Bagara, bagaude, bagoaz

Irudia eta diseinua: Maitane Gartziandia Agirrezabala

Emakumeak* gara, transak*, butch-ak, maritxuak, bollerak, kaskarinak, arrazializatutako gorputzak, arauz kanpoko funtzionaltasuna daukagunok... Sexualitatearen disidenteak gara, sistemak zokoratutako horiek gara...

Ez gara merkantzia baliagarria eredu heteropatriarkal honentzako. Txueka eredua, gay friendly eta antzekoen bitartez xurgatu ditu sistemak gure identitateen izaera politikoak, eta, baita, kontsumo-gai bihurtzen saiatu ere. Bi aukera ditugu, beraz: Asimilatuak izan, euren gurpilean sartu, borroka historikoak isilarazi, despolitizatzea eta zuritzea; edo bazterketa. Baina gu ez gaude salgai!

Zergatik da errazagoa kapitalismoaren beharrak asetzen dituen iruditik gertuen zaudenean bollera izatea, adibidez? Isilik eta ikusezin jarraitu ala heteropatriarkatuaren arauak onartu. Beste aukerarik ez daukagu: Morbo izan eta espektakulu bihurtu, ikusgabe egon ala gure praktikekin sistema arrakalatzea; baina guk aspaldi egin genuen aukera!

Errealitatea da, ordea, bai transfobiak, bai heteroarauak erasotzen, kolpatzen eta erailtzen gaituztela. Gogoan ditugu, hortaz, LGTB+ aktibista erailak. Heteroarauak eraildako guztiak bizirik! Marielle, Matheus/a, Kleo, Ekai... eta bidea ireki zenigutenak, presente!

Praktika sexual hegemonikoak irudipenaz eta sormenaz iraultzen ditugunak gara, sistema heteropatriarkala plazeraz leherrarazten dugunak, familia nuklearra eta bizitzaren pribatizazioan oinarritzen diren eredu hertsien desobedienteak gara. Bagara, bagaude eta bagoaz!

 


Deskargatu, beherago, eskuorriko hausnarketatxo hau euskaraz eta gazteleraz

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!