Libre ezin, aske gara! Urtarrilaren 11n denok Bilbora!

Beste urte bete igaro eta berriz gaude urtarrileko bigarren asteburuan. Urteak igaro baina tamalez, euskal presoen egoera gutxi asko aldatu da, eta emakume* presoek bakartuago eta urrunduago egoten jarraitzen dute: kolektiboaren heren bat guztiz bakartuta dago gaur egun. Gutxiago izanik, Estatuei errazagoa zaie euskal emakume* preso politikoak isolatzea eta bakartzea, hala bakardadea erantsiz berez pairatu beharreko zigor hirukoitzari: soziala, pertsonala eta penala.

Generoak gorputz guztiak zeharkatzen ditu, eta ondorioz baita kartzeletan preso daudenak ere.

Kartzela genero erakunde bat da, generoa birsortzen duen instituzioa. Patriarkatuaren islada bortitzena da zeinetan emakumeen* zapalkuntza sendotu eta iraunarazi egiten den. Horregatik feminismotik espetxeek duten izaera patriarkala azpimarratu nahi dugu. Emakumeak* haientzako pentsatuak izan ez ziren espazioetan aurkitzen dira preso, gizonen espetxe barruko moduloetan edota makroespetxeen barneko espetxeetan. Emakume* presoen beharrizan eta premientzako ez-leku diren espazioetan. Ez-leku horietan ikusezinak dira baina aldi berean kriminalizatuak, emakume txar bezala estigmatizatuak eta zigortuak.

 

Era berean, euskal emakume* presoei zuzenean aplikatzen zaien dispertsio politika salatu nahi dugu, kolektiboari bere osotasunean eragiten baitio, bai presoentzat eta bai senide eta lagunentzat kalte larriak eraginez. Horrez gain, ezin dezakegu ahaztu, senide eta lagunen artean ere emakumeok* eramaten ditugula zaintza-lanen gidaritza eta zama. Lan hori aitortzeaz gain, zaintza lan horiek konpartitzeko lana egin behar dugu, komunitateak bere gain har ditzan.

 

Hala ere, feminismoak espetxean har dezakeen indarraz jardun nahi genuke. Borroka kolektiboek ahalduntzeko eta aske sentitzeko gaitasuna dute gugan, eta feminismoa emakume* preso askoren bidelagun izan da, bai espetxealdian zein ondoren. Bide horretan zuen ondoan gaude, elkarren arteko sarea josten jarraitzeko eta paretetatik harago borroka beraren parte garela sentitzeko. Libre ezin bagara izan, feminismoan izango gara aske.

 

 

Horregatik, larunbat honetan Bilboko kaleak hartuko ditugu beste behin, eta feminista guztiei deia egiten diegu mobilizazioan parte hartzera. Atera gaitezen bidera, egin dezagun bidea eta izan gaitezen bide denak etxean eta aske izan arte!

 

Urtarrilaren 11n denok Bilbora!

Euskal preso eta iheslariak etxera!

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!