Saturrarango kartzelako eragina emakumeengan

Iturria: Klitto!
 

Elkarrizketa egin diote Klitto!-n Garazi Lizaso bilgunekideari, ikuspegi feministatik Saturrarango kartzelaren inguruan osatu duen master amaierako lanaren inguruan.

1) Nondik nora aztertu duzu Saturrarango kartzela-egiturak emakume presoengan izandako eragina?

Ondarearen ikuspegitik abiatuta egin dut lana. Ez da kasualitatea Saturrarango emakume kartzela  ahanzturan erori izana. Arrazoietako bat da garai batean ez zela ondare historiko izendatu. Babesa edukiko balu, akaso, bere horretan mantenduko litzakete eraikina. Izendapenik gabe, eraitsi egin zuten, eta hortaz, ezer gutxi dakigu kartzelaren egituraren inguruan. Arkitekturari ere erreparatu diot lana egiterakoan. Arkitektura tresna bat da, eta ez soilik artea edo zientzia objektiboa. Jendarte jakin bateko baloreak materializatzen dituen tresna da, eta horri ematen zaion erabileraren arabera, ankerkeria asko egin daitezke, eta agerikoa da intentzionalitatea, egon badagoela.

Saturrarango kartzela ez zen espetxea izateko sortu, ez zen horretarako diseinatu. Baina, hala ere, intentzionalitate asko agerikoak dira, eduki duen erabileragatik. Ez da kasualitatea emakumeak, ezaugarrien arabera pabiloietan banandu izana. Horrek elkarren arteko harremanak zailtzea zekarren, eta matxinadak ekidin zituzten. Hezetasuna eta ura zuten ziegak zigor-gela moduan erabili zituzten, gainera. Gainpopulazioa ere arazo larria izan zen Saturrarango espetxean; 160 pertsonako komun bakarra zegoen, esate baterako. Komunek, berriz, ez zuten aterik; horrek eginbehar fisiologikoak zigor bilakatzen ditu. Umilazio konstante bat bizi zuten bertako emakumeek. Kaka egiterakoan, guztien aurrean egin behar zuten, eta, jakina, zinkezko ontzian utzitakoa, ondoren zetorrenak ikusten zuen. Era berean, kontuan hartu behar dugu espetxean ez zeudela soilik emakumeak, haurrak ere bazeuden eta. Higienea ukatu zitzaien eta horrek norbere buruarekiko sortzen duen higuina zigor handia izan zen.

Jarraitu irakurtzen hemen

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA