Internet, gatazka eta militantzia. Andrea Momoitio

Dena asko aldatu da messengerra gure bizitzetara iritsi zenetik. Inork ezin zuen imajinatu orduan sare sozialek gure egunerokotasunean izango zuten eragina, nola eragingo zion intimitateaz, adiskidetasunaz, ligoteoz edo militantziaz ulertzen dugun moduari. Zaila zen pentsatzea guztia garai hartan zegoenaren oso bestelakoa izango zela, baina, nostalgikoa izatetik urrun, egia da Internetek mundua irauli duela eta gu ere irauli gaituela.

 

Mugimendu feministak jauzi hirukoitza egin du eta txalo eta txistu artean iritsi da sare sozialetara. Pentsamendu feministak Interneten duen eragina ukaezina da, eta, hain zuzen ere, ekintzaile digitalen lanari esker jarri dute arreta komunikabide handiek gugan, gure aldarrikapen eta eskaeretan, baina baita mugimenduaren barruan bizi diren liskar txiki zein handietan ere. Hala ere, egoeraren konplexutasunari aurre egiteko ezinbestekoak diren bi kontu daude: diskurtso feministaren eraginpean dagoen azalpena eta interneteko aktibistek eta komunikatzaileek jasaten duten indarkeria.

Azken urteotan, batzuetan harriturik, sare sozialetan feministen arteko eztabaida oso bortitzak izaten ari gara. Ez naiz ni izango trapu zikinak etxean garbitzen direla esango duena, baina agian Facebook ere ez da behar horiek kanalizatzeko lekurik egokiena. Espazio publikoetan mugimendu feministarentzat funtsezkoak diren gaiei buruz eztabaidatzeak arazoak dakartza, eta ez nago ziur arazo horiek ondo kudeatzen bagabiltzan edo badakigun. Ohikoa da korronte ezbedinetako hainbat kide gogor eztabaidatzen ikustea, elkar errespetua galtzen dutela ikustea eta publikoki bata bestea zalantzan jartzen direla ikustea pantaila baten atzealdetik. Gero eta ohikoagoa da mugimendu feministari lotuta ez dauden emakumeek, militantzia politikoaren ikuspegitik, beste batzuen lan nekaezina zalantzan jartzea kaleak feminismoz betetzeagatik. Ziberfeminismoa indar handiko mugimendua da, baina izan al daiteke bakarrik aktibista Interneten?  Aktibismorako tresna al da sarea? Sareak mezu feministaz betetzen dira, bilerek giharra galtzen duten bitartean. Martxoaren 8ko manifestazioetan gero eta jende gehiagok parte hartzen du, gero eta emakume gehiagok ematen du iritzia sare sozialetan, baina horrek ba al du eraginik aktibismoan? Herrietako eta auzoetako batzarrak erritmo berean hazten al dira? Kosta egiten zait baikorra izatea. Guzti hau, ordea, agerikoa den zerbait argira ekartzeko baliogarri izaten ari da: feminista izendatzen garen guztiak ez goaz ontzi berean. Beno, agian, bai, baina batzuk luxuzko kamaroteetan doaz, eta beste batzuk … ontziaren bizkarrean.

Sare sozialek ahalbidetzen duten anonimotasunak, potentzialtasun oso interesgarria du, gure onurarako esploratu ahal ditugunak. Zaila da; izan ere, mugimendu feministak asko garatu du sareei buruzko diskurtsoa, baina, egia esan, oraindik ez ditugu garatu Internet kontrolatzen lagunduko diguten tresna teknologikoak, diskurtsoa kontrolatzeaz harago. Aktibismoa egin al daiteke Interneten zure ordenagailua seguru nola mantendu ez badakizu? Formetan geratzeko eta hondora ez iristeko arriskuan gaude. Guzti honetatik harago, argi dagoena anonimotasuna momentuz gure kontra erabiltzen ari den zerbait dela da.  Aktibistek zein komunikatzaileek egunero jasaten ditugu gure profil profesionalen eta pertsonalen aurkako eraso antolatuak. Irantzu Varelaren kasua, agian, gertu ditudan guztien artean esanguratsuena izango da. Gertatuko zela genekiena jazo da: on-line ematen zen indarkeria hori eraso fisiko bilakatzera igaro da. Dagoeneko ezin dugu bereizi sarean gertatzen denaren eta kalean gertatzen denaren artean. Premiazkoa da Internet gure lurraldearen zati gisa ulertzea eta sareei 'kalea' deritzogun horretan aplikatzen ditugun logika eta dinamika berberak aplikatzea: zaintzak, indarkeriarik gabeko komunikazioa eta autodefentsa feminista.

 

Andrea Momoitio

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!