Osatze kolektiboak oinarri, Sara eta Izar Etxera

Irailaren 3an, 13.30etan, Donostian egingo den manifestazioan parte-hartzeko deia egiten dugu Bilgune Feministatik. 

Sararen kontakizuna irakurri berri dugu testu hau idazten jarri aurretik. Amorrua eta inpotentzia sentitzen ditugu, Sararen bizipenek harreman sexu-afektiboetan bortizkeria matxista bizi izan duten emakume baten testigantza osatzen dutelako. Gainera, euskal preso politikoa (eta haren alaba) izateagatik, salbuespen politikak areagotzen du ama alaben egoera. Beldurra da, behin eta berriz, errepikatzen den elementua; hain justu, horretan hezten gaituzte jendarte patriarkal honetan emakumeok txikitatik. Horregatik, feministon etengabeko aldarria da emakumeon ahalduntze prozesuak sustatzea eremu guztietan.

Izar eta Sara indarkeria matxistaren biktimak dira, edo zuzenago esanda, bortizkeria horren aurrean, bizirik dirauten subjektuak. Jada zazpi hilabete igaro dira, urtarrilaren 15ean, Izar bere aitak erasotu zuenetik, baina helburua argia zen: haren amari, Sara Majarenasi, min egitea. Badirudi erasotzaile misoginoek jada ez dutela aski emakumeak, amak, emazteak... azpiratzearekin, kolpatzearekin edo mehatxatzearekin; horrez gain, haren seme-alabak erasotzen, akabatzen dituzte mendeku gisa. 

 

Baina kasu honetan, haien egoera biktimizatzen duten bi aldagai baditugu gure uste apalean azpimarratu beharrekoak:

Batetik, biktimen eta sistema juridiko penalaren arteko harremana, hau da, Sara preso politikoa denez, larritasun egoera horretatik osatze prozesu bat abiarazteko beharrezko tresnak ukatuak dituzte; finean, martxoaren 2az geroztik (Izarrek 3 urte bete dituenetik) Presondegiko Arautegiak 100.2 artikuluan jasotzen duen moduan, espetxearen luzapen soila den Alcobendaseko amen zentro batean daude. Hori horrela, egunean, soilik, hiru orduz atera litezke; ez dute ekintzak egiteko aukerarik; ez dute euren osatze fisiko, psikologiko, emozional eta energetikorako kanpo laguntzarik; Izar bertako eskola batean dabil baina muga handiak ditu, artean, bere ama hizkuntza euskara delako... Estatuak erabiltzen dituen mekanismoek iraunarazten dute indarkeria matxista euren bizitzetan.

Bestetik, dispertsioaren elementua dago. Sara eta Izar Euskal Herritik 500 kilometrotara daude deserriratuak eta honek izugarrizko muga suposatzen die oro har presoei eta haren senide eta lagunei. Urruntasuna eta distantzia are larriagoa da horrelako egoera lazgarri bat bizitzen denean.

Egoera honekin, edota azken aste hauetan Espainiako estatuan sonatua izan den Juanarenarekin adibidez, argi ikus liteke nola autoritateek “genero indarkeriarekin” kezkatuta diruditen arren, justiziak askotan ez dituztela erasotuak babesten, berdintasunari eskainitako aurrekontuak murrizten dituztela eta etengabe gutxiesten dituztela indarkeria matxistaren prebentzio eta sentsibilizaziorako baliabideak koordinatzen dituzten organo instituzionalak. Zer esanik ez espetxe politikak agintzen duen “babes tokian” badaude nola bermatuko da euren ongizatea? Hortaz, zertaz ari gara? Hipokresia du izena horrek.

Gainera, askotariko indarkeria matxista adierazleak ez dira gure jendartearen periferian kokatzen diren gizon ero gutxi batzuek eragindako albo-kalteak. Izar bere aitak erasotu zuen eta Sara bere bikotekide ohiak. Indarkeria matxista gure jendarteen erdigunean kokatzen da eta generoen instituzionalizazioaren parte da, hau da, gizon bat denaren eta emakume batek izan behar duenaren definizioaren zati, alegia.

Horregatik guztiagatik, Sarak eta Izarrek osatze eta erreparazio prozesu bat abiarazteko oinarrizko osagaiak segurtasunean, konfiantzan eta maitasunean ehundutako sare eta ingurutik gertu egotea oinarrizko premisa da. Berehalakoa izan behar da euren etxeratzea. Prozesu indibidualak garrantzitsuak dira ahalduntzean, baina horrelako muturreko egoera bat bizi izan duen pertsona batek bere inguruaren eta babes sarearen beharra ezinbestekoa du, osatze prozesuak kolektiboa behar du izan. Hargatik, Sara eta Izarren askatasuna eta etxeratzea eskatzen ditugu. Lehenengoan ukatu dizkiote gerturatzea, baldintzapeko askatasuna; baina, bigarrenean, lortuko dugu euren askatasuna. Horrela, irailaren 3an gu ere Donostian izango gara euren askatasun eskaera egiteko. Egoera honek irauten duen bitartean, Sarari eta Izarri bidali diezaiekegun indar eta elkartasun keinuek ez dute mugarik.  Maite zaituztegu, eutsi gogor!

 

 

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!