MARTXOAREN 8AN GREBA FEMINISTARA!

Martxoaren 8ko grebaren planteamendua eta ardatz nagusiak aurkeztu ditu Mugimendu Feministak

Gasteizeko Talka espazio feminista okupatuan aurkeztu du mugimendu feministak martxoaren 8ko greba feministaren planteamendua. 

Aurkezpenean greba feministaren oinarrizko 5 gako azaldu dituzte. 

 

  • Zer da Greba Feminista bat?

Greba Feminista bizitzako esparru guztietan kokatzen da, soldatapeko zein doako lanetan, sexualitatean, kontsumo ereduan, familia eraikitzeko moduan, jakintzak ekoizteko eran, arrazakeriaren aurrean, edertasun ereduan eta zapalkuntza guztien aurrean. Beraz, Martxoaren 8an, transen, bolleren eta emakumeen bizitzak erdigunean jartzea da egunaren asmoa.

Horregatik, bost ardatzetan antolatu dute greba: pentsionista, ikasle, zaintza, enplegu eta kontsumo Greba Feminista izango da.

  • Zer eskatzen dugu?

Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa eskatzen dugu. Horretarako, zaintzaren “berrantolaketa soziala” aldarrikatzen dugu, alegia, pertsonen zaintza ez dadila zapalduen bizkarrean geratu. Finean, paktu sozial berri bat aldarrikatzen dugu.

Aurten, gainera, zaintzaren gatazkari zentralitatea eman nahi dio Mugimendu Feministak. Horregatik, etxeko eta zaintza lanetan, soldatapean zein modu doakoan, dauden emakumeekin* aliantzak sortzera, estutzera eta indartzera goaz eta lan hauek azaleratzeko moduak bilatzearekin batera.

Bestetik, Martxoaren 8an bertan, gizonei zaintza lanen ardura guztia modu autonomoan hartu eta antolatzea eskatzen diogu.

  • Zein da grebaren subjetua? Nork egingo du greba?

Emakumeak, bollerak eta transak, hau da, heteropatriarkatuak zapaltzen dituen subjektuak.Greba Feministaren subjektu guztiak ez gara emakume bezala izendatzen. Are gehiago, iruditzen zaigu emakume eta gizon kategoria patriarkalekin amaitu beharra dagoela. Beraz, emakume* hitza erabiltzerakoan, heteropatriarkatuak zapaldutako subjektuez ari gara.

Zalantzak argitze aldera, Greba Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitzen du. Egun honetan, beraz, Mugimendu Feministak hiri eta herrietan deitutako mobilizazioetan parte hartzera animatu dute eta ez beste eragile batzuk deitu dezaketen ekimenetan. Modu berean, Greba feminista dinamikaren irudi eta aldarrikapenak erabiltzera deitu dute sindikatu, alderdi edo beste edozein erakunderen sigla eta koloreen protagonismoa ekidituz. “Ez dugu Mugimendu Feministaren borroka inor xurgatzerik onartuko, ezta honen erabilpen alderdikoi edo korporatibista interesaturik ere”. 

  • Nola egingo da greba?

Aurreko urtean bezala, greba egiteko eta grebaren parte izateko hainbat modu egongo dira emakumeentzat*:

1. Lantoki eta ikasgeletan greba egitea.

2. Herri eta hirietako mobilizazioetara joatea.

3. Zaintzeari uztea eta, hori irudikatzeko, amantala balkoian eskegitzea.

4. Eskualde edo arlo konkretu batean greba antolatzea eta zabaltzea.

5. Besoko morea eta txapa ipintzea, grebarekin bat egiten dela adierazteko.

Hala ere, ez dute ahaztu nahi izan kontsumo greba batean aurrean gaudela. Beraz, Martxoaren 8an ez kontsumitzera deitzen dute Mugimendu Feministatik. “Greba Feministarekin eguneroko normaltasunarekin apurtu nahi dugu, hiriak, herriak eta auzoak geldiaraziz. Beraz, dena itxita egotea da helburua”.

  • Zeri egingo zaio planto Martxoaren 8an?

Egungo zapalkuntza sistema basatia ezin dugu termino bakar batekin definitu, beraz. Egitura eta sistema ezberdinei egingo diegu planto:

  1. Kapitalismoari planto
  2. Patriarkatuari planto
  3. Heteroaruari planto.
  4. Kolonialismoari planto 
  5. Kapazitismoari planto

 

 

ARGAZKIA: Hala Bedi

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA