Euskal Herriko mugimendu feministaren oharra, "Euskal Herriko mugimendu abolizionistaren" sorreraren harira

Euskal Herriko mugimendu feministak ohar bat atera du orain pare bat aste aurkeztutako "Euskal Herriko mugimendu abolizionista"k ekarri dituen korapiloak argitze aldera. 

Komunikatuak honako hau dio: 

Iragan den irailaren 30ean Euskal Herriko Mugimendu Feminista osatzen dugun hainbat taldek harrituta jakin genuen “mugimendu abolizionista” honen berri. Horren harira, honakoa partekatu nahi dugu: Mugimendu hau ez da zuzenean Euskal Herriko Mugimendu Feministatik sortu, ezta elkar banatzen ditugun markoetatik ere. Beraz, ez da barne mailako eztabaida, erabaki edota adostasun bateratu batetik abiatutako ekimena. Zentzu horretan, dinamika abolizionista honi “mugimendu” moduan izenpetzeak eragin dituen nahasmenduak argitu nahi ditugu.

Jakitun gara Euskal Herriko Mugimendu Feministan prostituzioaren inguruko postura desberdinak eta anitzak badaudela, baina hau bera mugimenduaren aberasgune eta nolakotasunaren parte dela ere badakigu. Badakigu jakin, baita ere, prostituzioa historikoki, mugimendu feministaren korapilo handienetako bat izan dela. Hala ere, postura horiek modu bitarrean baino, era konplexuagoan ulertzeko eta posizioak elkartzeko lana egiten jarraitu nahi dugu. Horixe baita emakume guztien eskubideen defentsan aurrera urratsak ematen jarraitzeko bidea. Hamarkadaz hamarkada kokaleku politiko desberdinak ditugunok elkarrizketan eta elkar lanean jarduten asmatu dugu, eta uste dugu, mugimendu feministaren barne-markoak direla eztabaida honetan sakontzeko leku aproposenak, sareetako lintxamenduak eta azpi-joakoak ekiditen, eta beti ere, elkar aitortzatik abiatuta.

Prostituzioaren auzia Mugimendu Feminista zatizeko elementu bezala erabili izan da Estatuko hainbat lekutan ikusi dugun moduan. Euskal Herrian ez dugu horrelakorik biziko. Urteak daramatzagu gure mugimenduan dagoen aniztasuna errespetatzen eta eztabaida horietatik ikaspenak ateratzen izan ere, aniztasun eta aberastasu horiek dira mugmindu bezala indartzen gaituena. Honek lan handia eta jende askoren inplikazioa eskatu du eta ez dugu ibilbide hori zapuztu nahi. Dei egiten dugu, egun batetik bestera argituko ez den gai hau lantzen jarraitzera, horretarako historikoki Mugimendu Feministak izan dituen espazio kolektiboetan, eta uko egiten diogu foku errazak eta titularretako tirabiretan erortzeari. Euskal Herriko Mugimendu Feminista prest dago, azken 40 urteetan bezala, gai korapilatsuetan murgiltzeko eta irtenbide konplexuak arakatzeko.

Horretarako, ezinbesteko hitzordua dugu datorren azaroaren 1, 2 eta 3an Durangon antolatu ditugun Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan, hori baita gure mugimenduak sorreratik izan duen debaterako zein estrategiak marrazteko topaleku nagusia. Erronka beste aukera ditugu feminismotik erroko eraldaketak bultzatzeko, salda badago.

 

2019ko Urrian

EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTA

 

 

Dokumentua euskaraz eta gazteleraz deskargatzeko hemen behean. 

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA