Errotik, dena aldatzeko ari gara!

ERROTIK,

DENA ALDATZEKO ARI GARA!

2020ko M8ko Euskal Herriko Bilgune Feministaren irakurketa

 

 

Azkura sortzen badu, ongi goaz. Hala adierazi zuen kide batek Durangon dekolonialitatearen mahaian mugimendu feministaren zuritasuna eta gehiengo zuri horrek gorpuzten dituen pribilegioak interpelatuz. Azkurak eta kontraesanak ekidin gabe bidea urratzeko hautua berretsi genuen orduan.

 

Horrela, nork bere bizipenak politizatuz, emantzipazio kolektiboaren aldeko borroka topatu dugu feminismoan. Azken urteotan masiboa bezain bizia da. Mugimendu feministaren indar metaketa, kohesioa eta transbertsalitatea islatu dituzte Euskal Herriko grebek eta V. jardunaldi feministek. Olatuaren gandorrean egonda, mugimenduaren erraiak ireki ditugu eta barne aniztasunaren ataza nabarmendu zaigu. Errora goazela adierazten digu hainbat zapalkuntzen bidegurutzean sortzen zaigun deserosotasunak.

Kanpoko botere egiturak aldatzea dugu xede, barnekoa irauli bitartean. Hala ere, asimilazioaren mehatxua dugu aurrez aurre: feminismo erradikalaren kriminalizazioa, erakunde patriarkalen edota multinazional esplotatzaileen garbiketa morea… Jakina da, feminismoa ez dela berez eskuratzen den zerbait, feminismoa egin egiten dela, sustraitik, praktikan eta kolektiboan. Beraz, denak ez gara feministak. Ez da eraldatzailea izango betiko rolen, betiko politiken eta betiko esplotazioan edota aberastasunaren banaketaren baitan izendatzen den feminismoa, erosoa izan daitekeen arren. Ez digu balio, ez eremu mikroan, ezta makroan ere.

Bestela esanda, ezin dira ministerio feministak sortu Estatuetako gobernu zentralen politika neoliberalak, austeritateak eta murrizketek indarrean dirauten bitartean. Are gehiago, ez da gobernu feministarik izango Estatuaren mekanismo errepresiboak  bizirik baldin badaude. Gurean ere feminismoaz hitz egingo digute, nahiz eta euskal lurraldeetako gobernuek Mugimendu Feminista entzun ez eta zaintzaren ardura politikoa hartu ez. Hitz hutsalak baino ez dira konpromiso zehatz eta integralak hartzen, eta horiek diruz hornitzen eta ebaluatzeko irizpideak ezartzen ez diren bitartean. Izan ere, ez doaz errora.

Zer dago, orduan, erroan? Erroan, astean zaintza lanei 20 ordu gehiago eskaini eta, bataz beste, %30 gutxiago kobratzen dugun emakumeak* gaude, denboran pobreagoak garenak. Erroan, soldata arrakala eta zaintza lan ikusiezina dago.

 

 

Atzerritartasun legeak ematen dituen erraztasunei esker, neoesklabutza egoeretan dauden etxeko barne-langilearen figuraren bidez estaltzen ari garen zaintzaren gatazka dago.

Beraz erroan, sistema kapitalista dago: eredu familiarista bat, eta ongizate estatu sexista bat dago. Hau da, emakumeon* zaintza lan ez-ordainduan oinarritzen diren erakunde patriarkalak eta neoliberalak daude. Eta, noski, eredu horren onuradun zuzenak dira: patronala eta burgesia, baina baita patriarkatua erreproduzitzen duten gizonak ere. Erroan, indarkeria matxista dago, menderatze sistema iraunarazten duena.

Alternatibak proposatzen, agenda komuna eraikitzen eta gatazkak azaleratzen jarraitu behar du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, parean duen horma arrakalatzen. Iragan den urtarrilaren 30eko greba orokorrean erakutsi genuen moduan eskaera askok batzen gaituzte: pentsio duinak lortzeak, etxeko langile egoiliarraren figura abolitzeak, elikadura burujabetza sendotzeak, zaintza lanen aitortza ekonomiko eta sozialak, politika arrazistekin amaitzeak, sektore feminizatuetako prekarietatearekin amaitzeak, sistema publikoaren defentsan sakontzeak… Finean, bizitza erdigunean jartzeak batzen gaitu eta horrek iraultza erradikala dakar. Ondorioz, askoren pribilegio eta botere ekonomikoen, sozialen zein kulturalen galera eskatzen du.

Gero eta oinarri gehiago ditugu trantsizio feminista bultzatzeko eta urgentzia bilakatu zaigu eredu berri baterantz abiatzea. Bide horretan, gure herrian bizi dugun defizit demokratikoa gainditu behar dugu. Gure gorputzetan eta lurraldean erabakitzeko burujabetza eta feminismoa behar ditugu. Biak. Errotik, dena aldatzeko ari gara.

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!