Feministok gerrari planto

Gerrari planto egin genion igaro den astean, Euskal Herriko Mugimendu Feministatik. Beherago duzu larunbateko kronika eta prentsa oharra.

Gerrari planto! esan du Euskal Herriko Mugimendu Feministak Getxon eta bertoko armagintza salatu du gaur.


Getxo, 2018/05/26


“Feministok Gerrari Planto!” lelopean Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako martxa Bizkaiko Zubitik abiatu da eta Getxoko SENER enpresaraino iritsi da gaur. Irmoki salatu dute gerra Euskal Herriko hainbat tokitan hasten dela, berton hain errotuta dauden enpresek armagintzarako egiten duten jarduna medio. Martxan “bortizkeria heteropatriarkalik gabeko munduaren eraikuntzaren” aldeko aldarria egin dute, Gerraren Aurkako Emakumeen nazioarteko Eguna ostegunean izan zela gogoraraziz.

Ehunka feminista abiatu dira gaur goizean Bizkaiko Zubitik, Areetan zehar Euskal Herrian dauden hainbat armagintza-enpresaren bidez gerrari egiten zaion ekarpena salatzeko. Martxa feminista antimilitaristan gerrateen kontra azaldu dira emakumeak, suntsipen eta heriotzaren aurka, gatazka garaietan emakumeak hartutako posizionamendu ausartez hitz egin digute eta, halaber, bakearen bidea eraikitzeko momentuetan feminismoaren presentziaren premiaz.

Feministek ozen salatu nahi izan dute Euskal herriko lurraldeetan armagintzaren negozioak duen presentzia; Euskal Herriko ehun enpresa inguruk parte hartzen du gerraren negoziorako industria militarrean ( Estas guerras son muy nuestras. Industria militar vasca , Txalaparta, 2016). Eta, gaurkoan, Sener Ingeniaritza hautatu dute salaketarako ikur gisa. Getxoko enpresa historikoa aditua da elektronika militarrean, bigilantzian, tiroketetarako sistemak eta misilen kontrolerako sistemak diseinatzen. Hori da, hain zuzen ere, enpresa horren marka; finean, heriotzarako teknologia eraginkorragoa izateko berrikuntza, eta, batez ere, sistema bat elikatzeko, non boteretsuak gerrarekin aberasten diren, zibilen artean eta herrietan miseria eta suntsipena eraginez, hondamendi naturalak eragiteaz gain. Hortaz, “Gerra hemen hasten da!” leloak
laburbiltzen du, batetik, gaurko mezua, eta, horren aurrean, “Feministok Gerrari Planto!” egin nahi izan diote, maiatzaren 24ko Gerraren Aurkako Emakumeen nazioarteko eguna izan zela gogoraraziz.

Salatu nahi izan dute, orobat, erakunde publikoen, gobernuen eta Bankuen papera gatazkei eta militarizazioari eusteko, baita gatazkei etekin ekonomikoa ateratzeko politikak ere.


Ikusmiran jarri dituzte, bukatzeko, enpresa transnazionalen rolak, herri osoak suntsitzen dituztelako, zibilen sarraskiak eragiten dituztelako eta horien defendatzaileak kriminalizatzen dituztelako sarri.

Bestalde, erreklamatu dute gastu militarren bukaera, eta, horrekin, arma-erosketarako, base militarren instalazioetarako, armadaren mantenurako eta halakoen azpiegituretarako erabilitako aurrekontu publikoen erabileraren bukaera. Eta, beraz, armadaren bukaera.
Proposamenak egin dituzte parte-hartze parekideak sustatzeko, bai gatazken prebentzio eta kudeaketa garaian bai gatazkek dirauten bitartean zein berauen ondoren, emakumeon eta gizonen arteko desoreka apurtu eta maila berean aritzeko beharra nabarmenduz. Horri lotuta, ezinbestekotzat jo dute gerretan emakumeek pairatutakoak onartzea, baita bakearen alde emakumeek historikoki egindako lana aitortzea ere.

Hezkidetza herrikoia eta bakerako hezkuntza dira feministen ikuspegitik aurrera egiteko bidea, eta biolentzia eta jarrera sexistak goraipatzen ez dituen sistema solidario bat eraikitzea da alternatiba bakarra; hortaz,
kontzientzia eta ardura kolektiboak hartzea, emakumezkoen gorputzekiko, askatasunarekiko, lurraldeekiko eta bizitzekiko mehatxuekin bukatzea.


Gerra, heteropatriarkatuaren muturrik bortitzena


Gerra eta bere bortizkeriaren kontra feministek bizitza erdigunean jarri eta bestelako munduaren eraikuntza aldarrikatu dute. Argi geratu da haien mezua: “Gerra hondamendia da, feminismotik aldarrikatzen dugun
bizitza jasangarri baten kontrako adierazpena. Gure herrian armak ekoiztu eta esportatzen direla badakigu, eta arma horien helmugak, industria militarrak behin eta berriz elikatzen dituen gatazkak dira. Feminismoak ez duelako emakumeok, gure gorputzak, gure bizitzak, gure askatasuna eta gure lurraldeak zapaltzen dituen eredu sozialik nahi”.


Orobat adierazi dute gerretan heteropatriarkatua esponentzialki biderkatzen dela infinitura arte eta emakumeon aurkako muturreko biolentzia, suntsiketa estrategiaren parte bihurtzen dela. Eta, fokua jarri
dute armadan; hain zuzen ere, gizartearen erakunde patriarkal garrantzitsuenetarikoa dela adierazi dute, gizon-emakume dikotomiaren berezko desberdintasunen adierazgarrienetakoa da: boterearen
hierarkizazioa, buruzagia eta bere dominazioa gurtzea, obedientzia, biolentzia fisikoa, kritikotasun falta, “mutilen” zirkulu itxia, eta abar. Indarrean eta agresibitatean oinarritutako maskulinitate eredu hori gazteen artean handitzen ari den erreferentzia dela esan dute, kezkatuta.

Bestalde, historikoki emakumeek gerraren gaitzak psikologikoki, sozialki, ekonomikoki eta fisikoki pairatu dituztela ekarri dute gogora. Izan ere, emakumeen bortxaketa masiboak gerraren parte integrala izan dira.
Emakumeak eta haien gorputzak gerra-harrapakin gisa hartuak izan dira batzuetan, besteetan txanpon-truke, gerlariaren atseden edota gudu-zelai gisa, besteak beste. Kasu horietan guztietan, emakumea
objektu-mailara beheratua izan da eta gizonaren jabetzatzat hartua.

Gerretan kapitalismoa eta patriarkatua bateratzen dira, interes ekonomikoak direlako gerrak eta euren makinaria guztia mantentzen dituztenak; gerrek landa eremuak suntsitzen dituzte eta, horrenbestez,
herritarren baliabide eta mantenu gaiak zapuzten dituzte. Horrela, pobrezia ekonomikoa areagotzen da, mendebaldearenganako menpekotasuna handitzen delarik. Gertakari hori enpresa eta transnazional handiek haien mesederako erabiltzen dute, gobernu eta instituzioen isiltasuna dutela medio. Kolonialismo basati horren areagotzea dela eta, emakumeak menpekoago bihurtzen dira.

Gerraren aurkako emakumeen eguna


1982. urtean, NATO-ren kontra emakumeek burututako borroken oroimenean, Bakea eta Armagabetzearen aldeko Emakumeon Nazioarteko Eguna ospatzen hasi zen, bereziki, Greenham Common-en egindako protesta eta ekintzetan parte hartutako emakumeen memorian. Izan ere, urteak dira feminismotik gerra eta armagintzaren negozioa arbuiatzea aldarrikatzen ari dela: Greenham-kideek egin zuten bezala Wipnet-kideek (Women in Peacebuilding) ere ekin zioten, Women in blackeko ahizpek egin bezala, beste askoren artean. Euskal Herrian, berriz, mugimendu feministak lehenengo urratsak eman zituen duela hainbat urte, NATO-ri uko egin zionean. Aipatutako protestak historiaren hainbat momentutan mantendu ziren (Golkoko gerran, Bosniako gerran emakumezkoen gorputzek pairatutako bortxaketa masiboak gertatu zirenean, edota Afganistango inbasioa salatu zenean, nahiz Ongi Etorri Errefuxiatuak bezalako dinamiketan ikuspegi feminista txertatuz…). Betiere antimilitarismoan, internazionalismoan eta elkartasunean oinarritutako ikuspegi batetik.


Euskal Herriko Mugimendu Feminista

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA