Bilgune Feminista txupinazoa botatzeko hautagai

Iturria: Iker Tubia / Argazkia: Iñigo Uriz - Berria

Andrea/Lunes Lilas, Bilgune Feminista, DYA eta Iruñea Harrera Hiria dira txupinazoa botatzeko hautagaiak eta Iruñean erroldaturik diren 16 urtetik gorako hiritarrek aukeratuko dute nork piztuko duen suziria ekainaren 5etik 22ra iraunen duen bozketan.

Iaz abiatutako bideari jarraitu dio Iruñeko Udalak sanferminetako txupinazoa nork botako duen erabakitzeko. Sanferminetako mahaiak lau erakunde proposatu ditu, eta orain hiritarren txanda izanen da. Erabaki Pamplona webgunean, 010 telefono zenbakian edo Civivoxetan eman dezakete botoa. Aurten bi elkarte feminista, errefuxiatuen aldeko plataforma eta arrisku egoeran edo laguntza behar dutenak laguntzeko irabazi asmorik gabeko elkartea dira hautagaiak. Ekainaren 23an ezagutuko da haietako zeinek botako duen txupinazoa. Berdinketarik balego, bi erakundeek elkarrekin jaurtiko dute suziria.

Udalera aldaketa ailegatu zenez geroztik, Joseba Asiron alkateak herri eragileen esku utzi du txupinazoa botatzeko ardura. Lehenbiziko urtean Veleta peñak izan zuen ohorea, eta hurrengo urtean boto sistema jarri zuen martxan. Iaz iruindarrek aukeratu zuten suziriaren jaurtitzailea, eta Jesus Ilunadin Tuli peñakideari egokitu zitzaion.

Ordura arte alkateak erabaki izan du nork botako duen sanferminetako suziria, eta normalean ordezkaturik ziren alderdi politiko nagusiek botatzen zuten. Ordezkaritzaren araberako ordena jarraitzen zuten, eta alderdiko zinegotzi batek botatzen zuen suziria. Yolanda Barcina alkateak hautsi zuen tradizioa, ezker abertzaleari betoa jarrita. Alderdi abertzaleari egokitzen zitzaionean, alkateak beste elkarteren bati ematen zion ardura –Osasuna, Portland San Antonio, erraldoien konpartsa, Gurutze Gorria...–. Bide bera jarraitu zuen Enrique Maiak ere.

Irakurri jatorrizko iturria (Berria)

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA