Urriaren 12an, gure bazterrak ditugu arakatzeko, ezer ez ospatzeko

Urriaren 12a, itsasoaz bestalde jatorrizko herrien sarraskia, kolonizazioa, eta hauen lurren eta pertsonen ustiaketa sistematikoaz eraiki den inperioaren loria ospatzen du Espainiar estatuak. Urriaren 12a, Euskal Herriaren ukazioaz, desjabetzeaz eta errepresio politikoaz eraiki den estatuaren handitasuna eta indar militarra aldarrikatzen du Espainiak.

Baina ez da egun bakarreko zioa, ezta soilik Espainiar estatuari dagokion kontakizuna ere. Urte guztian zehar, Gaztelako Koroaren interesei jarraitu zioten “euskal nabigatzaileen balentriari” gorazarre egiten zaio euskal erakunde zein jendartean; lobby turistikoen, Elkanoren urteurrena moduko fundazioen, edota eliteen interes enpresarial eta politikoei men eginez. “Lur berrien aurkikuntzaren” ikuspegi eurozentrikoa barneratuz, bertako aurrerapen teknologikoak goraipatuta eta kulturen arteko topaketaren iruzurra onartua, euskal itsas-gizonen eta geroko euskal transnazionalen papera garbitzen jarraitzen dugu.

Getariako Elkano esploratzailea, Cisneros Inkisidorea, Frantzisko Xabierko nafar misiolaria, Caracaseko Errege Konpainia Gipuzkoarra, Pedro Murueta Bilboko nabigatzailea,  Domingo Martinez de Irala “Bergarako kapitaina”, Pedro Morga Gernikako kaparea, Juan Echagoya almirantea, Leitzako Baleztenatar lur-jabeak, Julian Zulueta Amondo enpresari arabarra, Jose Matia Calvo merkatari laudiotarra, Manuel Calvo Portugaleteko indiano ongilea... Gure historiaren orri odoltsuenak pertsonaia hauen handikerietan mozorroturik heldu zaizkigu, irabazleen errelatoa medio. Baina hilketa masiboa, esklabutza, emakumeen* bortxaketak eta sorgin-ehizak, eta biolentzia koloniala oinarri duen historia da; ezin ditugu nazionalismo neokolonialek ezarritako terminoak ontzat eman.

Bada garaia ispiluaren aurrean jarrita, gure iragan kolonialaz hausnartu eta herritar guztientzako bizitza eta lurralde askeak ahalbidetuko dituen herri burujabea eraikitzeko. Urriaren 12an ezer ez dugu ospatzeko! Bazter guztiak ditugu arakatzeko, Euskal Herri feminista baten bidean.

 

Testua .pdf formatuan jeisteko beherako klikatu.

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!