Sara Fernandez gogoan

Sara Fernandezen heriotzaren urteurrena datorrela eta, Iruñerriko BIlgune Feministak irakurketa bat plazaratu du.

Azaroaren 29an hamabost urte betetzen dira Sara Fernandez dispertsioak erail zuela. Gogora ekarri nahi dugu presoei ezarritako zigorra, haien inguruko senitarteko eta lagunei ezarritako zigorra ere badela, eta zigor horren ondorioz hil zela Sara. Azpimarratu nahi dugu, gainera, euskal presoen zaintza lanetan familiako edo inguruko emakumeek* hartu dutela sarri arduraren pisu handiena, asteroko bisitari izanik. Behin eta berriz zeharkatu ditu euskal gatazka politikoak emakumeon* gorputzak, eta behin eta berriz pairatu ditugu gure gorputzetan dispertsioaren eraginak, Sararen kasuan bezala.

Horregatik, Iruñerriko Bilgune Feministak Sara gogora ekartzeko ArrAZoiak plataformak antolatu dituen ekitaldietara joateko deia egin nahi du; azaroaren 28an 19:00etan Katakraken egonen den ekitaldira eta 29an 13:00etan Baratxuri plazatik eginen den manifestazio eta ondorengo omenaldira. Babes osoa eskaini nahi diegu beste behin Sara Fernandezen senitarteko eta lagunei, baita astero-astero kilometroak eta kilometroak egin behar dituzten presoen senitarteko eta lagunei ere. Herri hau bakean biziko bada, presoak etxean eta aske behar ditugu, dispertsioa gure ondorengoei kontatuko diegun amesgaizto bat izan dadin etorkizunean. Bitartean, behar beste aldiz oihukatuko dugu: hau ez da gure bakea!
Iruñerriko Bilgune Feminista Iruñean, 2018ko azaroaren 28an

ETIKETAK

Elkarbanatu!