Ekhi Eizagirre Bilgune Feministako kidea atxilotu du Guardia Zibilak beste kide batzuekin.

Guardia Zibilak Ekhiñe Eizagirre Bilguneko kidea, Kepa Arkauz eta Imanol Jaio atxilotu ditu gaur goizean, Espainiako Auzitegi Nazionalak agindutako operazio batean “helburu terroristak” egotzita. Duela hiru urte eskas eman genion ongietorria gure kidea den Ekhiri, espetxean lau urte pasa ostean; baina gaur gure sare feminista arrakalatu nahi izan dute berriro. Euskal Herriko Bilgune Feministatik argi eta ozen salatu nahi dugu konponbidearen eta bakegintzaren aurkako eraso berri hau.

Ukaezina da Euskal Herrian bake bidean urrats esanguratsuak eman direla hainbat arlotan, baina Espainiar estatuak, bere gobernu eta (in)justizia sistema tarteko,  blokeo egoera mantendu nahi du, Guardia Zibilaren eta bestelako indar errepresiboen bidez.

Bakegintza herri honen zein bertako herritarron burujabetza prozesuaren barnean kokatzen dugu, elkarrekin egin beharreko ibilbide gisa, alegia. Bide luzea dugu aurretik, bake eta bizikidetza prozesuan sakonduz, biktima guztien aitortza, erreparazioa eta preso eta iheslari politikoen etxeratzea lortu arte. Norabide horretan, gizarte zibila osatzen dugunok eta herri mugimenduok, bakeari, segurtasunari, memoriari, justiziari eta elkarbizitzari kolektiboki esanahi berriak ematen gabiltza eta horretan segi behar dugu. Modu berean, Euskal Herria desmilitarizatzea eta gaur ikusi ditugun moduko operazio polizialen, akusazioen eta auzi judizial berrien amaiera ezinbestekoa da.

Bilgune Feminista, eta, baita beste hainbat eta hainbat eragile ere, konpromiso horri jarraiki ari gara lanean konponbidearen alde, erasoen gainetik, ez baitago gure sare feminista arrakalatuko duen Estatu edo (in)justizia sistemarik. Gaurko atxiloketak Euskal Herrian gehiengoak ireki nahi duen ziklo berriaren aurka doaz eta onartezinak dira. Horregatik guztiagatik, gaur arratsaldean Zarautzen, Arrasaten eta  Abadiñon antolatu diren mobilizazioetara batzen gara. Bereziki Zarautzeko udaletxe plaza maitasun, amorru eta elkartasun oihuz beteko dugu, gure militantzia kidea eta haren senide eta lagunak babesteko.

Espetxeak hustutzeko eta zauriak osatzeko unea da. Gorrotoa, sufrimendua eta blokeoa inposatzen dutenen aurrean, AUTODEFENTSA ETA ELKARTASUN FEMINISTA!!!

 

Hau ez da gure bakea! Hau ez da justizia!

Ekhi, Kepa eta Imanol askatu!!!

 

 

 

Irakurketa eta Kartela jeisteko beherago.

 

ETIKETAK

Presoak Gatazka

Elkarbanatu!