Gorputza, lurraldeak eta erakundeak - Eguneko jarraipena

Hementxe jaso dugu gaurko goizean zehar, gonbidatu desberdinek aipatu dituzten ideia interesgarri guztien artetik, gure ustez, nabarmenenak direnak, kronika formatuan.
 

Ia 100 lagun batu gara gaur, Baionako Zizpa gaztetxean, “Feminismoak egiten gaitu herri: Gorputzak, lurraldeak eta erakundeak” mintegian. Horretarako hurbildu zaizkigu Jule Goikoetxea, Aurora Iturrioz, Irene Ormazabal, Claire Lataillade, Clara Sanchez eta Gemma Tomàs, Samara Velte kazetaria lagun izan dugularik, dinamizazio lanetan.

 

Julek ireki du mahaingurua, egungo estatu ereduari, feminismotik kritika eginez eta esplotazio sistema ugari identifikatu ditu lehenik, eta ondokoa adierazi du: “Ezagutzen dugun demokrazia, kapitalista eta patriarkala den heinean, emantzipazio prozesu batek errotiko eraldaketa eskatuko du demokrazia pentsatzeko eta praktikatzeko eran. Xede honekin proposatzen da estatugintza feminista abian jartzea.” Errepublika feminista gauzatu ahal izateko ere, estrategia multzoa aurkeztu dizkigu Julek.

 

Estatugintza feministaren baitan, emakumeok “gobernatzen” hasi behar dugula ere azaldu du. Hau da, “gizonek bezainbeste botere politiko, publiko eta finantzieroa lortzen hasi behar dugu”. Gainera, “emakume-gizon kategoria sozio-ekonomiko eta politikoak desagertu” behar direla argudiatu du Julek.

 

Aurora eta Irene, berriz, EAEko berdintasun politiken analisi kritikoa egin dute. Horretarako hartu duten abiapuntua izan da “administrazio publikoetan egotearen garrantzia” horrek dauzkan zailtasunez ohartuta. Izan ere, “botere heteronormalarekin negoziatzea” dakar horrek.

 

Hala ere, aurrerapausutzat jo dituzte berdintasun politikak “Mugimendu Feministari esker” heldu direlako. Dena den, eremu honetan ere, oraindik asko egiteko dagoela adierazi digute Irenek eta Aurorak eta horretarako ondorengo aldaketak proposatu dizkigute: emakumeak kolektibo bezala ulertzea, langileak feministak izatea, Mugimendu Feminista indartzeko baliagarria izatea, zeharkakotasuna, auditoria feministak egotea...

Horrez gain, Mugimendu Feministaren baitako aliantza-sareen garrantzia ere azpimarratu dute, arlo desberdinetako feministez osatuta egotea: talde feministez, akademiaz, berdintasun teknikariez, alderdi ezberdinetako politikariez...

Claire izan da hirugarrena mikrofonoa hartzen eta Ipar Euskal Herriko elkargoan ikuspegi feminista txertatzeko bideez aritu da eta euren helburua Herri Elkargoak “Tokiko Bizian Emakume eta gizonen arteko parekidetasunaren aldeko Europear Karta” izenpetzea, hautetsi eta jendarte zibilaren mobilizazioa sustatzea dela azaldu du Clairek.

Horrez gain, “Parekidetasuna denen ardura da. Determinaturik gira eta gure aldarrikapenei ogi purroskekin erantzuten ez ditugu utziko. Bide instituzionaletik ez badugu zor zaigun garrantzia lortzen, orduan karrikara ateratzea ez dugu dudatuko» ere argitu du irmo.

Azkenik, Clara eta Gemma kideen hitzez gozatu ahal izan dugu, Paisos Catalans-etik etorrita, bertako herri-prozesuan gauzatu dituzten estrategia feministez aritzera. Feminismoa, bizitza erdigunean jartzen saiatzen da eta hori da CUPen ere daukaten erronka nagusia. Horrez gain, feminismoaren transbertsalitatearen falta aipatu dute eta baita lidergo feminista kolektiboaren beharra ere. Azken erronka honi lotuta, goraipatu dute, “instituzioetako borrokak ezin diola kaleko borrokari itzala egin”.

“Parte hartzea ez da instituzioetan egotea. Benetako parte hartzeak aldaketa integrala eta lidergoaren kontzeptuan birplanteamendua eskatzen” duela ere gaineratu dute.

Horrela, amaitu dugu, bada, goiza, Zizpa gaztetxea txiki geratu zaigularik.

Feminismoak egiten gaitu herri!

 

Uriolan irakurri

 

EUSKAL HERRIKO BILGUNE FEMINISTA

Baionan, 2017ko ekainaren 3an

Klikatu hemen eguneko argazkiak ikusteko (Flickr lotura)

Klikatu hemen eguneko ideia nagusiak ikusteko (2 paragrafo) - (EUS-GAZT)

LASTER GONBIDATUEKIN IZANDAKO SOLASALDI LABURREN BIDEOTXOA ERE EGONGO DA!

 

Info gehiagorako jo lotura hauetara (medio desberdinetako informazio zabalduagoa):

Samara Velte - Berria: Clara Sanchez. CUPeko kideari elkarrizketa irakurri

ETIKETAK

Elkarbanatu!