Maiatzak 1. Kapitala arrakalatu, zaintza lanak birbanatu!

Ez dago zalantzarik. Feminismoa da XXI. mendeko iraultz(ar)en motorea eta emakumeon* boteretzea eta antolakuntza ditu oinarri. Hala erakutsi dute azken olatu feministek. Iragan den martxoaren 8an, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren lidergotzarekin, 400.000 lagun baino gehiagok geldiarazi eta mugiarazi zuten herria. Emakumeon, bolleron eta transon bizitzak jarri genituen erdigunean eta mundu berri bat eraikitzeko mapa osatu genuen. Geldiezinak gara.

Pitzatzen ari da fantasia kapitalista, pitzatzen ari gara. Kapitalismoak berdintasunaren eta ongizatearen promesekin limurtu nahi bagintuen ere, geroz eta autoritarioagoa, ultra-matxistagoa, kontserbadoreagoa eta arrazistagoa den proiektu neoliberalari eman dio bidea. Hori dela eta, areagotu da bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka. Besteak beste, bizitza merkantilizatzen ari dira, botere transnazionalak kontzentratzen eta herri ondarea pribatizatzen.

Euskal Herria “oasia” bailitzan, “ez gaudela krisian” dioten arren, erreprodukzio sozialaren krisia erroturik dugu gurean. Kapitalismoari planto egin eta alternatibak eraikitzeko misio liluragarrian gabiltza. Klase ikuspegia izan behar dugu gure borroka guztien muinean azaleko aldaketak ekiditeko. Klasearen harira, kapitalismoaren ulerkera tradizionala gainditzeko garaia da. Sistema ekonomiko bat baino gehiago da eta ezin dugu erreprodukzio soziala ikuspegi ekonomikotik kanpo utzi. Aintzat hartu behar dira kapitalismoak baliatzen dituen egiturazko menderakuntzak. Bestela esanda, klasea ez da soilik kapitalaren eta enpleguaren arteko gatazkan kokatzen; ekonomia araututik kanpo dauden gainerako harremanekin, arrazarekin, generoarekin edota jatorriarekin ere lotuta dago. Enpleguaren esplotazioa baino gehiago dago jokoan. Beraz, ezin dugu erresistentzia soldatapeko lanaren eremutik bakarrik antolatu. Era artikulatuan pentsatu behar dugu bizitzak sostengatzen dituzten prozesu ekonomiko guztiez.

Hori guztia kontuan izanda, langile klasea zabala eta konplexua da: musutruk lan egiten duten etxekoandreak; langabeak; prekarioak edota zerbitzuetako, eskoletako, zaintzako, nekazaritzako, bulegoetako emakume* enplegatuak; zein jendarte zibilean, auzo elkarteetan, migranteen harrerarako mugimenduetan, kulturgintzan antolatuta daudenak… Greba feministan ikusi genuen moduan, klase borrokaren motore dira. Zaintza lanek ahalbidetzen dituzte bizitza duinak eta bizigarriak. Hain zuzen ere, bizitzak sostengatzeko lan horiek dira bultzatzen ari garen trantsizio feministaren giltza. Erreprodukzio sozialaren inguruko borroketatik abiatu behar da langileon mugimendua. Adibidez, sektore feminizatuetako gatazketatik –zaharretxeak, garbitzaileak edota eskola-jantokiak, esaterako–, etxeko langileen borroketatik, osasungintzakoetatik, hezkuntza publikoan aurrera eramaten ari direnetatik, nekazarienetatik, lurra defendatzetik, etxebizitza eskubidetik… Nahiz eta kapitalismoak erreprodukzio lan horiek bigarren mailakotzat jo, ezin dugu joko- zelai hori onartu emantzipazio mugimenduok. Horregatik guztiagatik, maiatzaren 1ean, gure aldarri nagusia etxeko langileentzat doa. Izan ere, eurak pairatzen dituzte bizitza vs kapitala gatazkaren ondorio bortitzak. Erabateko esplotazio egoeran egiten dira zaintza lanak gure jendartean, soil-soilik pribilegioek urruntzen gaituzte horietatik. Hori dela eta, gure buruak interpelatu behar ditugu, baita politika publikoak diseinatzen dituzten erakundeak ere.

Ez da emakumeon* eta gizonen arteko zaintza lanen birbanaketa euskal erakundeen helburu estrategikoa. Inondik inora ere ez. Zaintza eskubidea modu unibertsalean sustatu ordez, eredu guztiz familiarista bultzatzen dute. Jakin badakite, jendartean hedatua dugun ereduan, pertsonon beharrak asetzeko, besterik ezean, ardura familiak hartuko duela. Erakundeek era eskasean, sexistan eta merkantilean “konpontzen” dituzte euren gain dituzten zaintza lanak. Gainera, nagusiki, azpikontratak erabiltzen dituzte. Etxeetako zaintza lanak etxetik ateratzeari dagokionean, emakume* etorkinen lanarekin ordezkatu ohi dugu familiako emakumeen* doako lana.

Hori gutxi balitz bezala, ez gaude prest lan horiek modu duinean ordaintzeko. Hauteskundeen atarian gauden honetan, ardura politikoa exijitzen dugu egoera larrian dauden milaka etxeko langileen egoera duintzeko. Datuek euren kabuz hitz egiten dute: EAEko etxeko langileen % 90a baino gehiago emakumeak* dira, eta etorkinak dira erdia baino gehiago. Kontraturik gabe egiten du lan % 25ak eta gehiengoa etxe-barneko langilea (interna) da. Hainbat zerbitzu publiko desagertu direla-eta, gorantz egin du sektore horrek.

Beraz, M8ko greba feministaren aldarrikapenak gogora ekarriz, zaintza lanen birbanaketa nola eman pentsatzen hasi behar dugu, baita Mugimendu Feministan ere: zaintza lanen zer zati utziko dugu merkatuaren esku, zer erakunde publikoen esku eta zer komunitatearen edo elkarri babesteko sareen esku. Gogoeta egin ehar dugu, batez ere, eremu horien artean zelako elkarguneak eta hibridoak sortu nahi ditugun ebazteko.

Helburua argia da, zaintza lanak, benetan, kolektibizatzea eta demokratizatzea. Herritar guztiontzako bizitza bizigarri eta duinak borrokatuko ditugu, maiatzaren lehenean bezala, urteko gainontzeko egunetan ere. Feministok ongi dakigu kapitalismoan ez dagoela bizitzak erdigunean jartzerik, horregatik diogu ozen: kapitala arrakalatu, zaintza lanak birbanatu!

GORA BORROKA FEMINISTA!

GORA LANGILEON BORROKA!

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA