Elkarbizitzara, etxera, bakera bidea gara

Urte gogorra izan da 2020a, osasun krisi baten eztandak sostengaitza zen sistema baten kolapsoa ekarri du.

Emakumeon* badakigu sistema bat kolapsatzeak zer dakarren, indarkeria patriarkalaren hareagotzea. Kartzela, patriarkatuaren islada bortitzena da zeinetan emakumeen* zapalkuntza sendotu eta iraunarazi egiten den. Horrela, genero erakunde izanik, espetxeetan pandemiaren eragina oso larria izan da: senideen bisitaldiak galarazi dira, askotan presoek kanpo-errealitatearekiko duten lotura bakarra bada ere. Hortaz, denboraldi luzez emakume preso askok espetxeko funtzionarioekin bakarrik izango dute harremana. Horrek ondorio emozional handiak ekar ditzake berekin, emakume* presoentzat bereziki, bakartze bikoitza bizi dutela kontuan hartuta.

Era berean, euskal emakume* presoei zuzenean aplikatzen zaien dispertsio politika salatu nahi dugu, kolektiboari bere osotasunean eragiten baitio, bai presoentzat eta bai senide eta lagunentzat kalte larriak eraginez. Horrez gain, ezin dezakegu ahaztu, senide eta lagunen artean ere emakumeok* eramaten ditugula zaintza-lanen gidaritza eta zama, eta zaintza horren garrantzitsu bilakatu den bolada honetan, lan hori aitortzeaz gain, zaintza lan horiek konpartitzeko lana egin behar dugu, komunitateak bere gain har ditzan. 

Orain, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da arduraz kaleak betetzea, elkartasuna eta babesa adieraztea eta feminismoak espetxean har dezakeen indarraz jabetzea. Borroka kolektiboek ahalduntzeko eta aske sentitzeko gaitasuna dute gugan, eta feminismoa emakume* preso askoren bidelagun izan da, bai espetxealdian zein ondoren. Bide horretan zuen ondoan gaude, elkarren arteko sarea josten jarraitzeko eta paretetatik harago borroka beraren parte garela sentitzeko.  

Horregatik, larunbat honetan Euskal Herriko herri, auzo, landa eta hirietan mobilizatzera deitzen dugu. Atera gaitezen bidera, egin dezagun bidea eta izan gaitezen bide denak etxean eta aske izan arte!

Euskal preso eta iheslariak etxera!

ETIKETAK

Presoak

Elkarbanatu!