M-8: Feminismoak egiten gaitu herri

FEMINISMOAK EGITEN GAITU HERRI!
GURE KONDAIRA IDAZTEKO IDAZLUMA BAT


Bazen behin, Akelarreko sugarren artean hil zen Printze urdin bat. Hil zen. Bera bakarrik hil
zen. Ez zuen inork erail. Printze urdinetan sinisten dutenek idatzitako ipuinetan, indarkeria
matxistak erailtzen dituen erasotuak bezalaxe. Marierrauzkin izeneko esklabo bat ere bazen,
dohainik lan egiteaz nekatuta, grebara joatea erabaki zuena eta baita Txanogorritxo
esaten zioten laguna ere. Hala deitzen zioten, beti zeramalako buruberoki gorria aldamenean.
Horrela hasten da gure istorioa, barrikadetara doazen printzesekin, inor beldurtzea
gustuko ez duten otsoekin, gona daramaten gerlariekin eta siestatik esnatu nahi ez duten
Loti Ederrekin.

Kondaira hori osatuz joan gara elkarren artean oso desberdinak garen idazleen artean, letraz
letra, hitzez hitz, esaldiz esaldi, ipuin zaharrak irauli eta berriak sortuz. Saretuta, elkarlanean
eta atsegin handiaz izan dira ehunduak, kafe eta infusio usain artean, taberna hartako
mahai zaharrean, bilera lokalean, baserriko ezkaratzean zein kalean asmatu ditugun
kontuak; eta hala egin dugu, bakoitzak bere jakintza esparrutik eraginda: feminismoa marraztu
dute batzuek, besteek gidoia proposatu diguten bitartean eta praktika artistikoak maite
dituztenek prestatu dute attrezzoa. Nekatuta daudenek, berriz, trankilago gozatuko dute
obra handi hau, besaulkitik. Hemengoek eta hangoek egina, hemengo eta hangoentzako.
Hemengoentzat eta hangoentzat, azken finean denok gaudelako kondenatuta. Denok gaude
borrokatzera kondenatuta. Guk badugu ordea, beste kondenatu batzuek ez daukaten
zerbait. Guk, geure ipuina idazteko idazluma dugu.
Hasiera kontatu dizuegu. Korapiloa aldaketa sozial eta politikoranzko bidea da, bizitza erdigunera
ekarriko duena eta beste ipuin batzuekin nahasten dena. Egia esan, ez da ezusteko
handiko amaiera duen istorio horietako bat denok baitakigu Euskal Herria feminista
eta burujabe baten eszenatokian amaituko dela. Hori bai, momentu hau heltzean, guk ez
dugu galeperrik jango. Plazaren batean aterako gara kalabaza erraldoi batean, ilargia begira
izango dugula.
Eleberri freskoa da gurea, prozesu kontzienteetatik abiatu delako eta orrialde hauek, geure
buruak ahaldunduta ari direlako idazten. Elkarri zainduz eta zaintza lan horiek antolatuz
goaz, pixkanaka, kolektiboki boteretzen, hortik dabilen indarraz ohartzen hasita.
Mila esker, Bilgune Feminista, aldapan gora eta behera ibilita, erratak errata, hamabost urtez,
euskaraz inoiz idatzi den ipuinik ederrena amestu eta amesten laguntzeagatik. Mila
esker, ipuin honen iruditegi ederra osatzen duzuen guztioi ere. Mila esker, feminismoan zaretenei,
izan zinetenei eta izango zaretenoi. Mila esker, borroka feministari, FEMINISMOAK
EGITEN GAITUELAKO HERRI!


EUSKAL HERRIKO BILGUNE FEMINISTA
Euskal Herrian, 2017ko martxoaren 1ean

 

Irakurketak deskargatzeko aukera duzu beheko loturetan sakatuz (euskaraz eta gazteleraz)

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!