Erreportajea: Euskal Herri feminista bat internazionalismotik eraikiz.

 

Herri feminista bat eraikitzeko prozesua kolektiboa dela aldarrikatu du Euskal Herriko mugimendu feministak aurtengo martxoaren 8an. Kolektiboa, anitza, behetik gora egiten dena… horiek dira gure herrian feminismoak dituen oinarriak.

Baina zer da kolektiboan eraikitzen den mugimendu bat? Azken urteetan, feminismoaren gorakada nabaria ikusi dugu bai Euskal Herrian zein munduko hainbat txokotan. Feminismo globalizatu baten aurrean aurkitzen gara, lehengo praktiketatik haratago, indibidualizazioan murgildu nahi gaituen liberalismo baten mehatxuarekin. Beraz, nola praktikan jarri internazionalista den feminismo bat? Euskal Herriko herri mugimenduan borroka internazionalistak ibilbide luzea dauka; baina borroka internazionalista hori feminista izan al da? Edo, feminismoaren historian, internazionalistak izan al gara?

2 urte baino gehiago igaro dira Bilbon Emakumeen Mundu Martxaren nazioarteko topaketak burutu zirenetik. Bertan, 40 herrialdetako emakumeak* batu ziren, elkarrekin pentsatu eta estrategia komun bat sortzeko. Azken urteetan feministek jasandako errepresioaren aurrean (Brasil, Kurdistan, Mexiko…) EHEMMak deitu ditu elkartasunerako ekintza eta mobilizazioak. Beraz, internazionalismoaren praktika feminista bat egon badago.

Hala ere, mundu martxaren plataformak 20 urte beteko ditu aurten Euskal Herrian, baina internazionalismoaren lanketa begirada feministatik lantzea lehenagotik egin izan da. 1988an Nikaraguako iraultza pil-pilean zegoen eta euskal emakume asko eta asko bertara joan ziren. Hemen geratu zirenetako hainbatek Jardunaldi batzuk antolatu eta Abya Yalako borroken inguruan eztabaidatzen eta hausnartzen hasi ziren. Bego Zabalak bertan kokatzen du parte den Emakume Internazionalistak kolektiboaren sorrera, eztabaida horien guztien erdian, hain zuzen ere. Berak gogorarazten du nola “Latino Amerikako borrokek miresmena sortzen” zieten garaiko emakumeei eta nola “Sahararen aldeko borrokak eta arabiar herriekiko elkartasuna beti presente egon den zerbait” direla, batez ere “Espainiar Estatuaren eta Europaren inplikazioagatik”. Brigadak antolatzea eta hainbat herritan praktika internazionalistak burutzea zen, batez ere, egiten zutena, helburu argiarekin: “hemengo praktikek bertan ardatz patriarkalean arrakala bat egitea zen lortu nahi genuena eta, nola ez, baita kapitalismo inperialistan ere” dio Zabalak.

“Ez dugu borroka hau laguntza legez planteatzen, horregatik gu bertara joaten hasi ginen eta beraiek hona”. Horretan datza internazionalismoaren oinarrietako bat dio Zabalak, borroken elkartrukea eta gure bertoko praktikekin beste herrialdeak pixka bat askeago egin. Beraren ustez, Euskal Herrian 3 erronka nagusi ditugu: lehenengoa, migrazio politika arrazisten kontrako borroka; bigarrena, “neoliberalismoaren politika internazionalak eta gobernuak jo puntuan” jartzea; eta, azkenik, urgentziako elkartasun sareak lantzea premiazko ikusten du.

 

Komite Internazionalistak taldeko kide den Patri Lezamak dioenez, bere militantzia eremu mixtoan egin izanak —talde horretako emakumeen laguntzaz baliatuta—, internazionalismoa feminismotik praktikara eramatea ahalbidetu du. Berak dioenez “ez dut ulertzen zaintza gatazka erdigunean jartzen ez duen borroka antikapitalista bat, edota generoa aintzat hartzen ez duen borroka antiinperialista bat”. Momentu honetan delegazioen bitartez lan egiten dute eta, horretan, EHko feminismoaren diskurtsoa hurbiltzeko ahaleginak egiten dituzte.

Aliantzen inguruan hausnartzerakoan Patri Lezamak ikusgarri egin digu mugimendu feministaren eta, behintzat, Komite Internazionalistaken arteko elkarlan zuzenik ez dagoela. Harreman pertsonaletan oinarritzen diren konexioak egon badaudela, baina beraiek barnera begirako lana egiten dutela hein handi batean eta, hortaz, mugimendua aparte utzi dutela. Hala ere, gogora ekarri nahi izan du aliantza hauek “garrantzitsuak” direla, izan ere, “feminismoa dekoloniala, antiarrazista, antikapitalista… den heinean, internazionalismoaren helburu berberak ditu”.

Askapenaren kasuan, Izaskun Goienetxeak historian zehar emakumek borroka internazionalistan izan duten presentzia handia azpimarratzen du eta baita ere mugimendu feministaren aliantza borroka internazionalistetan. Hala ere, “ezin dugu ahaztu oro har gizon zuri heterosexual bizardunekin lotzen dugula internazionalismoa (Fidel, Ché, Chavez, Pakito Arriaran...) eta emakumeak historikoki hor egon garen arren bigarren plano batean egotera kondenatuak izan gara. Hor ditugu Begoña García “Alba”, Marta González, Eva Forest edota Miren Odriozolaren adibideak”. Askapenatik munduko herri ezberdinetan ematen diren iraultza eta garaipen oro guztion garaipen legez kokatzen dituzte eta “feminismoak mota guztietako botere harremanik gabeko jendartea eraiki nahi duen heinean, internazionalistok ezinbestean feminista izan behar dugu”. Askapenaren praktiketan , feminismoa erdigunean jartzeko apustua egin eta brigaden antolakuntzan, brigada feministak egiten dituzte hainbat herrialdetara.  Horietan, formakuntza espezifikoak jasotzen dituzte euskal feminismoaren oinarriez, baina helmugako herrialdearen mugimendu feministaren inguruko formakuntza eta ezagutza ere lantzen dute. Zentzu horretan Goienetxeak Bilgune Feministarekin eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxarekin duten aliantza estrategikoari ematen dio garrantzia.

Naia Torrealdaik Palestinara Askapenak antolatutako brigada feminista batera joateko aukera izan zuen, bere hitzetan “oso interesgarria egin zait. Oso barneratuta daukagu gure begirada: zer den matxismoa, zelan ematen den borroka feminista... Eta uste dut zaila egiten zaigula gure begirada kolonial hori gainetik kentzea. Horretan, behintzat, ahalegina egiten hastea oso interesgarria izan da. Gero, Euskal Herrian mugimendu feministan ematen diren aliantza eta aniztasunak artikulatzeko esperientzia horrek tresnak eman dizkit».

Bestetik, Ainara Santamaria Kurdistanera joan zen brigadista, brigada feminista batean. “Emakumeen arteko aliantzak sendotzeko” eta “neoliberalismo eta inperialismoak emakumeei nola eragiten dieten” ikasteko baliagarri egin zaio, baina “ez bakarrik biktima legez, erresistentziatik eta borrokalari bezala” ere.

“Internazionalistak izango dira guk horrela erabakitzen ditugun borroka feministak”; esaldi horrekin bukatu du Zabalak, gure herrian dominazioen eta zapalkuntzen zabalpen globalaz konturatu gaitezen eskatuz.

Gero eta gehiago dira Euskal Herrian feminismoa eta internazionalismoa bana ezinak direla ulertzen duten talde eta kide feministak. Emakume izatea unibertsalizatu gabe, globalak diren zapalkuntza anitzei erantzuna emateko prest daudenak, hain zuzen ere. Horregatik, martxoan hasita eta udazkenean amatuta, Euskal Herriko Emakumeen Mundu martxak bere V. ekintza internazionala burutuko du, elkarguneak internazionalismotik eratuz. 

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!