Ekonomia feministako foroari buruzko elkarrizketa

Hilabete honetan zehar argitaratu dugun Emaraun aldizkarian aurki dezakegu Uzuri Aboitiz Hidalgori (Potxuak Martxan) egindako elkarrizketa, datorren martxoaren 25ean, Azpeitin burutuko den ekonomia feministako foroari buruzkoa

 

-Zure ibilbidearen sarrera labur bat (ikerketa mailan, militantzia...)

Antropologian doktoretza egiten nabil Bartzelonako Unibertsitatean. Ikertu nahian nabil krisi testuinguruan nola berregituratzen ari diren langile klasearen etxe ekonomiak. Zehazki, merkatuan erosteko ahalmena galdu dugunean eta estatuak bere ardurak betetzeari utzi dioenean, jakin nahi dut nola lortzen duen jendeak bizimodua ateratzea.

Emagineko kidea naiz eta bertan Ekonomia Feministako ikastaroetaz arduratzen naiz. Bartzelonako Unibertsitatean berriz Antropologia ekonomikoko irakasgaia ematen nabil eta Grup d’estudis sobre reciprocitat en ikertzen dihardut.

Egunerokoan Potxuak Martxanen.

-Zergatik "indar bat dabil hor: bizitza erdigunera ekartzeko" bezalako foroa?

Ba bi arrazoi nagusi aipatuko nituzke. Alde batetik kapitalismoaren berregituraketa baten aurrean gaudela eta hor feminismotik erresistentziak eta proposamenak garatu behar ditugula eta beraz foro honek martxan dauden esperientzia ekonomiko feministak artikulatu behar dituela. Eta esperientzi ekonomikoa diodanean ez nabil soilik aipatzen Ekonomia Sozial Eraldatzailean egon daitezkeen proposamenak, egunerokoan gure etxeetatik hasita, kapitalari mugak jartzen dizkion edozein jarrera edo proposamen balioan jarri behar dugula baizik. Alegia, gakoa espazio guztietan burujabetzak irabaztea da, pausu edo esperientzia txikiena ere handia baita.

Bestetik, aspalditik gabiltza bizitza erdigunean jarri behar dela esaten, baina ez dugu elkarrekin adostu zer esan nahi duen bizitza on edo gozagarri bat izateak. Has gaitezen hortik, bada. Foroak balio behar du Euskal Herrian, hemen eta orain, kolektiboki bizitza ona ezaugarritzen hasteko eta bizitza sostengatzeko bestelako ereduak martxan jartzeko

-Zer topatuko dugu bertan, zein izango da ekimen honen ekarpen nagusia?

Mapa bat marraztu nahiko genuke. Kapitalaren nagusitasunak gure bizitzetan sortzen dituen talkak identifikatzen hasiko gara eta ondoren, kolektiboki hausnartuko dugu bizitza erdigunera ekartzeko ditugun behar, korapilo, desio eta aukeren inguruan. Gero, bizitza erdigunera ekartzeko dauden hainbat bide proposatuko ditugu eta segidan alternatiba eta erresistentziak gauzatzen ari diren kale-kantoietan geldituko gara. Bertan izango dira kapitalaren eta heteropatriarkatuaren logikatik irten nahi duten proposamenak: amatasunak eta familiak iraultzen dabiltzanak; autofinantziazio ereduak; bestelako elkarbizitzak; zahartze aktiboak barik, aktibista eta komunitarioak; etxeko langileen kooperatibak; sexu langileen proposamenak...

Amaitzeko gure apostu politikoen norantzak markatzeko gai izan beharko ginateke. Azken finean, ekarpen nagusia Burujabetza Feminista edukiz betetzen jarraitzea izango da.

-Feministok ekonomiaren arloan antolatuta gaude? Zein erronka dugu?

Ez dakit antolatuta gauden baina hala ere, norbera berearekin antolatuta egotearekin ez da nahikoa. Kapitalak sekulako gaitasuna du proposamenak xurgatu eta bere egiteko. Ofentsiba neoliberalaren aurrean, antolatzetik artikulatzera pasatu behar dugu, proposamen ezberdinen artean nolabaiteko enkajeak bilatu, besteak beste ez dugulako (nahi) proposamen bakar eta perfektua. Ukondoa eta besoa bezala, mugitu ahal izateko artikulatu behar dira. Ba hemen ere, berdin. Erronka nagusia ahalegin eta kreatibitate ezberdinak batu eta kapitalaren eta heteropatriarkatuaren logikatik kanpo mugituko diren proposamenak artikulatzea da.

Hala ere, kapitalaren logika hezurretara arte sartua dugu. Ekonomia feministak ez ditu soilik enpleguan aldaketak proposatzen; subjektibitate eta eremu guztietan logikak aldatu behar dira. Zer egingo dugu familiarekin, bikotearekin, amatasunarekin? Nola eraldatu gure elkarbizitza ereduak? Zer egingo dugu zaintza eta etxeko lanekin? Posiblea da bizitza beste era batera sostengatzea, baina benetan nahi dugu kapitalaren logikatik irten? Ausartuko gara?

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA