Talkak espazio berri bat okupatu du Gasteizen

Talka proiektuak espazio berria okupatu du Gasteizko Alde Zaharreko Korreria kalean eta abenduaren 7an zabaldu ditu bere ateak. Orain aste osoko egitaraua jarriko dute martxan espazioari bizia emateko.

“Sisteman arrakala bat” sortzeko asmoarekin ekingo diote Talkako kideek proiektuaren ibilbide berri honi: “Gure bizi eta gorputzak berreskuratzeko sistema arrakalaz bete behar dugu” azaldu dute, “Sistema kapitalista, kolonial, heteropatriarkalaren baitan ez gara seguru egongo eta hau irauli arte ez gara askeak izango”. 

Horretarako, instituzioetatik haratago kontra-botere eremuak sortzeko beharra azpimarratu dute Talkatik, instituzioen parlamentarismotik aldendu eta, autoantolakuntza onarri, kalean eragiteko apustua eginez. Instituzioek feminismoa aurpegia zuritzeko tresna bezala erabiltzea salatu dute, feminismo ezkertiar, iraultzaile eta erradikala aldarrikatuz. Feminismoa gatazkarik gabe ezin dela ulertu adierazi dute Talkako kideek, feminismoa zapalkuntza ororen kontra altxatzea baita. Zentzu berean feminismoa kapitalaren mesedetan dagoen produktu bat ez dela azpimarratu dute. 

Sare sozialetan jakitera eman dute ez dela ausazko aukeraketa izan, lokal horren atzean Gasteizko Udalaren utzikeria eta negozioak azaldu dituzte.

Aste osoko egitaraua 

“Ataketatik elkar bizitza” lelopean aste osoko egitarau mamitsua aurkeztu du Talkak okupatutako espazio berriari bizia eman eta proiektuarekin aurrera jarraitzeko. Abenduaren 8tik aurrera auzolanek, asanbladek, tailerrek edota kontzertuek beteko dute Zapatari kaleko espazio autegestionatu berria. Egunero burutuko dituzte ekintzak, Gasteizko emakume, bollera eta trans guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbitea, ekimenetan parte hartu eta espazioa berea defendatuz. 

Asteko egitarauari abenduaren 15ean emango diote amaiera, Talkaren lehenengo okupazioaren urteurrenean. 12:00etan argazki masiboa aterako dute Alaba Belasko jauregian eta, ostean, brindisa egingo dute Talka berrian.

 

 

Irudia: Topatu

ETIKETAK

Elkarbanatu!