DU - IN - TA - SU - NA

120 egun daramate borrokan Bizkaiko erresidentzietako langileak. Horregatik montatu dute kanpanleku bat Diputazioaren aurrean. Euren egoera sostengaitza delako. Beraiengana hurbildu ahal izan gara gaurkoan, euren egoeraren berri zuzenean izan eta elkartasuna adierazteko.

"Indarkeria matxista pairatzen dugu egunero. Horren denbora eskasean burutzea ezinezkoak diren lanak egiten ez ditugula eta kaleratuak izango garela oldarki mehatxatuz, adibidez" kontatu digu Marinak. Lan hori burutzea ezinezkoa dela esan digute ratioen arazoa dela eta. Hau da, hain zuzen, beraien oinarrizko eskaeretako bat: Ratioak hobetzea, kontuan hartuta erresidentzia publikoetan pertsonal bikoitza dagoela, pribatuetan baino. "Ratioak hobetzen ez badira, nola eman dezakegu kalitatezko atentzioa eta atentzio duina? Nola ez dira ba, ratio hauekin, istripuak egongo?" gaineratu dute emakumeek.

Erresidentzia askoren pribatizazioak ekarri du arazo hau, bertako grebalarien esanetan. Erresidentzia batzuk publiko mantendu dira eta beste batzuk subkontraten bidez kudeatzen dira. Horrek, desberdintasun handiak sortu dituela aipatu digute, ez soilik ratioen arazoan; baita soldata eta bestelako lan baldintzetan ere. Hauexek dira, hain justu, egunotan kaleratzen ari diren beste hiru aldarrikapenak: 1200 euroko soldatara iristea, txandaka eta jai-egunetan lan eginez, bajetan estaldura hobetzea eta 35 orduko lanaldia. Hau hobetuta, lan-kargak arinduko lirateke eta arreta-kalitatea hobetu ahalko litzateke. Baina sektoreko patronalek ez dute negoziatu nahi.

"Hau ez da erresidentzietako langileen arazoa soilik" gaineratu du Marinak "hau, gehienak emakumeak garelako da. Emakumeak garelako ari dira entzungor jokatzen eta emakumeak garelako ez dituzte hartzen gure eskubideak haintzat". Arazo historikoa dela gaineratu dute beste kide batzuek eta bukaerarik gabeko soka dela: "gure enpleguan jendea zaintzeagatik ordaintzen digute, baina etxera heltzean, lan horiekin jarraitu behar dugu eta kontziliazioa ezinezkoa denez, beste pertsona batzuk kontratatu behar ditugu, normalean, emakumeak direnak ere. Eta enplegu hau ez dago baloratuta. Baina enplegu hau ekonomikoki baloratzeak sistema osoaren erortzea ekarriko luke. Horregatik ez dute arazo hau konpondu nahi. Egoera dagoen bezala, oso errentagarri zaie batzuei".

Elkarrizketan ari ginela, asko izan dira borobilean joan etorrietan egon diren kideak eta bat batean hitza hartzen zutenak: "Lan humanoa egiten dugu hemen. Nik askotan lagundu dut hiltzen ari zen jendea nire lan ordutegia amaituta. Baina zer egingo nuen, ba? Eta oso gustura, konbentzituta eta arazorik gabe egiten dudan zerbait da. Baina batzuek ez dute alderdi hori begiratzen. Ez da baloratzen egiten dugun zerbitzua. Zenbakiak baizik ez gara. Baina zaintzak duina izan behar du mundu guztiarentzat. Horretarako, ordea, hitzarmenak ere duinak izan behar dira". Grebalari baten hitzartzea, duintasunari buruz.

Zuena bai, duina! Eskerrik asko, konpañeras! Gure elkartasunik sentituena, erresidetzietako langile guztiei!!! Zuen borroka, gure borroka da! Eutsi!!!
 

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA