Sara Majarenasek eta Izarrek «aske eta beldurrik gabe» bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu dute

Elkartasun osoa adierazi nahi diogu Sara Majarenas eta haren alaba Izarri, Picassenteko epaitegiak haurraren erasotzailea epaiketara bitarte aske uztea erabaki ostean

 

 

Guk argi daukagu indarkeria sexistak dimentsio anitz badituela adierazten dugu eta baita haurren kontrako bortizkeria sexistak ere: eraso fisikoak, psikologikoak, arduragabekeria fisikoa eta emozionala eta sexu-abusuak. Egoera lazgarri horietako bat da zuzeneko indarkeria, eta horren muturreko adibide dugu Valentzian gertatutakoa, dispertsioaren ondorioz zegoen Sara Majarenas euskal presoaren alabaren aurka, haren bikotekide ohiak egindakoa. 

Euskal Herriko azken erailketa matxistek eta orain, kasu honek erakutsi berri dute judizialki salatzeak ez duela bermatzen emakumeoi* babesteko bitarteko nahikoa ezartzea.  Gainera, ezin dira ahantzi polizia-etxeetako eta epaitegietako joerak: emakumeoi* sinetsi ez, jazotakoaren erantzule egin eta berbiktimizatzen gaituzte. Ez gaude prozesu judizialen erdigunean. Erasotuon –eta inguruaren– beharrak eta baldintzak kontuan hartu ordez, prozedura zurrunak jarraitzen dira. Ez dira kasuan kasura egokitzen. Hori dela eta, hutsuneak daude erreparazio ibilbideak eraikitzerakoan, aske bizitzeko bermeak lortzerakoan edota babestuak sentitzean; babes legala ematean askatasuna mugatzen baitigute. Ondorioz, kasu asko ez dira judizialki salatzen, gogorra baita prozesua bera. Horregatik guztiagatik, salatzen dugu indarkeria matxistaren inguruko diskurtsoetan dagoen zurikeria politikoa.

Erasotuon erreparazioan eta babesean jarriko du fokua nahi dugun justizia ereduak. Min sortzailearen ardura eta birgizarteratzea bilatzeaz gain, ez errepikatzea bermatuko du. Ez dugu nahi zigorraren paradigma hutsa birsortzen duen (in)justizia. Horretarako, funtsezkoak dira emakumeon* sinesgarritasuna, testigantzen balioa eta jazotakoaren aitortza. Gainera, beharrezkoa da prozesuaren erdigunean erasotua jartzea, bere beharrak, askatasuna eta erritmoak aintzat hartzea.

Horregatik guztiagatik, espetxe politika ankerra hau salatzeaz gain, gatazka politiko armatuaren konponbidean preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea lehentasunezko urrats bat dela deritzogu, eta horretarako, konpromiso eta borondate politikoa exijitzen diegu bai espainiar, bai frantziar, eta nola ez, euskal gobernuei.

Gainera, gogor eta ozen salatu nahi dugu azken eraso hau eta gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diogu Sarari eta bere senideei, eta gure indarra alabari momentu zail eta erabakior hauetan. Indarkeria sexistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen baitu; ez direlako modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari baikara.

 

Sara, Izar, zuekin gaude! Maite zaituztegu!

 

Argazkia: Gara

ETIKETAK

Elkarbanatu!