Greba orokorra feminista izango da!

Mugimendu Feministak asteazkenean Bilbon egindako prentsaurrekoan jakitera eman duenez, Euskal Herriko Eskubideen Kartak urtarrilaren 30ean deitu duen greba orokorrarekin bat egin du.

Emakume Mundu Martxak abenduaren 14an deitu zuen asanblada irekian erabaki duten legez greba feminista izan dadin, Euskal Herriko talde eta kide feministak partehartze aktibo bat egitera deia egin dute.  

Plazaratutako komunikatuaren arabera "Euskal Herriko mugimendu feministak bizitzak erdigunean jarri nahi ditu, indarkeriari, berdintasun ezari, prekarietateari, sexualitate eredu hegemonikoei, lanen sexuaren araberako banaketari, kontsumo ereduari, familia patriarkalari, jakintzaren hierarkiari, arrazakeriari, edertasun kanonari eta zapalkuntza guztiei aurre egiteko; aldarrikapen hauek guztiak mugimendu feministaren borroken parte izan dira, eta horregatik, greba orokorrera atxikitzea beharrezkoa dela uste dugu."

 

 

Urtarrilaren 18a, grebara dei egiteko eguna

Abenduaren 14ko asanbladan greba orokorrarekin bat egitea erabakitzeaz harago, zenbait kontu adosteko tarterik ere izan zutela jakinarazi dute. Greba eguna arteko prozesuari dagokionez, greba feministaren aldarrikapenak ikusaraztea eta feministek greba batzordeetan parte hartzea erabaki dute; ildo horretan, urtarrilaren 18a grebara dei eginez ekintzak burutzeko egun gisa finkatu dute.

Greba egunari dagokionez, ondokoak egitea proposatu dute: besoko morea janztea, amantalak leiho eta balkoietan zintzilikatuz emakumeek doan egiten dituzten lanak bistaratzea, eta greban egon ezingo diren emakumeen –presoak, etxeko langileak, zaintzaileak, indarkeria matxistak hildakoak…– presentzia sinbolikoki irudikatzea.

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!