Arrazakeria gabe, LGTBI fobiarik gabe, feminismotik, euskaraz BIZI NAHI DUGU

Giza Eskubideen Nazioarteko eguna den abenduaren 10 honetan, Euskal Herriko hainbat kolektibok Andoainen agerraldia egin dute gaur goizean, «arrazakeriarik gabe, feminismotik, sexu aniztasunean eta euskaraz» bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko.

Giza Eskubideen aldarrikapen unibertsala onartu zela 71 urte betetzen diren honetan, aldarrikapen honetako hainbat eskubide urratzen dira egun oraindik ere. Ez dira dagozkien neurri egokiak hartzen eskubide hauek bermatzeko eta aurrerapenak eman badira ere, atzera pausoak edo babes gabe uzten gaituzten lege zaharkituen ondorioak noiznahi pairatzen ditugu.


Saltzen diguten berdintasun hutsala urraketa horiek estaltzen saiatzen da. Baina gizarte honek ez ditu oraindik barneratu Giza Eskubide guztien errespetua eta bermatzea maila berdinean eta era integral batean.
Eskubideen esparruko eremu ezberdinetan lan egiten dugun kolektibook, gure herria eta gure gizartea eraikitze bidean bat egiten dugu, gizaki guztiak sor­tzen baitira libre, jaio­tzez gara berdinak duintasunean eta eskubideetan.

Giza eskubideak denonak dira, eta eskubide horiek osagarriak, banaezinak eta elkarren mendeko direla adierazi nahi dugu.

Euskal Herrietako transmaribollo plataformak (HARRO!), Ongi etorri errefuxiatuak plataformak, Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak elkarlanean garaturiko ekimena da honakoa.

ETIKETAK

Elkarbanatu!