Ekonomia feministako foroa

Ezkutuko zaintza lanak ala ardura kolektiboa. Multinazionalen diktadura ala herri boterea. Austerilketak ala gehiengoaren oinarrizko beharrak. Merkatuaren menpeko instituzioak ala demokrazia. Prekarietatea ala askabidea. Naturaren suntsiketa ala jasangarritasuna. Pribatizazioa ala komuna. Menpekoa ala burujabetza. Txarrantxa hesiak ala elkartasuna. Bazterkeria ala elkar babesa. Botere harreman patriarkalak ala herri feminista. Kapitala ala bizitza. Egun, gatazkak oinarri dituen jendartean bizi gara eta hegemonia eskuratzeko lehian gabiltza. Hori da erronka.

Aldaketaren beharraz hitz egiten da han eta hemen: Trumpen kapitalismo xenofobo eta protekzionista aukeratu duen herritarretik hasita, Parisen COP21eko gailurraren aurkako mobilizazioetan klima aldaketari aurre egitea asmo dutenekin jarraituta, eta bestelako globalizazio eredua exijitzen duten militante ekologistetaraino. Baina aldaketen norabideak erabat kontrajarriak izan daitezke. Sistema kapitalistak bortxaz ekarri gaitu egungo eszenatokira, hala ere, guri dagokigu egoera hau aukera gisa ulertzea, eta horretarako, aldaketa definitu eta norabidetu egin behar da. Feministok kapitalaren amaigabeko metaketa jendartearen antolaketaren erdigunetik bidali, eta bizitza ona ahalbidetzen duten jarduerak erdigunera ekartzeko egiten dugu apustu. Eta hori herri prozesu bati lotzen zaio ezinbestean, burujabetza feminista ipar gisa hartuta, Euskal Herrian hauspotu nahi dugun trantsizio feministari, alegia.

2017. urteko Euskal Herrian, eraiki nahi dugun herri ereduari lotutako eztabaida soziala daukagu pil-pilean: Zein da gure jendarte antolaketaren eta elkarbizitzaren azken helburua? Nola zaintzen ari gara pertsonak eta ingurua? Nolakoa da edo izan beharko luke bizitzea merezi duen bizitzak? Noren bizitzaz ari gara? Ze behar eta nahi asetu beharko genituzke? Zeintzuk dira ditugun baliabide eta mugak? Ze konpromiso hartuko dira norbanako, komunitate eta erakundeetatik? Ikuspegi produktibistak ez digu balio, ezta diskurtsoetan geratzen diren lelo borobilak ere, egoeraren neurriko erantzun konplexuak behar ditugu. Goazen bada eztabaida kolektiboki heltzeko espazio parte -hartzaileak sortzera.

Bilgune Feministaren 15. urteurrenaren harira antolatu ditugun ekimenen baitan ezin genuen eztabaida hau kanpoan utzi eta horretara dator martxoaren 25eko ekonomia feminista foroa: gure herrian bizitza ona kolektiboki ezaugarritzeko urratsak eman eta burujabetza feministaren norabidean, bizi ditugun gurutzada neoliberalen aurrean feminismotik irekitzen diren erresistentzia eta alternatibentzako gakoak aztertu. Eguna kapitala eta bizitzaren arteko talka gure gorputzetan kartografiatzeko gogoeta kolektibo batekin hasiko dugu. Ondoren, bestelako harreman ekonomiko, politiko eta sozial ereduak eraikitzeko bideak arakatuko ditugu, mahaiaren bueltan izango ditugu: Cristina de la Cruz (REAS Ecosolfemeko kidea), Helena Franko (EHUko ekonomia irakasle eta Ogasun diputatu ohia), Mari Luz Esteban (EHUko gizarte antropologia irakaslea) eta Silvia Carrizo (Malen Etxeako kidea). Arratsaldean, berriz, hainbat tailer izango dira, feminismotik martxan jartzen ari garen erresistentzia eta alternatiben kantoiak deiturikoak. Kantoietan, besteak beste, parada izango dugu proiektu hauek bertatik bertara ezagutzeko: Etxalde, Gipuzkoa Zutik, Fracking Ez, ELA eta LAB sindikatuak, SAD Babel etxeko langileen elkartea, Sexu langileen ahalduntzerako proiektua, Bartzelonako Vaga de totes ekimena, Olatukoop, Lakari, Lastotan elkarbizitzarako kooperatiba, Errekaleorreko Errekaemeak talde feminista, Arquitecturas del cuidado ikerlana, Comunitat autofinancera de dones del Penedès emakumeen autofinantziazio sarea, Koop 57, Denbora politiken inguruko gogoeta eta Amatasunak, ekonomia eta komunitatea: egitate biologikotik politikora Iruñean antolatutako jardunaldiak.

Foroa Azpeitiako Sanagustin kulturgunean izango da goizean eta arratsaldeko tailerrak aldiz, Azpeitiako Emakumeen Txokoan eta Gazte Lekuan izango dira. Goizeko 10.00etatik aurrera hasiko da foroa, eta arratsaldeko 18.30ak arte. Bertan, haurrentzako gunea egonen da eta irisgarritasuna bermatuko da. Bazkaria, bertako elikagaiekin prestatuko da, elikadura burujabetzarekiko konpromiso politikoa dugulako. Emakumeentzako* ekimena izango da.

Desio dugun ereduak denontzako bizitza ona du helburu, eta haren mantenuaren ardura kolektiboa izan beharko du. Baina horretarako, indarrak behar ditugu zapalkuntza patriarkalean sustraitzen den kapitalismoari duen hegemoniari irabazteko. Indarrak gurutzatu, batu, biderkatu, hedatu. Indar bat badabil hor… ez dadila alperrik izan, baliatu dezagun bizitza erdigunera ekartzeko.

* Emakume kategoria erabiltzen jarraitzen dugu gure egungo errealitatean politikoki eragiteko oraindik baliagarria delakoan, nahiz eta sexu-genero sistemak markatzen duen binomioaz gaindi bizipen, ibilbide, ahalmen eta identitate anitzak ere bagaren (bollerak, trans...)

 

Informazio gehiago eta izen emateetarako klikatu hemen

ETIKETAK

Elkarbanatu!