Nekane Txapartegiren espetxean zegoenean

Iturria: Aiurri

Argazkia: Aiurri

 

Nekane Txapartegiri elkarrizketa egin zioten Aiurri hedabideko kideek, espetxetik atera baino egun eskas batzuk lehenxeago. Hementxe dituzu aurrerapen bat eta osorik irakurtzeko lotura (beherago).

Zorionak askatasunagatik, Nekane! Hurrengo geltokia... Euskal Herria!

(...)

Lehen atxiloaldian, inkomunikatuta egon zinen bitartean, torturatua eta bortxatua izan zinela salatu zenuen... Hitz egin nahi al duzu garai hartaz?

Guardia zibilek Tres Cantosko komisarian nire gorputza beraien guda zelai bihurtu zuten eta ni suntsitzeko tortura sexista erabili. Legedi antiterrorista delakoak inkomunikazioren bitartez ematen dien inpunitate osoarekin nire aurka beraien arma guztiak erabili zituzten eta bizirik ateratzeko asko borrokatu behar izan nuen. Beraiek argi esan zidaten handik ez dela inor “kantatu gabe ateratzen”. lada Madrilerako bidean argi utzi zidaten nahi zutena egin zezaketela nirekin. Kotxean sartu orduko hasi ziren golpeak, mehatxuak, galdeketak... Etxegarate inguruan baso batera eraman ninduten arrastaka eta bertan exekuzio bat antzeztu. Begiak plastiko zaku batez estaliak, hankak eta eskuak lotuta belaunikatu arazi, bekokian pistola jarri eta klak gatilua zapaldu zuten. Hots hura buruan iltzatuta, izututa Madrilerako bidaia luzea izan zen. Bidean eskuak bizkarrean lotuta, plastiko poltsa lepoan estutzen zidaten ia ito arte. Horrela, gauean iritsi ginen Madrilgo Tres Cantos komisaldegira eta hala esan zidaten: “lkusiko duzu orain hasiko da hoberena”, “Badakizu nor zen Gurutze Iantzi? Bera bezala buka dezakezu...”.  Bost egunetan etengabeak eta luzeak izan ziren galdeketak eta tortura saioak. Tortura mota eta metodo desberdinak erabili zituzten. Tortura psikologikoa batetik, nire etxekoak ere (anaia eta ama) atxilotuko eta torturatuko zituztela, garrasiak entzuten nituen eta nire lagunenak zirela esaten, haurdunaldiko argazki bat erakutsi eta Mikel Egibarren haurdun zegoen emaztearena zela esaten zidaten eta hari zerbait gertatuz gero nire errua izango zela... Tortura fisikoa bestetik, loa debekatu, poltsa etengabe ia ito arte, orduan begi niniak eta mingaina begiratzen zizkidaten linterna batekin eta horren arabera aurrera jarraitu edo utzi erabakitzen zuten, elektrodoak beso eta gerrian, buru atzean paper bilduekin etengabe golpeak ematen... Eta azkenean tortura sexistarekin hautsi ninduten, gorputza eta burua biak batera txikituz. Behin baino gehiagotan biluztu eta Guardia zibilen talde erdian biluzik eta burua tapatuta gorputz guztia igurtzi eta umilatzen ninduten “komandoko puta” nintzela esanez eta behin baino gehiagotan pistola batekin bortxatuko nindutela mehatxatuz. Komunera joan behar nuenean atea irekita niri begira torturatzaileek nitaz barre egiten zuten. Halako batean Mikel torturatzen ari ziren gelara eraman ninduten eta beraren aurkako akusazioak eginarazi, ondoren ondoko gelan bortxatuaz. Ezingo nuela etorkizunean umerik izan eta horretarako ahal zuten guztia egingo zutela esanez, hankak eta eskuak lotuta mahai baten gainera igo ninduten biluzik eta burua estalita. Hanka eta eskuetatik helduz, gorputz guztia igurzten zidaten, lizunkeriak esanez eta horrez gain Guardia zibil batek bere hatzak nire aluan sartu. Orduan nire burua gorputzetik bereizi zen...

Beren pentsamendu matxistan, nire ideiez gain, emakume bezala zigortzea izan zuten helburu, patriarkatuak ezarritako rollaren aurka errebelatzeagatik. Ondo jakinik nire barnean, intimitatean txikituz gero, horrela duintasuna kenduz, menderatuko nindutela. Horren ondoren egin nituen deklarazio autoinkulpatorioak.

(...)

Estradizio eskaera egina du Espainiak. Zein da egun, zure egoera?

Polizia espainiarrak 2014an egindako operazio ilegalaren ondoren Suitzari nire berri emateaz gain, estradizio eskaera luzatu zion. 2016an, atxiloketa eta gero berriro formalki egin zuten eta nik hasieratik ukatu nuen estradizio eskaera. Batetik, torturapean egindako deklarazioetan oinarritzen delako zigorra eta bestetik, egun tortura sistematikoa ahalbidetzen duen legedi bereziak indarrean dirauelako eta horrek berriro torturatua izateko arriskua dakarrelako.

Azkenean, ordea, Bernako Justizia Departamenduak urtebeteren ostean erabaki politikoa hartu zuen Espainiko Estatuarekiko interes politikoak eta ekonomikoak lehenetsiz. Berriro ere nire gorputza joko zelai eta trukeko txanpon bihurtuz. Espainiar estatu-terrorismoa ezkutatzeko ahaleginak eta bi egin zituzten Suitzako agintariek beraien txostenean, horretarako torturatzaileei erabateko sinesgarritasuna eta babesa emanez eta torturatua, ni, gutxietsiz. Emandako argudioak juridikoki mozorrotzen saiatu arren, argi gelditu zen erabakia guztiz politikoa zela.

Uztailean, berriz, bigarren instantziako epaitegiak estradizioa onartzea berretsi zuen “Espainiako Estatuak tradizio demokratikoa duela esanez” eta ondorioz tortura salaketa ikertu gabe. Espainiako Estatuan gertatu bezala, hemen ere inork ez du torturari buruz jakin eta ikertu nahi eta batak besteari pasatzen dio ardura. Beraz, hurrengo eta azken instantziara beste helegitea aurkeztu dugu, honek ere jasandako tortura ikertuko duen segurantzarik gabe. Eta ondoren Nazioarteko Giza eskubideen epaitegirako, Estrasburgo edo ONUrako bidea geratuko litzateke.

Asiloari dagokionez, bigarren instantzian dago oraindik errekurtsoa. Lehenengo erabakia estradizioa eman eta egun batzuetara, ezezkoa etorri zen argudio berberak erabiliz. Bigarren instantziak ere ezezkoa emango balu hurrengoan (Bundesgericht) jarriko genuke errekurtsoa eta estradizio eskaeraren bide berdina egin. Asiloko auzia zabalduta dagoen bitartean ezingo nindukete estraditatu.

Nolakoa da zure egunerokoa Zurichko espetxean?

Bizi baldintza gogorrak, eta horri bakardadea erantsi behar zaio. Espainiako Estatuak euskal preso politikoon aurka aplikatzen duen lehenengo graduarekin edo Frantziako espetxe prebentiboetako baldintzekin pareka daiteke. Harreman afektibo, sexual, kultural, politiko  guztiak eten eta oinarrizko beharrak ere guztiz mugatzen ditu giza-suntsiketa helburu duen espetxe politikak. Egunean ordubeteko paseoa besterik ez, asteburuetan 23 ordu edo gehiago jarraian txapatuak, telefonoz deitzeko aukerarik ez ezta abokatuari ere, astean bitan dutxatzeko aukera 10 minutuko ur beroarekin, ez kirol ez bestelako aktibitaterik, bisita guztiak kristalarekin... Gainera emakume eta ama izateak gogortasuna areagotzen dute, zigor politikoa jasotzeaz gain heteropatriarkatuaren zigorra erantsiaz. Gizonek gizonentzat egindako espetxean hierarkiaren azken mailan gaude gu. 140 presotatik egun 9 bakarrik gara emakumeak eta ez daukagu guretzako modulo propiorik ere. Solairu berdinean gaude esaterako emakumeak, transexualak eta buruko gaixotasunak dituzten gizonezkoak, patriarkatuak baztertutakoak alegia. Ez gara subjektu, ez dugu autonomiarik; infantilizatuak, sexualizatuak eta esklabizatuak gara. Espetxe politikak gure harreman eta lotura politiko, sexual, afektibo, kultural guztiak mozten dizkigu, horrela bakarrik zaurgarriago eginez eta sisteman parte hartzera behartuz. Isolamendutik ateratzeko aukera bakarra lan egitean datza eta batzuek diruagatik, besteok osasun psikikoagatik egunean 5 edo 7 frankorengatik lan egiten dugu. Emakumeei, patriarkatuak ezarrizako rollak errepikatuz, garbiketa eta etxeko lanak eskaintzen dizkigute: sukaldean ontziak garbitu, oheko izarak tolestu... Gure gorputzen eta buruen kontrola, debekuak eta urraketak dira heziketa autoritario eta zigorrean oinarritutako sistemaren egunerokoa. Gure ideiak eta gorputzak kolonizatu nahi dituzte, esaneko emakume bihurtzea helburu, desadostasun, borroka edo errebeldia ekintza oro berehala zigortuz. Izugarria nola espetxeak bere egiten duen kapitalismoaren “nirea zara eta zurekin nahi dudana egingo dut” leloa. Egunero erretraumatizatzen nauten egoerekin konfrontatuta bizirauten dut. Batetik, gure moduloan gauez eta asteburuetan gizonezko kartzelariek bakarrik egiten dute lan eta are okerragoa ez daudela emakumeen behar espezifikoez arduratzeko prestatuta. Eta nire kasuan estres egoera etengabea sortu eta beraien jarrera matxistek are gehiago haserretzen naute. Ekainean nire esfera pribatua eraso ondoren protesta gisa hilabete egin nuen espetxeko janariari uko eginez eta espetxe zuzendariari salaketa jarri. Berriro, ordea, inpunitate osoa duen sistemarekin topo egiten dut eta oso zaila da zerbait lortzea, baina hor jarraitzen dut dagozkidan eskubideengatik borrokan. Horrela lortu nuen alabarekin astean behin kristalik gabe bisita jasotzeko aukera ere, 3 hilabetez ikusi gabe egon ostean. Gure familiak eta, bereziki, gure seme-alabak ere zigortzen ditu espetxe sistema kriminal honek.

(...)

Klikatu hemen elkarrizketa osorik irakurtzeko

ETIKETAK

Elkarbanatu!