Lan baldintza duinak etxeko langileentzat!

Matxoaren 30ean etxeko eta zaintza langileen eguna delarik, Bilgune Feministatik gure babes eta elkartasuna adierazi nahi diegu borrokan dabiltzan emakumeei. 

Gure irakurketa plazaratuz gain, bihar Bilbon deitutako mobilizazioetara parte hartzera animatzen zaituztegu. 

 

Bizitzak erdigunean jarri nahi ditugulako, gora etxeko langileen borroka! 

LAN BALDINTZA DUINAK ETXEKO LANGILEENTZAT

Martxoak 30, etxeko langileen nazioarteko eguna

 

Etengabe etekina handitzea helburu duen sistema da kapitalismoa, eta heteropatriarkatua ezinbesteko ezkongaia dauka xede horretan aurrera egiteko. Hala, industrializazio garaitik bi eremu zatikatu ditu: Produktiboa, lan indarraren truke soldata bat jasotzeko enpleguarena; eta erreproduktiboa, gizakion bizitzei eusteko zaintza lanak muxutruk egiteko egitura. Jakina denez, bi espazio hauek sexuaren araberako lan banaketan oinarritzen dira eta emakumeoi* aitortu eta ez ordaindutako lanak egotzi zaizkigu.

Baina kapitalismoak zaintza lanak merkantilizatu dituenean, miseriazko enplegu prekarioa sortu du, bizitzaren beharrak pribatizatuz eta emakume* langileon esplotazioa baliatuz etxeko nahiz zaintza lanetan negozioa egiteko. Horrela, emakumeok* egiten ditugun doako lanez gain, bereziki prekarizatuak dauden zenbait enpleguetan gaude: etxeko enplegua, umeen zaintza, 3. adineko egoitzetan, garbiketa enpresetan, etxez-etxeko arreta zerbitzua… 

 

Iragan den martxoaren 8an atzera bueltarik ez duen urratsa eman genuen bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa eskatzeko. Zaintza lanaren gatazka erdigunean kokatu genuen, bere berrantolaketa soziala aldarrikatzeko. Zaintza denon eskubide bat da, eta ezin du zapaldutakoon bizkar gainean uzten den zama izan. Gaur egun, ordea, soilik pribilegioak (genero, jatorri edo klasearen araberakoa) aldentzen gaitu bizitza mantentzeko beharrezkoak diren jarduera horietaz. Bada, politika publiko guztietan, harreman komunitario zein familiarretan, zaintzaren ardurak eta lanak birbanatzea zeharkako helburua izan behar da, hauek gure antolaketa sozialaren oinarrian kokatzeko.  

 

Martxoaren 30ean, Etxeko Langileen egunean, greba feministan Euskal Herriko Mugimendu Feministak egindako hainbat exijentzia politiko berreskuratu nahi ditugu:

 

  • Lan araututik kanpo emakumeek* egiten dituzten enpleguak lan eskubideez eta negoziazio kolektiborako tresnez hornitu!
  • Bizitzaren sostengurako ezinbestekoak diren lanen aitortza politiko eta soziala! Lan horiek gabe jendartea pikutara doalako. Gure lanek eta bizitzek balio osoa dutelako.

 

  • Etxeko enplegua balioa, aberastasuna eta ongizate soziala sortzen duen jarduera ekonomiko gisa aitortzea. Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako gobernuaren eskutik, Lanbide, Nafar Lan Sare, Osalan, ISNL zein Enplegu sailetik jasotzen dugun diskriminazioarekin amaitzea. Botere publikoek sektore horretako kontratazioan esku hartzea: kontratazio agentziak kontrolatzeko, lan baldintza duinak ezartzeko (lan inspekzioen eta neurri eraginkorren bitartez) eta lan osasuna bermatzeko.
  • Barne etxeko langilearen figura desagertzea. Lan baldintza onartezinak eta salbuespenezkoak direlako. Nabarmendu beharra dago etxeko barne langileen egoera (etxean lo egiten dutenen egoera): Bere lan eskubideak ez dira ia inoiz betetzen eta lan baldintzak onartezin eta salbuespenezkoak dituzte. Gainera, zenbait estatistikaren arabera, 2017an etxeko barne langileen %16k ez zeukan paperik. Esplotazio egoerak ahalbidetzen dituzten agentzia banpiroek kontratatzen dituzte, edo, bestela, kontratatzaileek eurek zuzenean bere zaurgarritasun egoera biderkatuz.

 

GAUR ETA EGUNERO, GORA ETXEKO LANGILEON BORROKA!

GORA BORROKA FEMINISTA!

 

 

2019ko martxoaren 30ean

Euskal Herriko Bilgune Feminista

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA