Historikoa izan zen

Hemen jasotzen ari gara aurtengo martxoak zortziren harira bildu ditugunak. Historikoa izan zeneko hura.

--

Beherago irakur dezakezu gure irakurketa.

M8 Emakumeok* grebara!

Sakatu hemen pdf-ak deskargatzeko (euskarazko irakurketa osoa eta laburpenak elebidun)

---

Mundua geldituko dugu, mundua mugitzeko

Emakumeok* greban!!!

2018 MARTXOAK 8

Aldaketaren arotzat jo dute hainbat jakintza esparruetako ikerlariek zein mugimendu sozialek XXI. mendea. Bistakoa da, azken urte hauetan guztietan, eraldaketa ugari jazo direla hainbat eremutan, besteak beste: elikagai eta kontsumo ohituretan, enpleguan, bizikidetza eta bakegintzan, iruditegi sozial eta kulturalean, bizi ereduetan, komunikazio moduetan... Horrez gain, gertatu dira bai kapitalismoaren ziklo baten amaiera, bai XX. mendeko instituzio zaharren gainbehera ere, hain zuzen ere, ongizate estatuarena eta baita, nola ez, patriarkatuak forma eta adierazteko modu berriak ditu gaur egun, eta, batik bat, larria dela uste dugu feminismoa asimilatu eta edukiz husteko egiten ari den ahalegina. Agerikoa da mundua aldatzen ari dela. Hori horrela izanik, feministok etengabe ari gara itsasontzia hondoratu ez dadin, lehorreratzeko ahaleginean; estrategia berritzaileak sortuta eta proposatuta.

Fantasia kapitalista pitzatzen ari da. Aurrerabidearen, berdintasunaren eta ongizatearen promesarekin limurtu nahi gintuen kapitalismo batetik, gutxi batzuentzako lekua besterik ez dagoela argi eta garbi aitortzen duen kapitalismo batera igarotzen ari gara. Sinestarazi nahi ziguten proiektu kapitalistaren baitan posible zirela oinarrizko eskubide politiko eta ekonomikoak izatea, zein sexu identitate eta jendarte demokratikoarekiko errespetua. Baina neoliberalismoaren sedukzio maskarak agerian gelditzen ari dira. Eta horrek zer esan nahi du? Emakume langileok, migranteok, bollerok... munduaren periferiara zokoraraztea eta indarkeriaren areagotzea, eta horren adibide dira: proiektu estraktibistak, errefuxiatuen aurkako ofentsiba, feminizidioak, ekintzaileen aurkako jazarpenak...Mahai gainean dugun proiektu neoliberal kapitalista gero eta autoritariogoa, kontserbadoreagoa eta arrazistagoa da, eta horrek, batez ere, honako bi ondorio nagusi dakartza: batetik, bizitza eta kapitalaren arteko gatazka areagotzea – besteak beste, bizitzaren merkantilizazioa, botere trasnazionalaren kontzentrazioa, ondare komunen pribatizazioa, bioekonomien hedapena...- eta bestetik, herritarren eskubideak deuseztatuz – batez ere, emakumeonak- eta murrizketak eginez, interes kapitalistak defendatzen dituen botere instituzionala gailentzea.

 

Eta Euskal Herrian zer?

Jada “ ez gaude krisian” dioskute, baina erreprodukzio sozialaren krisia erroturik dugu gurean. Alde batetik, bizitzaren prekarizarioa orokortzen eta larritzen ari da. Egoera honetan bizitzen sostengua eta zaintza berriz ere etxeen esku gelditu da, zehazki, emakumeek egiten dugun lan ikusezinaren esku. Bestetik bazterketa prozesuen areagotzea bizi dugu. Jada gatazka ez da “dutenen” eta “ez dutenen” artean ematen. Egungo bazterketa prozesuak jatorria, sexua, arraza eta beste hainbat zutabeetan oinarritzen da.

Hamar urte igaro dira kapitalismoaren askotariko krisiak eztanda egin zuenetik, eta dagoeneko ez dugu krisi hitzik ahotan, bizi baldintzen okertze orokortua normalizatzen ari baikara. Hori horrela izanik, berriki sortutako herritarren arteko bereizkeria forma berriez gain, zaharrak ere indartu dira. Hona jarraian, egun, ohikoak diren esapide batzuk: “ez dakit hurrengo hilean enplegurik izango ote dudan edo ez”, “alokairua ordaintzeko lain diru izango ote dut hurrengo hilean?”, “ 24 ordu egiten ditut lan eta nire bizitza pertsonala eta intimorako ez dut aukerarik”, “pentsiorik izango ote dut?”, “Ekilibrista dirudit enplegua eta zaintza ardurak kontziliatzeko”... Eta hori gutxi balitz bezala, prekarizazio egoera horien normalizazioaz gain, maiz egoera horiek legitimatzen ditugu norbanakoon arrakasta eta porrot modura, eta ez, berriz, prozesu kolektibo gisa. Bizitzen prekarizazioaren ezaugarri nagusia hauxe da: Bizitzeko beharrezkoak ditugun errekurtsoak lortzeko egiturazko segurtasun eza. Beharbada badugu sarbidea errekurtsoetara, baina ez dakigu aurrerantzean izango dugun bai ala ez, zenbat denboraz... eta hori gutxi balitz bezala, eskuratze hori ez dagoela gure esku eta ez dugula aski sare ehundua sostengatzeko. Horregatik, uste dugu sutsuki heldu behar diogula krisiaren ideiari, hori egin ezean, egiturazko bereizkeriak normalizatuko baititugu.

 

Baina... emakumeok* mundua geldituko dugu, mundua mugitzeko

Urte hauetan guztietan, mugimendu feministak etengabe gaurkotu ditu jendartean erroturik dagoen sistema kapitalista patriarkalaren baitako bereizkeriei aurre egiteko teoriak eta estrategiak, baina, batez ere, bi ekarpen azpimarratuko genituzke: bata, feminismoak sistema sozioekonomikoari aurre egiteko duen ikuspegi integrala litzateke; hori horrela, gure esperientzia ekonomikoan oinarrituta, ekonomia eta jendarte kapitalisten funtzionamendu ankerra ulertzeko gai gara, hain zuzen ere, emakumeon bizitzak ahalbidetu digute ikustea gu gaudela ekonomiaren zentroan. Aski badakigu, ekonomia ez da soilik enplegua edo arlo produktiboa deitu zaion hori. Eta bestea, produkzioaren alorrean zein erreprodukzioarenean dauden desberdinkeriak ezin direla askatu modu isolatuan. Sistema honi eman beharreko erantzunak beraz hainbat esparrutan egin behar ditugu.

Horregatik guztiagatik, martxoaren 8an greba feminista egitea deitzen ditugu Euskal Herriko emakume guztiak.

- Kapitalaren ofentsiba globalaren aurrean, askotarikook, hangoak eta hemengook, hemen eta han elkartuta egingo dugu greba.

- Ez gara lehenak, ezta azkenak izango ere, emakumeok greba asko eta askotarikoak egin izan ditugu eta. Bejondeizuela atzokoei, gaurkoei eta biharkoei!

- Greba tresna bat da guretzat, ez helburu bat. Zertarako?

  • Sistema menperatzaile, patriarkal, kapitalista, heteroarautzaile, misogino... horren aurrean, eraldaketarako eta konfrontaziorako subjektu politiko gisa agertzeko.

  • Ekonomiaren ezkutuko dimentsioak bistarazteko.

  • Elkar ezagutzeko, enpatizatzeko, babesteko eta nola ez, saretzeko eta aliantzak egiteko.

  • Kapitala entitate abstraktu bat ez dela salatzeko, izen abizenak eta aurpegiak dituztela agerian uzteko.

  • Ongizate kolektiboa bermatzeko ekonomia eredua sustatzeko.

 

- Greba TRANTSIZIO FEMINISTARAKO TRESNA da.

  • Gure borrokak lan esparrua, politika, bizitza eta ekonomia zeharkatzen ditu. Bizitzaren dimentsioa bere osotasunean barnebiltzen duen greba bat da hau. Bizi prekarietaren aurrean, ongi bizitzeko trantsizioa feminista hauspotzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu.

  • Eredu osoa aldatuko duten proposamen politikoekin aterako gara kalera, baita Bilgune Feministako kideok ere.

  • Burujabetza Feminista eraikitzeko egingo dugu greba. Burujabetzaren irakurketa erradikala egin dugu feministok, prozesu indibidual eta kolektibo gisa irudikatzen dugulako. Gure gorputzetatik herrira egin nahi dugu salto, bide bereizezinak direlako. Ezin dugu nazioa aldarrikatu gure bizitza alde batera utzita; eta alderantziz. Burujabe izatea gure gorputz eta harreman sexu-afektiboen jabe izatea da, osasuntsu egoteko bideak jorratzeko aukera izatea, bakea kolektiboki eraikitzeko, elikadura subiranoa izatea, energetikoki buruaskiak izatea, eskubide kultural eta linguistikoen jabe izatea, hezkuntza sistema propioa eta kalitatezkoa izatea, oinarrizko behar materialak asebetetzeko baldintzak izatea. Emakume, bollera, trans, migrante, gazte edo zahar gisa aske izatea da burujabetza feministontzat.

 

Euskal Herriko Bilgune Feminista

Euskal Herrian, 2018ko otsailean

 

---

Zabaldu informazioa!

Mugimendu Feministaren balorazioa bere jarraipen blogean

Bilgune Feminista hedabideetan:

Berriako artikulua Amaia Zufiari

Argiako artikulua Naia Torrealdairi

Berriako artikulua Uzuri Aboitizi

Info7ko irratsaioa Saioa Iraolarekin (16 min)

Talaiatik (Info7) - Irati Gonzalezen kolaborazioa (3 min)

ETIKETAK

Elkarbanatu!