GURE TXALOAK ZUENTZAKO! Aitortza, eskubideak eta lan baldintza duinak etxeko langileentzat

Urteak daramatza kapitalismo patriarkalak birfundatze ziklo batean. Lurralde eremu eta baliabide berriak bereganatzen, esplotaziorako forma berriak sortzen eta gure bizitzen prekarizazioa muturreraino eramaten iraunarazi du azken urteotan. Eredu hau baina, kolapsatu egin da.

 

Krisi sozial eta sanitario larri batean murgildu gara azken asteetan baina jakin badakigu bizitzen ari garena lehenagotik datorren merkatuaren akumulazio basatiaren eztanda baino ez dela. Sistemak sortutako krisi bat da hau, kapital metaketa erdigunean jartzen duen sistema baten ondorio zuzena, alegia.

Krisi honen arrazoi nagusia da egun dugun zaintza eredu pribatizatua, familiarizatua eta feminizatua.  Kolektiboki sostengatzen ez den zaintza sistema batetan, soilik pribilegioak (genero, jatorri edo klasearen araberakoa) aldentzen gaitu bizitza mantentzeko beharrezkoak diren jarduera horietaz. Eredu hau beraz, injustua da eta agortuta dago.

Etxeko emakume langileen egoera bereziki kezkagarria da krisi honetan, erabateko babesik gabe geratzen ari direlarik. Nagusiki azken urteetan adinekoen zaintzaz arduratu direnak eta egun ere arduratzen direnak dira, eta orain lanik gabe geratzen ari diren lehenak. Halaber, lanera joan behar izaten jarraitzen duten emakume askok lan-kontraturik gabe lan egiten dute, prebentzio eta segurtasun nahikoa neurririk gabe. Asko  egoera irregularrean daude, eta, beraz, beldur dira poliziak geldiaraziko ote dituzten paperak eskatuko ote dizkieten edo aurrerago beren egoera erregularizatzea oztopatuko dien espedienteak irekiko ote dizkieten.

Barne etxeko langileei dagokienez, haien egoera are okerragoa da, lanik gabe, babes sozialik gabe eta aldi berean etxebizitzarik gabe geratzen ari baitira. Era berean, beste askok ezin dute atsedenerako eta aisialdirako eskubidea baliatu; izan ere, konfinamendu-aginduari gehitu behar zaio familia askok debekatu egin dietela etxetik irtetea, kaleratuak izateko mehatxupean birusa kutsatzearen beldurragatik.

Horregatik etxeko langileen nazioarteko egunean lan araututik kanpo emakumeek egiten dituzten enpleguak lan eskubideez eta negoziazio kolektiborako tresnez hornitzea eskatzen dugu. Hori ez ezik, krisi egoera honetan Araubide Orokorrean langileentzat ezarri diren prestazioak etxeko eta zaintza langileei ere aplikatzea, beraien inguruko jendeta zaintzeko baja eskatu ahal izatea eta zerga-salbuespenak jaso ahal izatea exijitzen dugu; eta nola ez, beraien lana egiteko babes-ekipamendu egokia ematea, haiek baitira kutsatzeko arrisku handiena dutenak. Azkenik, beraien ongizatea zaintzeko eta babesteko neurriak zabaltzea eskatzen dugu bereziki indarkeria matxisten kasuan, salatzeko mekanismoak sortuz.

Jakin badakigu, luzera begirako prozesua dugula aurrean eta horregatik feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitu behar dugu. Hain zuzen ere, bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko. Bizitza erdigunean jartzeko, bizitza eusten duten prozesuen arabera egituratu behar dugu jendartea, eta horregatik, elkarrekikotasun eta elkar zaintzan oinarritutako harremanak behar ditugu. Beraz, zaintzak eremu pribatutik atera eta ardura kolektiboa sustatu beharra dago, hala gertuko komunitatearena, nola erakunde publikoena.

 Finean, zaintzak erdigunean jartzea, bizitza erdigunean jartzeko lehen urratsa da. Horregatik gaurkoan ere, gure txaloak zuentzako dira.

 Aitortza, eskubideak eta lan baldintza duinak etxeko langileentzak! 

 

ETIKETAK

Sozioekonomia

Elkarbanatu!