Nekane Txapartegi askatu

Nekane askatu!
Estradiziorik ez!


Nekane Txapartegik bizi duen egoera salatzeko batu gara gaur hemen. Dena 1999an komisaldegi hotz batean hasi zen Guardia Zibilak atxilotu zuenean. Bertan, Nekane bortizki torturatua izan zen, besteak beste, tortura sexista ere pairatu zuelarik, atxilotuak izan diren ia euskal emakume guztiak bezalaxe.

Duela urtebete justu, berriz ere atxilotu zuten gure laguna. Baina oraingoan Zurichen. Ordutik inkomunikazio egoeran eduki dute eta gaurkoan espetxe horietan bizi duen egoera lazgarria eta bizi baldintza gogorrak hona ekarri nahi ditugu. Tamalez, Espainia eta Frantziako espetxeetan gertatzen den legez, emakume izate soilagatik zigor gehigarria pairatzen du Nekanek ere.

Pasa den martxoaren 23an Suitzar Justizia Federalak Nekane espainiaratzeko erabakia hartu zuen Nekane torturatua izan zela ez omen delako frogatu. Nazioartean aski ezaguna den Istanbuleko Protokoloa ez omen da froga nahikoa, ez eta abokatu zein beste talde askok egindako salaketa eta txostenak. Beste behin ere espainiar presioei men eginez, Nekanek salaturiko torturen testigantza albo batera utziaz eta asilo politikoa ukatuz, Suitzako gobernuak giza eskubideen urraketei bide ematen die, Nekaneren bizitza arriskuan jarriz.

Estradizioari dagokionean, abokatuek hilabeteko epea dute helegitea aurkezteko eta berriro ere Nekane erabakiaren zain geldituko litzateke erabaki hori noiz iritsiko den jakin gabe eta aipatu bezala alabarengandik urrun eta espetxe baldintza gogorretan. Asilo politikoaren erantzuna falta da oraindik baina abokatuen ustetan ildo beretik etor daiteke erabakia epe motzean.

Amaitzeko, elkartasun eta besarkadarik sentituena helarazi nahi diogu Nekaneren senide eta lagunei eta Nekaneri, berari, nola ez. Ez zaude bakarrik, Nekane, bai Suitzan eta baita Euskal Herrian ere sortu diren babes eta elkartasun sareak josten jarraituko ditugu. Elkartasun feminista eta internazionalistari esker, lortuko dugu!

Nekaneren Estraditazioari ez!

Asilo politikoa orain!

Nekane askatu!

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA