Otras sindikatuaren estatutuak deuseztatu ditu Audientzia Nazionalak

Euskal Herriko mugimendu feministako eragile ezberdinok adierazpen bat sinatu dugu Otras sindikatuaren estatutuak deuseztatzen dituen Auzitegi Nazionalaren ebazpenaren aurrean. 

Adierazpena hurrengoa da: 

 

Adierazpen hau sinatzen dugun eragile feministok gure gaitzespena azaldu nahi dugu Otras sindikatuaren estatutuak deuseztatzen dituen Auzitegi Nazionalaren ebazpenaren aurrean. Honek esaten du “Ez da onargarria sindikatu baten jardun-esparruak hainbat ekintza barne hartzea, zeinetan horien izatea dela-eta, ezin duten baliozko lan kontratu bat izan, eta hori da besteren kontura egindako prostituzioaren kasua”. Historikoki emakumeek egindako jarduerak ez dira kontratu bidez arautu; sindikatuen sorrerak edo talde feministek lortu dute, hain zuzen ere, emakumeen zereginak ziren horiek lan bezala aitortzea. Prostituzioa lantzat hartu daitekeen edo ez eztabaidaz harago, argi daukagu gaur-gaurkoz eremu honetan muturreko esplotazioa ematen dela, eta horregatik beharrezkoak dira Otras bezalako sindikatuak, esplotazio hori azaleratzeko, lan sexualean jardun nahi duten horiek lan baldintza duinetan egin dezaten, eta trata egoera edo derrigortuak dauden horiek utzi ahal izateko.

 

Prostituzioaren abolizinista izan ala ez izan, ez dugu onartuko lan sexuala inguratzen duen esplotazio eta zapalkuntzaz arduratzen den sindikatu bakarra deuseztatzea. Auzitegi Nazionalak argudiatzen du sindikatu baten sorrerak proxeneten patronalen sorrera bultzatu dezakeela, jarduera bidegabe baten baldintzak negoziatzeko. Patronal hauek dagoeneko existitzen dira, eta zuek, auzitegi nazionaleko jaunak, badakizue eta onartzen duzue. Ostalari, artista edo esplotatzeko aukera ematen dien beste edozein mozorro daramate, bizi baldintza latzak sortzen jarraitzeko. Baina zuek inoiz ez duzue haien aurka joko. Ez die axola proxenetak ugaltzea, beraiei tanpa guztiak ahalbidetzen dizkiete. Zuek, langile sexualen izenean, derrigorrez prostituitutakoen izenean, pornoaren langileen izenean, hitz egingo duen antolakunde baten beldur zarete. Ez dituzue langile sexualen errealitatea eta lan baldintzak ezagutu nahi. Zuek sindikatuak ixten dituzue eta ez burdelak.

 

Horregatik gure babesa eman nahi diogu Otras sindikatuari, baita Auzitegi Nazionalaren erabakia salatu ere, Euskal Herrian ongi aski ezagutzen dugun auzitegi hori. Ongi aski ezagutzen dugu egunkariak ixteko, torturak ezkutatzeko, Altsasuko gazteria kondenatzeko duen gaitasuna, oraingoan Otras sindikatuaren estatutuak deuseztatzeko erabili duena. Badakigu ez dituztela, ez langile sexualak, ez derrigorrez prostituitutakoak aintzat hartu, erabaki honek betikoei mesede egiten baitie, eta ez dator emakume bakar bat ere prostituziotik ateratzea.

 

Prostituzioa lana den edo ez den eztabaida politiko bat da, eta feminismoen markoetan eman behar da. Auzitegi Nazionalak ezin du ebatzi prostituzioa lana den edo ez, jendartea eta jarduera honen parte direnak eztabaidatu beharko dute paktuetara ailegatzeko, gerora legeetan adieraziko direnak.

Euskal Herrian, 2018ko azaroaren 22an

ETIKETAK

Elkarbanatu!