Nekane Free baino gehiago

Berreskuratu egin dugu, Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak diren, Miren Aranguren, Oihana Etxebarrieta eta Saioa Iraolak, igaro den otsailaren 23an idatzitako artikulua, Nekane Txapartegiren egoeraz eta Suitzara egindako elkartasun bidaiaz.

NEKANE FREE BAINO GEHIAGO

Motxila desegiten ari ginela, Nekane Free dioten kartelak atera ditugu, Bilgune Feministak Suitzako herri ezberdinetan egin dituen hitzaldi bira iragartzeko postalak, ikur feminista duen zapi beltza, eta txokolatea, nola ez. Baina motxilan sartzen ez diren emozio ugari ere ekarri ditugu gure gorputzetan: elkartasunaren indarra, zaintzaren goxotasuna, lagun berrien irribarreak, hizketaldi luzeek eragindako hausnarketak… Horien berri eman nahi dizuegu datozen lerroetan, eta baita Nekane Txapartegiren egoera salatzeko eta elkartasun sareak indartzeko Euskal Herriko Bilgune Feministako kideok egindako hitzaldi biran nabarmendu diren hainbat gaien berri ere.

Bertara iritsi eta hasiera batean, Suitzako espetxe sistemaren (Suitzar gobernuaren) neutraltasun ameskeria horretan erori ginen. Uste genuen, Zurich hiriaren erdian dagoen espetxe itxura handirik ez duen kartzelan, Espainiar edo Frantses estatuko kartzelekin alderatuta bestelako izango zela egoera. Baina oker geunden; emakume presoak, transak eta eritasun mentala duten gizonak espetxearen zoko batean daude baztertuta, egunean ordu bete soilik irten daitezke patiora, eta ez dute kultur ekintza edo kirola egiteko inolako eskubiderik. Lan egitera derrigortuak daude beste pertsonekin sozializatu nahi badute, egunean lau orduko lanaldia eskaintzen die kartzelak eta trukean, eguneko 3 franko jasotzen dituzte. Miseria bat. Hori gutxi balitz, Txapartegik berak jakinarazi zigun (bera bisitatzeko aukera izan baikenuen bidai honetan bitan) erditze goiztiar bat izan zuen emakume batek bere ziegan bakarrik erditu zuela, ordu betez laguntza eskatzen aritu zen arren. Gizonezko funtzionarioek ez zuten laguntza horri erantzuteko kapazitate nahikorik, antza. Bigarren bisitan, haurra kendu ziotela jakin genuen, Suitzako gobernuak emakume presoei haurrak, goiz, kentzeko hautua egiten baitu.

Emakumeak, transak eta eritasun mentala dutenak zokoan, jendartean bezala. Espetxe sistema ez da isolatutako esparru bat, egungo estatuetan zigor, segurtasun eta jendarte antolaketaren ondorio dira. Horregatik, sistema honi azterketa feminista egitea ezinbestekoa da. Horrela, bistakoa da zapalketak haien artean elkarlotzen direla eta espetxean horrek ere eragin zuzena daukala. Kartzelak emakumeak birritan zigortzen dituela adierazi dugu azken asteetan, preso eta emakume bezala. Gizonezkoentzako espazioetan preso dituzte, askotan gizonen soberakinak diren bazterretan, hainbat ekintza feminizatu eskaintzen dizkiete, daukaten babes soziala ez da gizonezkoek izan dezaketenaren antzekoa… Zergatik? Anti-emakumeak direlako, haien genero rolak (otzantasuna, zintzotasuna, pasibotasuna…) apurtu dituztelako.

Beraz, zigorra bikoitza da, sistema patriarkal eta kapitalistak markatutako delitu bat egin dutelako, eta genero rolak apurtu dituztelako. Eta horregatik, feminismotik ere beharrezkoa dugu zigor eta espetxe sistemaren gogoeta proposatzea, eta etorkizuneko jendarte eredu feminista batean espetxeek lekurik izan ez dezaten zigor sistemaren beerdefinizio bat hauspotzea eta espetxe egituren aurkako jarrera indartzea.

Amaitzeko, Suitzan Nekane Txapartegiren bueltan sortutako babes eta elkartasun sareari gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu. Elkartasun feminista internazionalistari esker martxan jarraituko dugu, zuek handik, guk hemendik eta Nekane, Sara eta Izar, eta beste guztiak barrutik, denak aske izan arte!

Nekane eta beste guztiak aske! Nekaneren Estraditazioari ez, asilo politikoa orain!

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!