Osatze feminista: Elkar sendotzeko tresna

Beherago ikus dezakezu Miren Aranguren kideak idatzitako iritzi artikulua, osatze feministari buruzkoa. Oraindik ez daukazu argi zertan den? Irakurri eta animatu urriaren 10ean Donostiko Gladys Eneara!

Gutxi batzuek jakingo dute zer esan nahi duen osatze feministak; izan ere, azken bi urteotan Euskal Herriko Bilgune Feministak (EHBF) plazaratu dugun behar berria da: zapalkuntza sistemek sortzen dituzten minetan arreta jartzeko ariketa.

Gorputza dugu lehenengo lurraldea, baina ez da territorio librea. Bertan jaio eta hiltzen gara eta gure bizipenak, sentsazioak edo bizi gertaerak gure gorputzaren memorian barneratzen dira. Horregatik, askatu beharreko materia dela uste dugu. Askotariko zapalkuntza sistemek, urteetan, eragin zuzena izan dute gure soinean, komunitatean eta herrian; samin, zauri eta orban ugari sortu dizkigute eta, horiekiko guztiekiko, ez dugu taldean lanik egin.

Ondoez fisiko zein mentalak medikuntza ofizialean sendatzeko hautua egiten dugu. Norbera da, gaixorik sentitzen denean, sendagilearengana joaten dena eta bere erara konpontzen saiatzen dena. Bakoitzak bere kasa egiten du bidea: izan ofiziala eta publikoa; izan alternatiboa eta pribatua. Azken hori asko zabaltzen ari da garaiotan: non-nahi ditugu sendabide berriak proposatzen dituzten iragarkiak; gero eta jende gehiagok erosten du belar dendetan; Bach loreak, yoga, Chi Kung, kinesologia edota reiki hitzak bolo-bolo dabiltza. Guk geuk bakarrik bilatzen dugu bidea eta gure poltsikotik ordaindu.

Horregatik, eta sendatzeko bitartekoak taldeka elkarbanatzeak indar handia duela sinesten dugulako, uste dugu elkarteen baitan pertsonon zaintzak ildo estrategikoa izan behar duela. Ez dugu ukatzen norberaren ibilbidea, baina osatzearen kemena biderkatu daitekeela iritzi diogu. Sinisten dugu dena taldean egitea errazagoa dela, baita sendatzeko bideak topatzea ere. Ni osatzean zu osa zaitezke, eta alderantziz; zu osatzean gu osa gaitezke.

EHBF botika berri bilakatu nahi dute. Dena dela, argi utzi nahi dugu 15 urteetan bilgunearen baitan zaintzak izan duen garrantziari jarraikiz egin nahi dugula: zaintza kokatu nahi dugu gure militantzia ereduaren nahiz amesten dugun herri antolaketaren erdigunean. Patriarkatuak lana sexuaren arabera banatu du eta eremu publikoa eta pribatua erabat autonomoak direla sinetsarazi digu. Bizirauteko eta norberaren zein komunitatearen osasunerako, ezinbestekoa da besteekin hartu-emana edukitzea eta denok onartzea elkarren mendeko izakiak garela; izan ere, bizitzak zaurgarriak dira. Askotarikoak dira bakoitzak metatzen ditugun ahuldade, behar eta nahiak eta, horregatik, besteon beharra dugu.

Lotura kolektibo sakonak egiteko beharraz ari gara; enpatia erradikalaz, hainbat autoreren hitzetan. Bizi prozesu, une zein esperientzietan arreta jarri nahi dugu osasunez militatzeko; ezagutza indibidualak partekatu nahi ditugu kontsumo eredu basatia baztertu eta jakintza berriez gozatzeko; kultura-natura dikotomia gainditu nahi dugu arbasoez eta inguruaz ikasteko. Azken finean, zapalkuntzek sortutako ondorioak aitortu eta horiek guztiak gaurdanik landu nahi ditugu gorputzak gudu zelai izateari zuteko.

Urriaren 10ean Gladys Enean zita dugu. Borroka, bizi onez borborka lelopean, herri mugimenduetan osatze prozesuak gauzatzeko ditugun aukera, oztopo eta erronkez aritu nahi dugu. Eta noski, gonbidatuta zaude.

ETIKETAK

Elkarbanatu!