550 emakumetik gora elkartu gara Emakume* Abertzaleon VIII. Topaketa Feministetan

Bukatu dira Emakume* Abertzaleon VIII. Topaketa Feministak, 500 emakume baino gehiagok jarraitu dugu gaurko eguna herri, hiri eta etxe ezberdinetatik. Zorionak! Bereziki eskerrak eman nahi dizkiegu hau posible egin duzuon Bilgune Feministako kide guztiei! Miresgarriak zarete!

18 urtetan antolatutako VIII. Topaketak izan dira, sindemia garaian aurrera eraman ditugunak eta garai honetan mugimendu feministaren barruan horren beharrezkoak den eztabaidak ahalbidetzea izan da gaurko gure apustu nagusia. Izan ere, hemen esandakoa eta hausnartutakoa jardun esentziala ere bada egungo krisiari aurre egiteko.

Euskal feministok ibilbide luze batean beste urrats bat eman dugu, eta gaurkoa ez da bukaera bat. Mugimendu Feministako hainbat kidek praktika dekolonialen beharraz ohartarazi gaituzte: honek ardura eta borondate bat sortu du gugan, arrazakeriaren aurrean gure posizio politikoa indartzeko. Horregatik, gaur harreman kolonialen ertzetaz jardun dugu esperientzia, begirada eta kokapen ezberdinetatik.

Larunbateko mahainguruan azaleratu da erro edo leku ezberdinetatik kolpatzen bagaituen ere etsai komun bat badugula eta horri aurre egiteko prozesu zabal era hurbilekoak beharrezkoal direla. Mugimendu Feministan agenda antiarrazista eta euskaldun baten beharrizana mahaigaineratu dugu. Horretarako, borroka ezberdinetan dauden emakumeekin aliantzak eraikitzea ezinbestekoa da. Aliantza horiek behetik gora eraiki behar dira eta horretarako komunitate feministak josteko beharra ukaezina da, elkarrizketa bat sortzeko eta praktika dekolonialak ehuntzeko nahitaezko espazioa baita.

Burujabetza feminsitarako apustua da gurea, emakumeon bizitzatik abiatuz. Horretarako, artikulazioan sakontzen jarraituko dugu interpelazioak eta gatazkak ekidin gabe. Denontzako askeak diren bizitzak aldarrikatzen dugu, guztiontzako eskubideak bermatuko dituen jendarte feminista batean. Euskal Herriko Mugimendu Feminista antikapitalista, antiarrazista eta euskalduna dugu helburu eta horretan lanean jarraituko dugu.

Elkarbanatu!