Armagabetzea eta gero

Iturria: Zuriñe Rodriguez, Nora Miralles eta Itziar Mujika - Klitto!

ETA armagabetutako erakundea izango da 48 ordu baino gutxiagoan. Bere armategia betiko desaktibatu dela egiaztatzeko zain, eta modu ofizial eta zuzenean funtsezko galdera batzuk erantzuten diren bitartean, egun, badira galdetu beharreko zenbait kontu garrantzitsu: zer amaitzen da larunbatean? Zer hasten da?

Armagabetzearen berri eman zutenetik, tantaka iritsi den informazioa, medioetako espekulazioak eta larunbatean erabateko arrakasta ziurtatzeko helburuz, diskreziorako borondate erabatekoa izan dira nagusi. Zalantza gehienak ez dira argitu D eguna baino 3 egun lehenago. Armagabetze prozesu gehienetan, xehetasunak gotortzera derrigortzen duten faseak daude; batez ere, prozesu hauen arrakasta zalantzan jartzen duten kanpo faktoreak edota akordioen prekaritateak hauen arrakasta kinka larrian jartzen dutenean. Baina, aldi berean, sekretismoak ez du segurtasunaren izenean laguntzen, beste bi faktore aski desberdinetan baizik: hasteko, ziurtzat jotzen delako gizarte zibilak ez duela ezagutu beharrik normalean prozesu teknikoa denaren inguruko xehetasunik; eta bigarrenik, armagabetzea horrelaxe ulertzen delako: armen entrega fisikoarekin hasi eta amaitzen den prozesu tekniko bezala.

Beharrezkoa da, dena den, gizarte zibil horrek –bere esanahi zabalenean ulertuta– informazio argi eta benetakoa jasotzea, armagabetzea berme objektiboekin garatu den edo ez modu autonomoan epaitu dezan. Ez da nahikoa medioetan prozesua “legezkoa” izango dela esatearekin, ikuskatzaile horiek nortzuk izango diren, nola lan egingo duten, arma horien jomuga zein izango den eta prozesuari ‘legezkotasun’ hori emateko nork babestu eta ikuskatuko duen zehaztu gabe. Batez ere, gizarte zibila bada bake eraikuntzan liderra izaten ari dena.

Konfidentzialtasuna eta segurtasuna ez dira nahastu behar gardentasun ezarekin, bien arteko oreka armagabetzearen lider izaten ari direnek duten erantzukizun politikotik baitator. Armagabetzerako, desmobilizaziorako eta birgizarterazeko Nazio Batuen agentziak berak azpimarratzen du gardentasuna prozesu hauen ezaugarri nagusi bezala, eta gizarte zibila hauen oinarrizko aktoretzat, programak errealistak eta denek ulertutakoak direla ziurtatzeko.

Zer kontatu daitekeen eta zer ez azaltzea, justifikatu gabeko sekretismoa saihestuz, beraz, prozesu bateratzaile eta ez elitista bat burutzeko lagungarria da.

Bestalde, armagabetzea 8an amaitzen den prozesu soilik teknikoa dela sinestea, ala edozein kasutan, armen dekomisoarekin amaitzen dela sinestea, zaharkituta geratu da, ez da errealista eta, batez ere, arriskutsua da. Zaharkitua, lehen aipatutako nazioarteko estandarrek eurek ikuspuntu integralago batekin lan egiten dutelako orain hiru hamarkadatik: DDR prozesuak deitutakoak (Desarmea, Desmobilizazioa eta Birgizarteratzea), zeinak epe motzeko indarkeriaren amaiera bakarrik ez, bake iraunkorra bermatzea ere bilatzen duten, borrokan parte hartu duten horiek bizitza ‘zibilean’ birgizarteratuz.

Arriskutsua eta ez errealista, armagabetzea ez delako amaiera, askoz ere handiagoa eta konplexuagoa den zerbaiten hasiera baizik. Presoen egoera eta etorkizuna mahai gainean dago –baita disoluzio hipotetiko eta probable baten kontrapartida bezala ere–, baina ez da zintzilik geratzen den gai bakarra. Zer gertatuko da, adibidez, klandestinitatean daudenekin? Zein irtenbide emango zaie pertsona hauei? Ez da zaila imajinatzea, irtenbide kolektibo bat planteatu baino, “legearen pisu guztia” zain izango dutela. Baina egunen batean pertsona hauek kalera aterako dira behar psikosozial zehatz batzuekin. Bide honetan, ezin da askorik espero espainiar estatuaz, kartzelari lotutakoaz aparte, baina Eusko Jaurlaritzaz eta Nafarroako Gobernuaz zer espero dezakegu?

8aren ostean, behin armak entregatuta, akordio sozial berrietarako espazioa zabalduko da, eta birdefinitu beharko dugu nork ordezkatzen gaituen, nork duen akordio berrien negoziazioen lidergoa eta erabakiak non eta noren artean hartzen diren, prozesua parte-hartzailea eta eraldatzailea dela bermatzeko. Eta bermatzeko, ala nola, desmilitarizazioa guztion bizipen eta eskaerak aintzat hartuta burutzen dela. Hala egin ezean, aukera galduko dugu eta ez dugu lortuko ohiko armagabetzeen ikuskera tradizional, osatugabe, patriarkal eta elitistetatik harago joatea. Hel diezaiegun helburu handiei.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA