Huelvako langile marokoarrekin elkartasuna

Marokoko 300 emakume baino gehiago kaleratu eta espainiar estatutik kanporatu nahi izan zituzten euren esplotazio egoera salatu ostean. Huelvan gertatu zen, Dañona 1989 enpresa egin du honen erantzule SAT sindikatuak. Iturri honen arabera, marokoko emakume nekazari hauek esplotazio egoeran lan egin beharra eta sexu erasoak salatu zituzten, eta handik gutxira lanetik bota eta espainiar estatutik kanporatu egin dituzte.

Emakumeen Mundu Martxak ondokoa adierazi du, egoera honen aurrean:

Aski da! Ezetz esaten diegu esplotazio egoerei eta Hegoalde globaleko pertsonak lan esku merke bezala hartzeari. Aski da! 

Gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu, Huelvan, euren esplotazio egoera salatu duten Marokoko emakume nekazariei.

Badakigu Hegoaldeko herrialdeetako emakume migranteen egoera oso latza dela. Kasu honetan, marokiarrek espainiar estatuan sartzeko dituzten zailtasunak ikaragarriak dira: hamarnaka kilometroko harresi bat dute igarotzeko, alanbrez eta puaz josia. Huelvan lanean ari ziren emakume hauek kontratuak sinatu zituzten Marokon, eta bertan espainiar estatuko egonaldian behar zutena bermatuta zutela zehazten zen. Andaluziar herrira heltzean baina, beste baldintza batzuekin egin zuten topo: ura eta argia ordaindu beharra, baldintza eskaseko etxebizitzak, 6 pertsonako egongeletan bizi ziren, pertsianarik gabe, haize egokiturik gabe, eta itukinak nonahi zituztela.

Kontratu hauek ez betetzea salatzeaz gain, sexu erasoak ere salau dituzte Marokoko emakume nekazariek. Zehazki, beraien arduraduna zen 47 urtelo gizon batek egindako sexu erasoak. 

Argi dugu espainar estatua honen guztiaren konplizea dela. Bera da emakume nekazari hauen esplotazio egoeraren arduraduna.

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxarik nekazaritza eta elikadura enpresa hauek erabiltzen duten indarkeria salatzen dugu. Emakume migrante hauen gorputzak zeharkatzen dituen indarkeria. Egoera administratibo erregularrean dauden pertsona hauetaz baliatzen dira iparraldean kontsumitzen duguna ekoizteko. Migrante izateagatik esplotatzen dituzte, langile izateagatik, eta noski, emakume izateagatik.

Hegoaldetik datozen pertsonak, bizirauteko besterik ez dutelako, onartzera behartuta dauden lan kontratu prekario eta esplotatzaileak salatzen ditugu.

Eta estruktura kapitalista, kolonialista eta patriarkar honen parte diren iparraldeko estatu eta industriak egiten ditugu honen guztiaren erantzule. Bereziki, bere ekoizpena Hegoaldeko emakumeen esplotazioan  oinarritzen duen elikagaien industria.

Pincha aquí para leer la lectura en castellano

 


Entzun hemen Lur eta Murmur-eko honi buruzko saio interesgarria, bertako kide batekin, lehen eskuko informazioa edukitzeko.

ETIKETAK

Elkarbanatu!