Trans despatologizazioa

Legeak, eskolak, anbulatorioak, epaitegiak, iragarkiak, supermerkatuak... gizonak eta emakumeak ekoizten eta iraunarazten dituzte, etengabe. Jendartea bitan dago banatuta (hori zeharkatzen duten gainontzeko desberdintasun eta bereizkeriak alboratu gabe, noski) eta hori erabat naturalizatua dago. Irudi arrunta da. Arruntegia. Oraindik ere, oso zaila egiten da hainbat esparrutan hori ikusaraztea. Berezko eta betiko garenaren ideia indartsua da oraindik. Mekanismo eta zirrikitu berriak topatu ditu patriarkatuak banaketa mantentzeko, zenbaitetan diskurtso aurrerakoien izenean. Eta guretzat hori arriskutsua da.

Haurrak txiki-txikiak diren unetik, gizon-emakume dikotomia barneratzera bultzatzen ditugu. Harritu egiten gara haur txikiak “ez! hori neskena da!” eta horrelakoak esaten dituztenean, baina ez gara konturatzen gu geu garela (jendarte oso bat), oso goiz, behar hori pizten dugunok. Ez da berezkoa.

Eta noski, hain zurruna da araua, gorputz asko eta asko ezin garela hor kokatu, topatu. Ezinegon horrek mugitzeko eskatzen digu. Horregatik, gaurko egunean (eta beti) trans* aterkiaren baitan kokatzen diren identitate-egoera guztiekin elkartasuna adierazi nahi genuke.

Gaur, bihar eta beharrezkoa den aldiro: Trans despatologizazioa orain! oihukatuko dugu. Gaurkoan, modu berezi batean, gure ahotsa batu nahi dugu horren aldeko lana egiten ari diren kolektibo, eragile eta pertsonekin. Bereziki, dikotomia apurtzeko lana egin, eta abanikoa zabalagoa eta identitatea dinamikoagoa den zerbait planteatzen dutenekin.

Izan ere, zer gertatuko litzateke testuingurua ez balitz hain zurruna? Izateko eta egoteko errealagoak eta justuagoak diren markoak askotarikoak izango balira? Instituzioetan, eskoletan edo ospitaletan kasurako, neska-mutil izateari baino, norbanakoak begiratuko bagenitu? Bakoitzak ditugun berezitasun guztiekin, asko baitira!

Ezin ahaztu, norabide horretan, norbanako bakoitzak duen potentziala. Eguneroko gauza txikien indarra! Hala ere, Trans patologizazioak baditu erantzuleak, ez gaitezen despistatu, ez ditzagun beraien ardurak lausotu! Trans despatologizazioa orain eta kitto!

 

Euskal Herrian, 2017ko maiatzaren 17an

EUSKAL HERRIKO BILGUNE FEMINISTA

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA