Ez Zarautzen, ez inon

Azken egunotan Zarautzen emandako bi eraso sexisten aurrean, bertako Mugimendu Feministak honako irakurketa hau kaleratu du:
 

Bi astetan adin txikiko bi emakume bortxatu dituzte Zarautzen. Egoera oso kezkagarria da.

Gaur herri gunea eta kanpinaren arteko bidea batzen dituen ibilbidean elkartu gara, bertan irudikatu nahi izan dugu eraso sexistek ez dutela lekurik gure herrian babes katea sortuz, herritarron arteko babes katea, ezinbestekoak direlako herritarron arteko aliantzak egoera bidegabe honi aurre egiteko.

Kanpina eta herri gunea batu nahi izan ditugu, itsas pasealekuan atentzioa jarriz. Aisialdiarekin lotzen ditugun guneak batzen ditu ibilbide horrek; kanpina, opor tartearekin lotuz; hondartza, udako elkargune garrantzitsua izanik; herri gunea, gaueko aisialdiaren gune nagusienetakoa izanik. Emakumeok, bereziki emakume gazteok, gune hauetan aske ibili nahi dugu, egunez zein gauez, olatuez gozatu nahi dugu, dantza egin nahi dugu, abestu, paseatu… beldurrik izan gabe, atzera begira egon gabe. Eraso hauekin izutu nahi gaituzte, baina mugimendu feministatik lanean jarraituko dugu espazio publiko seguru eta askeak eraiki ditzagun, emakumeon boteretze eta ahalduntzea erdigunean jarriz.

Gaurkoan begirada berezia jarri dugu aipatu zarauzko gunean. Izan ere uda garaia aski berezia izaten dugu zarautzen, herritar asko bertaratzen dela, herriaren biztanleria hirukoizteraino. Faktore eta zirkunstantzia hauek lanketa berezi bat eskatzen dutela uste dugu eta horregatik erakundeei neurri zehatzak hartzeko eskatzen diegu, bereziki Zarauzko Udalari, ondorengoa dela Mugimendu Feministatik luzatzen dugun proposamena, gure lanerako prestutasun eta elkarlanerako gonbitarekin batera:

  1. Zarauzko Udalari eskatzen diogu horrelako gertaeren aurrean erantzungo duen protokolo bateratua adostu dezan, zeinak Mugimendu Feministarekin elkarlana izango duen oinarri.

  2. Uda garaian jendea batzen den guneekin lanketa berezia:

    • Kanpin eta hotel/ostatu nagusietarako informazio orriak prestatzea hizkuntza anitzetan, azalduz zarautzen jarrera sexistek ez dutela lekurik eta jarrera positibo eta lagungarriei garrantzia emanez. Emakumeei zuzenduriko hainbat laguntza azalpen ere jasotzea proposatzen dugu, hala nola larrialdietarako zenbakia eta udal zerbitzuen azalpena.

    • Hondartzan batzen den jende kopurua handia izanik, bertako bozgorailuetatik hizkuntza ezberdinetan eraso sexisten kontrako mezuak helaraztea eskatzen dugu.

    • Mugimendu Feministarekin elkarlanean festak antolatzen jarduten duten komisio eta batzorde, kultur ekimen, ostalaritzako talde zein antzerakoekin elkarlana bultzatzea, protokoloak adostuz eta aisialdi eremu askeak sortze bidean pausoak emanez.

  1. Herriko autobus zerbitzua gaueko ordutegietara zabaltzea exijitzen dugu. Uda garaian egunero eta gainontzeko sasoietan asteburuetan, ostiral zein larunbatetan.

  2. Hezkuntzan programa sendoak eratu eta irakasteko beharrezkoak diren baldintzak sortzea eskatzen du, eta programa hauek bururaino gauzatzea.

Uste dugu neurri zehatz hauek hurrengo egunetan hartuak izan behar direla. Erabat egingarri eta bideragarriak dira. Eskatu nahi diogu Zarauzko Udalari emakumeon askatasunean inbertitu dezan, izan ere uste dugu indar polizialak areagotu edo kontrola handitzea ez dela bidea. Askatasunean bizitzea dugu aldarri eta horren oinarria ezin da mugapena eta kontrola izan.

ZARAUZKO MUGIMENDU FEMINISTA

Zarautzen, 2017ko uztailaren 9an

ETIKETAK

Elkarbanatu!