Ekainak 28: Gorputz oker bakarra, gorputz poliziala! Heteroaraua desobeditu!

Ekainaren 28 honetan, trans* mugimenduak sortutako leloa erabiltzen dugu, feminismo
erradikal eta anitza eraikitze bidean bere ezinbesteko ekarpena aitortu eta ideia hau
gure egin nahi dugulako.


COVID 19aren ondorioz, berriro ere, gure zaurgarritasunaz eta interdependentziaz
ohartu gara. Ezinbestean bestelako pandemia batzuekin alderatzera eramaten gaitu:
GIBaren krisia (sexualitate hegemonikoaren eta genero-arauaren disidenteak,
bazterretako gorputzak kolpatu eta kriminalizatu zituena); Afrikan gogor eragiten duen
Ebolaren epidemia; prekarietateak, matxismoak edota LGTBfobiaren pandemiak
eraildakoak…


Horrek guztiak unean uneko larrialdi neurriak, fase planteatuak edota eskatutako
ardurak zein eta norentzako diren galdetzera garamatza. Bestela esanda, pandemia
orotan kaltetuak nortzuk diren hausnartzera. Izan ere, argi dago azken krisi soziosanitario
honek ez gaituela modu berean kolpatu, hor baikaude, LGTBfobiaz betetako
familietan konfinatutako kideak, muturreraino prekarizatutako bizitzak,
estigmatizatutako gorputz arrazializatuak…


Dena den, ez gaitu ezustean harrapatu eraso transfoboak, lesbofobia, familia
heteronormatiboa, gorputz ez-arautuen aurkako jazarpena… normalizatzen dituen
jendarte ereduan bizi baikara, zoritxarrez. Areagotu besterik ez ditu egin COVID 19aren
krisiak aurretik zeuden indarkeria horiek. Familia nuklearretan (eta monogamian)
oinarritutako ordena ardatz eta helburu duten politiken beste adibide bat besterik ez da
konfinamenduko distantzia soziala, hau da, gure besarkada eta gertutasun fisikoa
etxeko horma barrukoekin soilik konpartitzera mugatzea. Normaltasun berrian ere,
zaharrak berri.


Kolore guztietako poliziak izan dira horretarako tresna, hain zuzen ere, beldurra eta
mehatxua gure hezur-muineraino sarrarazi digutenak. Horregatik diogu gorputz oker
bakarra, gorputz polizialarena dela.
Azken hilabeteetan ikusi ditugu Ertzaintzaren, Polizia Foralaren, Nazionalen edota
Udaltzaingoaren bideo zein iragarkiak. Euren burua garbitu nahi izan dute. Horretarako,
emakumeak lehen lerroan jarri dituzte, animo hitz eta dantzekin eta, bitartean, kaleetan
errepresioa zabaltzen aritu dira. Hala ere, ez dezagun ahaztu: erasotu gaituztenetan eta
epaitegietara jo dugunean, emakumeoi, bolleroi, transoi eta sexu langileoi bigarren aldiz
erasotu gaituzten berberak dira. Gu lehen lerroan egongo gara osasun krisiari aurre
egiteko, baina ez gara sekula errepresioa banatzeko lehen lerroan egongo!


Gaurkoan haratago joan nahi dugu, ez baita nahikoa gorputz polizial ofizialekin
gorputzen kontrola ezartzeko. Heteroaraua osasun sisteman, familia planetan,
hezkuntza sailetan eta aurrekontuetan ezartzen da. Horrez gain, gure baitan dagoen
generoaren polizia behar du bizirauteko. Balkoietan, parkean kirola egiten dugunean,
lantokian, hondartzan eta bileretan zelatan ari den epaile horretaz ari gara, generoaren
disidentzia etengabe seinalatzen duenaz. Botere kuotak eskuratzeko beste gorputz
batzuk baztertzen jarraitzen dituen begirada da. Horregatik, gugandik hasita, ez dugu
poliziarik nahi eta ez inolako poliziarik behar aske izateko!


Ekainaren 28a borroka eguna dugu. Halaber, disidenteok gure egunerokoa ere politizatu
dugu eta borroka eremu bilakatu dugu. Geroz eta ozenagoa da arau nagusitik kanpo
kokatzen garenon ahotsa. Askotariko eremuetan leherketak eragiten dihardugu eta
geroz eta gehiago gara gure gorputzak, praktikak eta harremanak, heteroarauaz aske
bizitzeko borrokan segitzeko hautua egin dugunak. Elkarrekin eta plazerrez.
Ez gara kabitzen zuen markoetan eta kategorietan, ez gara kabitzen zuen aniztasunaren
diskurtso hutsaletan. Subjektu politikoak gara eta arrakalatzen ari gara sexualitate
hegemonikoa eta horrek eusten duen sistema neoliberala. Gorputzak, plazerak eta
lurrak ereiten ari gara herri feminista bat eraikitzeko.
Bizirauteko arauak ez obeditzen ikasi dugu. Desobedientziaz berreskuratu ditugu kaleak
eta gauak eta apurtu ditugu itotzen gintuzten armairuak. Beraz, desobedientziaz
jantziko gara datozen garai latzetan ere. Kale ekintza, oihu, muxu eta koxka bakoitzean
gaindituko dugu beldurra, lehertuko dugu heteroaraua! Eta plazerrez egingo dugu
gainera!

ETIKETAK

Ekainak 28

Elkarbanatu!