Emakumeen espetxe martxa feminista

Elkartasun, maitasun eta argudioz beteriko ia bost autobus bete ditugu asteburu honetan Valladolidera joateko, historikoa izango den martxa honetan. Espetxe martxaz gain, lau bideo labur argatiaratu ditugu, preso ohi, senide, aditu eta mugimendu feministako kideen mezuekin.

Euskal Herriko Bilgune Feministak 15 urte betetzen ditu 2017an. Urteurrena ospatzearekin batera, Euskal Herriaren burujabetza feministarantz eramango gaituen bidean sakontzeko eta aurrerapausoak emateko aprobetxatuko dugu urtea. EHBFko proiektu politikoan ditugun ildo eta erronka ezberdinei helduko diegu egingo ditugun ekimen anitzekin.

Ildo horietako bat da gatazka politiko armatuaren konponbidean – hau da, memoria, justizia, erreparazioa- feminismotik eragitea. Oraingoan, emakumeak eta kartzelaren gaian sakondu nahi izan dugu eta aspalditik egiteko gogoa geneukan espetxe martxa feminista bat antolatu dugu.

Otsailaren 11n izango da hitzordua. Urteurrenaren lehenengo ekimena izango da eta Valladolideko espetxera egingo dugu martxa. Arrazoi ezberdinegatik erabaki dugu bertara joatea: alde batetik, bertan emakume preso politiko bakarra dagoelako (Naikari Otaegi, donostiarra). Guztira 12 dira espetxe ezberdinetan bakartuta dauzkaten emakume preso politikoak. Bestetik, espetxe horretako baldintzak, espazioaren antolaketari dagokionez, emakumeentzako bereziki kaxkarrak direlako. “Zulo” deitzen duten modulu txiki batean daude guztiak pilatuta eta patiora apenas sartzen da eguzkia. Azkenik, Euskal Herritik "hurbilago" (ez horren urrun, behintzat) egotea ere garrantzitsua zen guretzat. Azken finean, ekimen jendetsu eta parte hartzailea izatea nahi dugu, eta horregatik, egun berean joan eta itzultzeko martxa izango da.

Ekintzaren helburuak hauek lirateke: emakume presoek bizi dituzten zapalkuntza anitzak salatzea eta espetxeen izaera patriarkala jopuntuan jartzea; espetxeratzeak suposatzen dituen zaintza lanak, nagusiki emakumeon bizkar gainean egon direnak eta daudenak aitortzea; zigor-sistemaren inguruko gogoeta feminista bat bultzatzea; eta oro har, dispertsio politika salatzea eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea exijitzea. Horretaz gain, bereziki emakume preso politiko guztiei gure elkartasuna eta babes osoa adierazi nahi diegu eta gure arteko sareak indartu nahi ditugu.

Izan ere, Valladolideko espetxean emakume preso politiko bakarra egon arren, emakume preso politiko guztiak eta beraien senideak barnebiltzen dituen dinamika jarri dugu martxan. Etxeraten bitartez, ekimenerako sortu ditugun kamiseta batzuk helarazi zaizkie egunean bertan beraiek barruan eta euren senideek ere bisitetan jantzita eramateko, eta guk kanpoan, martxan,soinean eramango ditugu. Horrez gain, eskutitz bat bidali zaie beste bi proposamenekin. Alde batetik, elkarrekin kanta dezagun eguerdiko 14.15ean Izar Mendigurenek egin duen bertsoa. Eta bestetik, emakume preso bakoitza bere bizipenetan oinarritutako eskutitz bat idaztera gonbidatu dugu, zehazki bi galdera hauen bueltan: 1) Emakume bezala ze suposatzen du preso egoteak? 2) Nola egiten diozu aurre errealitate honi emakume bezala? Zerk ahalduntzen zaitu? 3) Beste zer edo zer gehitu nahi duzu?

Ekimen honekin hauxe azalarazi nahi izan dugu: generoak gorputz guztiak eta espetxeak ere zeharkatzen dituela, eta bereziki, emakume izateagatik pairatzen den zapalkuntza espezifikoa. Identitate kolektibo hori indartu nahi dugulako martxa bera emakumeen parte hartzera mugatu dugu. Barruko emakumeen subjektu izaera indartu eta kanpokoekin elkartasuna eta aliantzak indartzeko helburua ere bai baitu. Horrek ez du esan nahi, ekimen honekin euskal preso guztien etxeratzea aldarrikatuko ez dugunik. Baina gatazka politiko armatua eta horren konponbidea oso gai maskulinoak izan dira, emakumeen parte hartzea eta inplikazioa ikusaraziko duen ekimena izatea nahi dugu.

Izena eman eta informazio gehiagorako kontsultatu bloga!

ETIKETAK

Elkarbanatu!