Hau ez da gure bakea

Azaleko argazkia: Naiz.eus

Xabier Rey Urmenetaren heriotza dela eta, Bilgune Feministaren oharra

HAU EZ DA GURE BAKEA!

Xabier gogoan zaitugu!

Xabier Rey Urmeneta euskal presoa hilik agertu da bere ziegan, Puerto III espetxean (Espainia), Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Iruñean jaioa da Rey, 2008an atxilotu zuten eta, geroztik, lehenengo graduan egon da (Berria). Bilgune Feministatik argi eta ozen salatu nahi dugu Xabierren heriotza. Dispertsioak eta isolamenduak, hau da, giza eskubideen urraketan oinarritutako espetxe politikak erail du Xabier.

Ukaezina da Euskal Herrian bake bidean urrats esanguratsuak eman direla hainbat arlotan, baina ez, aldiz, preso, iheslari eta deportatuen etxeratzeari begira, nahiz eta, Frantziako estatuak presoen hurbilpenari lotutako hainbat erabaki hartu dituen. Baina abagune politiko honetan, salbuespenezko neurriek ez dute lekurik: ez isolamenduak, ez lehenengo graduak, ez dispertsioak...

Bakegintza herri honen zein bertako herritarron burujabetza prozesuaren barnean kokatzen dugu, elkarrekin egin beharreko bide gisa, alegia. Bakea izan dugu hizpide azken urte hauetan gure herrian, eta ezin uka genezake gatazka politiko armatuaren konponbidean, urrats garrantzitsua eman dugula ETAren aramagabetzearekin kasu. Baina, hemen ez da ezer amaitzen, ETA erakunde armagabetua den arren, bakea eta bizikidetza prozesua abiarazi behar dugu; biktima guztien aitortza, erreparazioa, memoria, justizia eta preso eta iheslarien etxeratzea oinarri izango dituena. Bide luzea dugu aurretik, bakea hori baino gehiago baita. Eta norabide horretan, gizarte zibila osatzen dugunok bakea, segurtasuna, memoria, justizia, aitortza, desmilitarizazioa, erreparazioa eta gizarte zibilaren beraren osaketa kolektiboki birdefinitzen gabiltza eta segi behar dugu.Bide horretan, Bilgune Feminista, eta, baita beste hainbat eta hainbat eragile ere, konprosimo horri jarraiki ari gara lanean.

Horregatik guztiagatik, espetxe politika ankerra hau salatzeaz gain, gatazka politiko armatuaren konponbidean preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea lehentasunezko urrats bat dela deritzogu, eta horretarako, konpromiso eta borondate politikoa exijitzen diegu bai espainiar, bai frantziar, eta nola ez, euskal gobernuei. Horrez gain, Xabierren erailketa salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatu nahi diegu euskal herritar guztiei, bake bidean giza eskubideen errespetua oinarrizko abiapuntua baita. Amaitzeko, saminean lagun izan nahi ditugu Xabierren senide eta lagunak.

Lehentasunez, denak etxean eta bizirik nahi eta behar ditugulako, euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera!

----

Emakumeen* grebak ere idatzi txikia atera du gertakari honen karira. Irakurri irudian sakatuz.

 

ETIKETAK

Gatazka

Elkarbanatu!

AGENDA