan aurrera goaz, euskal herritarrok eremu ideologiko, politiko eta ekonomikoan bizi ditugun zapalkuntza guztiei “topeak” jarriz eta herritar guztiontzako bizitza duinak bermatzeko jardunez.

- Euskal Herriaren aldaketa sozial eta politikorako abian diren prozesu kolektiboetan parte hartzea, eta ikuspegi eta saretze feministan urratsak ematea, bizi-baldintza duinen aldeko lanketa eginez, bai eta ondo bizitzearen eta bizitza duinaren kontzeptualizazio-prozesuan urratsak emanez ere.

- Testuinguru neoliberal honetan, sistema patriarkalak “berdintasun faltsuaren” baitan jendartean ezarritako forma eta adierazpideak zalantzan jartzea.

- Gaur egungo familia-ereduak, lagunarte-ereduak eta sexuen artekoak zein sexu-identitate hegemonikoek sorrarazten dituzten kalteak azaleratzea; horretarako, agerian utzi behar ditugu bultzatzen dituzten bizi-ereduen helburu eta baloreak. Sexu, genero eta sexualitate binomioak hautsi, eta identitate kolektibo eta indibidual berriak sortu eta berrasmatu behar ditugu.

- Emakume abertzale feministen sarea indartzea eta kohesionatzea, etorkizuneko konpromiso eta akordio politiko berriak zehazteko, eta horrez gain, Euskal Herriko Bilgune Feministaren proiektu politikoa erreferentzializatzea, barne-antolakuntza
eta -jarduna indartuz.

 

Nola lortzen da hori?

  • Emakumeok subjektu politiko bilakatuz, eta gure bizitzen aldaketarako protagonista izanik. Herrietan eta beste hainbat eremutan emakumeen autoantolakuntza bultzatzen jarraituz, jabetze- eta ahalduntze-prozesuak sustatuz, duintasunez bizitzeko erresistentzia-mekanismoak ezarriz (hala nola autodefentsa feminista eta zaintza-sareak) eta oinarri sendoa izango duen mugimendua sortzen jarraituz. Horretan, ahalduntze-prozesu horiei hainbat norabidetatik heldu behar zaie: informatzea, formatzea, hausnartzea, elkar entzutea, ikastea, bizitzea...
  • Mugimendu feminista politikoki aitortuz eta mintzaide politiko gisa onartuz. Mugimendu feminista izan da eta da herri honetako emakumeen interesak defendatu dituen eragile nagusia, eta alde horretatik, mintzaide politikoa izan behar du bai erakunde publikoentzat eta alderdi eta sindikatuentzat,  bai gainerako mugimendu sozialentzat ere. Era berean, garrantzitsutzat jotzen dugu talde feminista anitzen arteko elkarlana eta unean uneko aliantzak eta alianza estrategikoak lantzen jarraitzea. Egun, MFarekin unean uneko aliantzak baditugu, baina intziditu ahal izateko, epe luzerako kontsentsuak behar ditugu.
  • Herri-mugimenduekin, mugimendu sozialekin eta hainbat jakintza-esparrurekin elkarlana sustatuz. Euskal Herrian burujabetza lortzeko, nahitaezkoak dira beste borroka batzuen ikuspegiak eta eremu ezberdinetan lanean ari garenon arteko aliantza eta elkarlana. Horietan parte aktiboa izatea eta sor daitezkeen berrietan parte hartzea herriaren kontra-boterea sortzeko ezinbestekoa dela uste dugu.
  • Euskal Herriaren burujabetza feminista erdiesteko, lidergo feminista osatzeko pausoak emanez.

Antolaketa-eredua: SAREAren funtzionamenduan oinarritzen da gure jarduna. Sarea amaraun zabal eta askotariko gisa irudikatzen dugu. Sarearen funtzionamenduan, jarduteko modua partaidetzazkoa da, militantziazkoa. Bilgunekide izan gaitezke herrietako taldeetan militatuz, ildoetako lan-taldeetan parte hartuz, Emaraunean kolaboratzaile izanez, bai eta, ordea, Euskal Herrian trantsizio feminista sustatzea helburu duen estrategia feministaren baitan eraginez ere norberaren eremuetan (sindikatua, eskola, etxea, kalea, instituzioak, etab.). Hori horrela izanik, bi urtetik behin amaraun feminista horren bilgune diren Emakume Abertzaleon Topaketa Feministak antolatzen ditugu, aurrera begira estrategia feministaren lanketa izan ohi dute ardatz, eta haietan 600 feministatik gora elkartzen gara.

 

BILGUNE FEMINISTA antolaketa egitura:

SAREA Emakume abertzale eta feministak

Nazionala- herriak- Ildoetako lan taldeak- Bidelagun feministak

 

Lantzen ditugun ildo nagusiak

  1. Bagoaz Euskal Herriaren burujabetza feministarantz. Trantsizio feminista, botere-hartzea, lidergo feminista bat ehuntzen jarraitzea, EH feminista helburu eta bide izanik.
  2. Emakumeen Mundu Martxa. Nazioarteko alianza antikapitalista, internazionalista eta feminista.
  3. Euskal Herriko prozesu demokratikoan eta gatazka politikoaren konponbidean emakumeen parte-hartzea eta ikuspegi feminista txertatzeko jarduna.
  4. Eredu ekonomiko eta sozial berri baten aldeko borrokan, urgentziazko egoerak salatzeaz gain, alternatiba sozio-ekonomikoak sustatzeko eragile sindikal eta sozialen arteko aliantza indartzea.
  5. Indarkeria sexista: Autodefentsa Feminista.
  6. Komunikabideak: GABILTZA, Emakume Adituen Biltoki Digitala.
  7. Hezkidetza.
  8. Herri-jai feminista.
  9. Sexualitatea.
  10. Hizkuntzaren erabilera ez-sexista.
  11. Internazionalismoa: Kurdistan-Euskal Herria, Brasil, El Salvador…

Elkarbanatu!