UKAZIOAREN GAINETIK, AURRERA GOAZ. ZORIONAK JAIZKIBEL!

Urteak daramatzate Jaizkibeleko kideak aldarrikapen tinko eta argi batekin: euren herriko festetaz gozatu nahi dute. 20 urte baino gehiago daramatzate hamarnaka kolore ezberdin dituzten zapiak soinean, irailaren 8ro alarde parekidean parte hartzen. Kolore haina kide, kolore haina ezberdintasun, kolore haina indar. Urte hauetan guztietan etortzen den orori lekua eginez, urrats geldoz baina, jai parekideen norabidean. Zein arrazoi egon daiteke konpainia bati debekua jartzeko? Zein arrazoi izan daiteke udaletxera heldu eta harrera egiteko inor ez egoteko? Benetan hanka tartean dugunak erabakiko du jaietan gure parte hartzeko eskubidea?

Herria zauritua dago. Zaurituta dagoen herri batek soilik normalizatu dezake plastiko beltza ateratzea eta bere ondokoa iraindu, ukatu zein erasotzea. Zaurituta dagoen herri batek soilik onartu dezake emakumeen eskubide eza, lehenengo eta bigarren mailako herritarrak ezarriz. Botere eta pribilegioa edozein preziotan mantendu nahi duenak soilik eman diezaioke bizkarra eskubide urraketari, konponbiderako elkarrizketa zintzo eta eraikitzaile bati atea itxita.

Badirudi ezkutatzen dena ez dela existitzen. Hori egiten saiatu da aurten Hondarribiako alkatea den Txomin Sagarzazu; Jaizkibel konpainia ikusezin bihurtu nahi izan du ordu aldaketa bat proposatuz eta erdigunetik aterata bazterrera kondenatuz. Lotsagarria da Hondarribiako kaleetan ematen den egoera; baina are eta iraingarriagoa da Martxoaren 8an morez margotutako hitz

potoloak botatzen dituzten berdinen jarrera eta praktika ordutik sei hilabetetara, Irailaren 8an.

EAJren koherentzia faltarekin eta gezurrekin nazkatuta gaude. Bizikidetzaren izenean, udal erakundeek jai baztertzaileari harrera instituzionala egiten dioten bitartean, jai parekideari bizkarra ematen jarraitzen diote. Baina ez da elkarbizitza kontua, eskubide kontua da. Aurten keinu epel batzuk egon diren arren, instituzionalki baztertua izaten jarraitzen du Jaizkibelek.

Udalak herritar guztien ordezkari izan beharko luke, eta, hortaz, egungo gatazkaren konponbiderako urratsak bultzatu behar ditu elkarrizketarako bideak ahalbidetuz. Aurtengo alardea mugarria izan da. Inoiz baino kide gehiok desfilatu dute Jaizkibelen, inoiz baino txalo gehiago jasota. Inoiz baino giro lasaiagoa nagusitu da. Pozez ikusi genuen alarde parekide jendetsu eta koloretsua Hondarribiako kale nagusian. Zuetaz harro gaude, Zorionak!

Jarri berri dugun mugarri honen bidean, elkar aitortuz eta elkar begiratuz lanean jarraituko dugu.

Eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen, urtez urte, Euskal Herria feminista baten alde borrokan jarraitzen duzuen guztioi. Herritar guztiek komunitatearen ospakizunetan askatasunez parte hartzeko eskubidea bermatzen duen herria ez da inoiz hilko!

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA