Ekainaren 28an EHko mugimendu feministaren oharra

Ekainaren 28an, Euskal Herriko Mugimendu Feministatik honakoa adierazi nahiko genuke:


Hasteko eta behin, argiki adierazi nahiko genuke batetik, ekainaren 28a borroka eta aldarrikapen egun bat dela guretzat, oraindik asko baitago egiteko. Hori horrela, esan nahi dugu hainbat eremuetatik (politiko nahiz ekonomikoetatik) Lgtbi+ kolektiboaren merkantilizazioa eta despolitizazioaren aurka gaudela, eta bat egiten dugu, Euskal Herrian, aldarri horri lotuta lanean ari diren kolektiboekin. Nahikoa da! Gure bizitzak ez daude salgai! Bestetik, sexualitatearen dimentsio politikoa aldarrikatzen dugu, “pertsonala politikoa” delako, eta, hortaz, gure harreman sexu-afektiboak gai politikoak direlako.

Bestetik, eta zorionez, gero eta gehiago gara heteroaraua hautsi, eredu dikotomiko zurrunei disidentzia egin eta sexualitatea askatasunez eta plazerez bizitzeko hautua egiten dugunak: lesbianak, transak*, harreman ez monogamoak ditugunak, ama izatea erabakitzen dugun bikote lesbianak, ama izan nahi ez dugun emakumeak*, praktika sexualen kategorizazioari ihes egiteko hautua egiten dugunak... Guztiok, patriarkatuaren oinarria den familia nuklearraren nagusitasuna eta gailentzen den harreman eredua ezbaian jartzen dugu. Baina, horren aurrean, erasoak askotarikoak eta ugariak dira, halere, erasoen bortizkeria maila aldakorra da eta horietan, hainbat aldagaik eragiten dute, besteak beste: klaseak, arrazak, adinak, prekarietateak...

Eraso lesbofobo zein transfoboak nazioartean zein Euskal Herrian gertatzen dira, egunero-egunero. Eraso horiez jabetzeko ez dugu Londreseko autobusean gertatutako bi bolleren aurkako erasoari soilik begiratu beharrik (nahiz eta garrantzirik ez diogun kendu nahi), gure herrian, Euskal Herrian, egunero gertatzen dira, bai kalean, bai familian, bai enpleguan, bai instituzio publiko politikoetan... Hori dela eta, aurtengoan, gogor salatu nahiko genituzke, gure herrian, hala lesbianen aurka egon diren erasoak, nola transen aurkakoak, eta bereziki, pasa den maiatzean, Medeak talde transfeministako gure militante kide eta lagunaren aurka jazotakoa. Gure babesa, maitasuna eta elkartasuna adierazi nahiko genioke berari bereziki, eta, baita beste guztiei ere. Eta adierazi: borroka feministak eta transbollomarikak ez dutela etenik izango denak aske izan arte, gure bizitzek axola dutelako.

Amaitzeko, ekainaren 28an Euskal Herriko herri eta hirietan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatzen dugu, erasoen aurrean, autodefentsa feminista, antolaketa eta borroka!


GORA BORROKA FEMINISTA ETA BORROKA TRANSBOLLOMARIKA!!!


EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTA

 

 

Komunikatua jeisteko beherago.

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA