M8: Mugimendu Feministaren balorazioa

EMAKUMEOK* PLANTO EGIN GENUEN EGUNA

Zorionak Euskal Herria, zorionak martxoaren 8an kaleak bete zenituzten emakume* guztioi! Lehenik eta behin, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren izenean, eskerrak eman nahi dizkizuegu Greba Feminista egun historiko bihurtzea posible egin zenuten guztioi. Elkarlan eta antolakuntza-sare izugarria egin genuen Euskal Herri osoko auzo, herri eta hirien artean. Saretze-lan hori nahikoa arrakasta da berez, eta horrela azpimarratu nahi genuke. Berriz ere, martxoaren 8ko mobilizazio masiboek erakutsi zuten elkarrekin daukagun indarra. Gainera, berretsi egin genuen feminismoa beharrezkoa dugula gure bizitzetan eta gure egunerokoan, eta bide horretan jarraituko dugula hurrengo egun eta urteetan ere. Aske sentitzeko behar dugulako, gora borroka feminista!

Martxoaren 8 honek jauzi kualitatiboa markatu du Mugimendu Feministaren ibilbidean, eta hortaz bai kaleetan, bai agenda sozialetan zentralitatea hartzeko pauso sendoa dela uste dugu. Greba historiko honetan bakoitzak tokian tokiko gure erralitatetik erantzun diogu ofentsiba neoliberal globalari, eta horrek borroka honen aniztasuna eta elkar onartzeko gaitasuna erakusten du. Oinarritik antolatu gara, modu ireki, autonomo eta deszentralizatu batean, egitura handirik gabe. Planteamendu ireki honek feministon arteko sareak izan dira berme nagusi, eta ezberdinen arteko elkarlanak eta kontsentsuak ahalbidetu du Greba
Feminista aurrera eramatea, lidergotzak modu kolektiboan ulertuta. Pozez sumatu dugu borrokara batu zaigun gazteen uholdea, eta are gehio pozten gara, uholde honek ez duelako suposatu helduagoen irteera.

Greba belaunaldien arteko zubiak sendotzeko baliatu dugu, eta urteetako ikaspen historikoak, gazteen freskotasun eta erradikaltasunarekin elkar elikatu dira. Berriz ere aldarrikatu nahi dugu greba eredua birpentsatu dugula. Greba Feminista ez da soldatapeko langilearen subjektu politikora mugatu. Greba honek bizitza izan du oinarria, ez merkatua, eta hortaz, bizitza erreproduzitzeko behar diren lan edo jardueretan egin dugu greba. Horrek ez du kendu alderdi laborala, eta sindikalismoaren eta feminismoaren arteko harremanean sakontzeko baliatu dugu aukera hau, bide horretan lan asko baitugu egiteko.

Azkenik, gure aniztasunaz jabetzeko eta norberaren pribilejioak errebisatzeko eguna ere izan da Greba Feminista. Subjektu politiko anitza gara: emakume* kategoria binarismotik haratago ulertzen dugu eta garrantzitsua iruditzen zaigu emakumeon* artean dauden desorekak izendatzera ausartzea, bakoitzak bere zapalkuntza posizio espezifikotik abiatu eta elkartzen gaituena indartzeko. Modu berean, zeharkatzen gaituzten pribilegioen ardura hartzeko beharraz konturatu gara, batez ere mugimendu dekolonial eta antiarrazistek egindako ezinbesteko ekarpenei esker. Asko dago egiteko, baino feminismoaren subjektu
anitzek gure borroka zabaltzen dute. Mugimendu emantzipatzaileok eremu sozialean transbertsalki hedatzeko erronka dugu: lan eremuan, auzo elkarteetan, etxeetan, espetxeetan, hezkuntzan, komunikabideetan… eta bide horretan urratsa eman dugu feministok.

Greba Feminista eta haren atzean dagoen prozesua lan handiaren ondorio da. Egun hau ez litzake posible Mugimendu Feministak urteetan zehar eta, bereziki, azken hilabeteetan egin duen elkarlanik gabe.

Lotsagarria iruditzen zaigu eta publikoki salatu nahi dugu zenbait alderdi politiko eta sindikatuk Greba Feministaren arrakasta bereganatu nahi izan dutela. Greba kritikatzetik, babes keinu hutsalak egitera pasa dira, baita gure borroka lideratze saiatzera ere. Argi dugu, ez dugu lidertzarik behar, eta are gutxiago gizon zuri kapitalisten laguntzarik. Zuen zurikeriak gure borrokatik at daude: feministok gure erradikaltasunean berresten gara. Hortaz, interes elektoralagatik egindako babes-keinu horiek salatu nahi ditugu, hain zuzen, botere kapitalista eta balio patriarkalak ordezkatzen dituzten horiek eginak direlako.

Martxoaren 8an emakumeok* historiaren atal berri bat idatzi genuen, eta ez dugu ezabatzen utziko. Badakigu hurrengo hilabeteetan komunikabide hegemoniko, enpresa, erakunde eta alderdi politiko askok feminismoa bereganatzen eta edukiz husten saiatuko direla, bere potentzialidade eraldatzailea ezabatzeko. Gure borrokaren antitesia dira eta, hortaz, ez diegu feminismoa lapurtzen utziko. Gure planteamendu politikoa ez da eliteentzako egina. Gure helburua ez da aberatsen zirkuluetan emakume gehiago egotea, baizik eta esplotatuenen alde borrokatzea: hau da, lana, aberastasuna eta bitarteko produktibo-erreproduktiboak
modu justu eta parekoan birbanatzea. Izan ere, guri kristalezko sabaiek baino, zoru itsaskorrek arduratzen gaituzte, prekarizatuenen errealitateek. Klase, genero edota arrazen araberako hierarkiak deuseztatzeko beharra dugu eta, horregatik, Euskal Herriko Mugimendu Feministak natura suntsitzen duen sistema heteropatriarkal, arrazista, kapitalista, kolonialista, honekiko haustura bilatzen du. Gure errealitatea irauli nahi dugu, eta horregatik markatu genituen 8an esplotazioaren ikur diren hainbat saltoki edo instituzio.
Hori dela eta, zenbait exijentzia egin nahi dizkiegu martxoaren 8ko arrakasta ikusita ahoa hitz politez bete zuten horiei. Gure borroka ez da erakunde eta instituzioetan oinarritzen. Hala ere, haien ekarpena lazo moreak erakusteko talde-argazkietan zentratu ordez, ekintza eta neurri politiko berriei ekin diezaieketela exijitzen dugu:

 

  •  Atzerritartasun Legea indargabetzea.
  • Sektore feminizatuetako prekarietatean esku hartze zuzena egitea.
  • Landa eremuan ari diren emakumeek* ere lan-baldintza duinak izatea.
  • Kontziliazio politika eraginkorrak garatzea: lan orduak murritzea eta amatasun-aitatasun baimenak luzatzea.
  • Zerbitzu eta prestazio sozialen sistema publikoan dauden murrizketekin amaitzea.
  •  Herritar guztientzako kalitatezko osasun publikorako sarbidea bermatzea.
  • Pentsio duinak bermatzea.
  • Enpresetako lan-harremanak ikuspuntu feminista batetik arautzea.
  • Fiskalitate-sisteman genero ikuspegia bermatzea.
  •  Merkatu askeko nazioarteko hitzarmenak gelditzea, TTIP-a esaterako.
  • Politika belizistekin amaitzea eskatzen dugu: gerrarik ez gure izenean!
  • Emakumeon* ugalketa eskubideak bermatzea, baina baita gure gorputzak kontrolatzera bideratutako politika natalistak eta bioekonomiak gehiago ez sustatzea.
  • Indarkeria matxistari aurre egiteko proposamen politiko integralak garatzea.
  • Emakumeon* parte-hartze politikoa bermatuko duten metodologiak garatzea, herritartasun berri bat eraikitzeko.

 

Baina ez ditugu, inondik inora ere, gure energia guztiak instituzioei begirako programa politiko baterabideratuko. Guk bizitza erdigunean jarriko duen jendartea nahi dugu, merkatua eta instituzioak  deszentratuko dituena. Honek jendarte-orden berri bat eraikitzea eskatzen du; sare pertsonal-afektiboak, familiak eta etxeak, merkatuak, erakundeak eta harreman komunitarioak berregituratzen dituen eraldaketa da gurea. Horregatik aldarrikatzen dugu, herriz herri eta auzoz auzo komunitatea josi behar dugula eredu merkantilistari aurre egiteko, autogestioa eta komunaren egitateak praktikara eramateko eta giza hartuemanak metaketa logikatik aldentzeko.


Martxoaren 8an mundua gelditu genuen, eta orain mundu hori eraldatzera goaz. Aurrera begira, gure erronka nagusia da M8an azaleratutako marea feminista politizatzea eta eraldaketarako subjektu aktibo
bihurtzea. Horretarako, Mugimendu Feministak proposamen politikoak zehazteko prozesu bat abiatuko dugu, oraingoan bezala, herriz herri sustraitua. Prozesu honetan zaintza, bizi denbora, lana, langile mugimenduaren borrokak eta militantzia politikoaren inguruko hausnarketak eta kontraesanak landuko ditugu, besteak beste. Prozesu honen helburua da Mugimendu Feministaren interlokuzio gaitasunean sakontzea, eta estrategia zehatzak garatzea, Euskal Herrian aldaketa feminista izan dadin.


Bizi dugun sistema honek otzanak, insolidarioak eta indibidualizatuak nahi gaitu. Baino guk
elkarrekikotasuna eta konpromiso politikoa dugu helduleku, sarri erakutsi dugun moduan elkarrekin indartsuago baikara. Martxoaren 8 honetan erakutsitako indarra eta elkarlana oinarritzat hartuta aurrera goaz: historia egin dugu, eta egiten jarraituko dugu. Gora borroka feminista!

EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTA

ETIKETAK

Elkarbanatu!