Ez dago gure hitza epaituko duenik

Baldintzapeko askatasunean dira, orain bi urte, Iruñean neska bat bortxatu zituztenak.
 

Emakume batek 2016ko uztailaren 7an pairatu zuen erasoa, emakumeok* egunerokoan pairatzen dugun biolentziaren adibide bat baino ez da. Egunero jasaten dugu biolentzia sexista eta kasu baten
bereiztasunetan zentratzeak emakumeok* aurre egiten diogun errealitatea distorsionatzea eragiten du. Gertakari hauen inguruan testuinguratu gabeko irakurketa partzial bat egiteak, gainontzeko erasoei garrantzia kendu eta ikusezin bihurtzen ditu. Eta garrantzizkoena, erasotutako emakumea* berbiktimizatzen du fokua beregan jarriz, erasotzaileengan edo indarkeria sexistari bide eman eta sustatzen duten elementuengan jarri ordez, heteropatriarkatuan alegia.


Eraso honen eta bestelakoen artean izan den ezberdintasun bakarra,
gehiegizko esposizio mediatikoaren ondorioz izan da, argia izan baita,
emakume* guztiok jasaten dugun etengabeko zalantzan jartze sistematikoa gizonek gure aurka darabilten indarkeria salatzen dugunean. Auziprozesuak, komunikabide batzuen jardun lotsagarriaz elikatua izan denak, emakumea babestu ez eta ez errespetatzeaz gain, kasu hauetan agerian utzi du gu izaten garela epaituak. Beste behin ere, prozesu hauetan gertatu ohi den bezala, emakumearen berbiktimizazioan sakontzeaz gain, argi utzi digute biktima nahi gaituztela, gure bizitzak berregiteko aukerarik gabe.


Eraso honen kasua, sabuespena balitzan jokatzen badute ere, ez da
gertakari isolatu bat. Biolentzia kasu gehienak ez direla salatzen
gogoraraztea beharrezkoa da, eta ez da sentsibilitate falta ala erasoa
aitortzeko beldurragatik, emakume* gehienok prozedura judizial bati aurre egiteak dakarrenaren jakitun garelako baizik.


Duela aste batzuk ateratako epaiak gure bizitzak arriskuan jartzen ditu, indarkeria edo intimidazioa egon dadin emakumeok* aktiboki kontra egin behar dugula ulertaraztera eramaten baitu. Erresistentzia aktibo hori exijituz, erasoak biolentoagoak izatera garamatza, gure bizitzak are eta arrisku handiagoan jarriz. Bestelako delituetan ez bezala, adibidez, persona bati kutxazain itxi batean atera berri duen dirua lapurtzean, justiziak egoera horretan intimidazioa dagoela iritzi baitu. Hala ere, kasu honetan ez da intimidazioa egon denik jo, emakumea* bakarrik, portale batean eta aldi berean bost gizonek erasotua izan denean. Justizia heteropatriarkarrak jabetza pribatua emakumeon* eskubide eta gorputzak baino gehiago zaintzen du.


Ezinezkoa da, justizia argiki heteropatriarkar honek, lege matxista eta
atzerakoiak exekutatzen dituenak, emakumeei* justizia minimo bat eta
erreparazioa eskaintzea. Ez honetan, ez beste edozein kasutan ere.
Hala izanik ere, eta zigorraren logikaren baitako balorazioetan sakondu gabe, garrantzizkoa deritzogu, nabaria den inpunitatea azpimarratzea, atzoko erabakiarekin (erasotzaileak aske uztea) oraindik ere ageriago geratzen dena. Mugimendu feministak eraso hauen gaitzespen soziala lortu duen bezala, beharrezkoa baita epaitegietatik ere arbuio hori argi uztea. Bistakoa baita sistema heteropatriarkar honek emakumeen kontrako indarkeria sortu eta iraunarazten duela.


Eraso hau ez da gertakari isolatu bat izan, ez da eraso isolaturik. Ez dira
espontaneoki gertatzen diren kontuak, eta ez dira gaitza edota zerutik
datorren halako zigor jainkotiarra, eta haren kontra egitea ezinezkoa den
zerbait. Emakumeok* jasaten dugun biolentzia sistematikoa da eta gizonek emakumeekiko* dituzten botere harremanetan oinarritzen da,
desberdinkeria eragiten dutenak. Sistema heteropartriakarrean errotzen den desberdinkeria, inposatua izan zaiguna eta betikotzeko indarkeria erabiltzen duena. Hala, biolentzia hau unibertsala ere bada, emakume* guziok jasaten baitugu gure bizitzetako esparru guztietan, Iruñean edota munduko beste edozein tokitan.


Ezinbestekoa zaigu gure artean antolatu eta aliantzak sortzea, erasoei aurre egiteko sareak ehunduz eta bat bera ere erantzunik gabe utzi gabe. Gure elkartasun osoa adieraziz gutako batek eraso bat pairatzen duen aldiro.


Mugimendu Feministatik autodefentsa feministaren aldeko apustu argia egiten dugu, indarkeria sexistaren aurka egiteko tresna integral eta eraginkorra izanik. Emakumeen* kontrako indarkeriaren gaitzespenean gizartearen inplikatuko duten erantzun sendoak ematen jarraitu behar dugu. Adi mobilizazioetara! Euskal Herria kalera!!!

EZ DAGO GURE HITZA EPAITUKO DUENIK!
GORA BORROKA FEMINISTA!!!


Lerro hauek Iruñerriko Mugimendu Feministak orain aste batzuk kaleratutako irakurketatik ateratakoak dira.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA