Espetxe martxa feminista: Borroka eta sentimendua

Bilgune Feministatik egindako kronika irakur dezakezu beherago.

LIBRE EZIN, ASKE GARA. INDAR BAT DABIL HOR...

Iratzargailua isilarazi, dutxa beroa hartu, ondo gosaldu eta arropa lodia jantzi. Horrela hasi dugu ia 300 emakumek gaurko eguna. Irribarrea ahoan, ogitartekoa motxilan eta horrelako gauzek eragin ohi duten irrika eta urduritasun goxo horrekin.

Hiru orduren bueltan heldu gara Valladolidera feministaz beteriko bost autobusetan. Aizan-ek 1984ko martxoaren 14an Carabancheleko espetxe atarian emakume presoekin elkartasuna adierazteko elkarretaratze jendetsua egin zuen, eta urte batzuk beranduago hemen gaude gu ere.

Honezkero gure lagun bihurtu diren autobus gidariei “gero arte” xamurraz agurtu eta kamiseta magentak jaso ondoren, ekitaldiaz gozatzera hurbildu gara, pankarta, argazki eta abarrekin, polizia etorriko ote denaren zalantzan.

Txalapartaren soinuak eman dio hasiera ekitaldiari. “Entzungo al da hau barrutik?” galderak blaitu ditu geure buru eta begiak. Nahikari, zu hortxe zaude eta ezin zaitugu ikusi. Baina, entzungo ez bazenu ere, hemen zaude gurekin eta beste preso guztiak bezala, historikoa den egun handi honen parte zara.

300 pertsona eta 1000 arrazoi batu gara hemen baina milara arte zenbatzen hastea luzeegia izango litzatekeenez, Bilgune Feministako Idoia Arraiza kideak botatakoak helaraziko dizkizuegu:

1- Gure sorreratik lan ildo nagusietako bat izan da gatazka politiko armatuaren konponbidean emakumeen parte hartzea sustatzeko espazioak eta moduak proposatu eta exijitzea, eta ikuspegi feminista batetik eragitea.

2- Euskal Herrian normalizazio prozesua bizi dugula dioskute. Baina emakumeok eta gorputz ez normatibook ez gara “bakean” bizi, emakumeon kontrako indarkeria matxista normaltzat duen bake egoera neutralizatu honetan: zeinetan, emakumeon aurkako gutxiespenak, irainak, gustukoak ez diren txisteak, kolpeak, erailketak, prekarietate eta muturreko pobrezia egoerak, etab eguneroko errealitate diren gurean.

3- Emakume presoek bizi dituzten zapalkuntza anitzak salatzeko eta espetxeen izaera patriarkala jo puntuan jartzeko behar larria dago. Espetxeak jendartearen ispilu dira baina zapalkuntzak are larriagoak dira espetxean.

Horrez gain, “dispertsio politika salatzen dugu eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea exijitu” du Marina Sagastizabal preso ohi eta Bilguneko kideak eta Bilgune Feministaren izenean, Sara eta Izar, Arantza Zulueta eta Nekane Txapartegirekin elkartasuna adierazi du ondoren.

Ekhi Eizagirren txanda heldu da ondoren, bahituta duten bilgunekideak ere, eduki du beraz, lekua ekitaldian. Berak hitzak eta guk musika jarri ditugu.

Ostean etorri dira, emozioari eutsi ezin diogula gaudenean, hain justu, Leire Urrutia eta Olatz Carro, hor ondoko kartzelan preso egondakoak. “Dispertsioa, bakartzea, espetxean emakume izanagatik jasaten dugun zigor bikoitza. Horiek denak salatzera etorri gara gaurkoan” adierazi digu. Bertan izan zenean bere bizitza nolakoa zen irudikatu ahal izan dugu, bihotza uzkurtuta, bere hitzak entzutean: “pertsona biziez betetako hilerri horren barruan, 9x19 pausu dituen modulu-zulo batean dago Nahikari, beste berrogei emakumerekin batera pilatuta, ibiltzeko tokirik gabe, eguzki argirik gabe kasik...”

Horrez gain, ondokoa bota digu, Leirek, Angela Davis, gogora ekarrita: “jendarte justu, demokratiko eta feminista batean sinesten dugun guztiok, zigor sistemaren eskema gainditu eta ortzi-muga berrien bila” jo behar dugula.

Valladolideko mugimendu feministako kide den Marta Ramos eta Mariak hitz egin du ondoren. “Zuen borroka, gure borroka da. Emakume eta preso politikoa, denok gara bat” mezuak ere ezin laburbil dezake 300 kilometroetako distantziatik datorren elkartasuna.

Gosea eta emozioaren arteko nahasketak eraginda, tripako harra mugitzen hasi zaigunean hartu dute hitza Aiala Zaldibar eta Olatz Dañobeitia preso ohiek, kalera-kalera ekimenaren baitan hasitako aldarrikapena berresteko: “Bigarren lerroko subjektu izatetik, lehen planora pasako gara emakume preso borrokolariak”

Eta, globoak, airera! Gorantz bidali ditugu emakumezko euskal preso politikoen argazkiak, hegan, gure elkartasunak apur bat libreago egingo dituelakoan.

Txaloak eta... pun pun pun! Batukadaren hotsarekin ari gara dispertsioa leherrarazten eta elkartasun traka honekin. eta maitasun guztiarekin ekarriko ditugu iheslari guztiak etxera, presoak kalera eta horrela apurtuko ditugu espetxe guztiak ere, existitu daitekeen elkartasun eztandarik handienarekin.

Nabaria izan da bidean zehar jasan behar izan dugun presentzia poliziala eta ekimenarekin aurrera egin ahal izan badugu ere, ondoren, jazarriak eta identifikatuak izan dira, batez ere, Valladolideko kideak. Horrela saiatu dira gazitzen gure goxotasuna. Baina, erasoak eraso, elkartasunak ez du etenik...

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA