De prisión a prisión

Marina Sagastizabal eta Aiala Zaldibar bilgunekide eta preso ohiek idatzitako iritzi artikulua

Marina, Aitziber, Arantxa, Ekhiñe, Itziar, Leire, Olga, Sara… eta honela 48 izen jarri arte.

Gaurkoan zuengana zuzentzen gara, zuon guztiongana, orain ez asko gu ere, zuek bezala, lau horma artean izan gintuztelako, emakume eta borrokalari izateak zer dakarren gure azal, hezur, burmuin eta bihotzetan pairatu, sufritu eta gozatu dugulako.

“De prisión a prisión” izena jarri nahi izan diogu gutun berezi honi, izan ere hauxe bera jartzen baikenuen espetxean geundela beste espetxe batean zegoen lagun edo kide bati gutun bat bidaltzen genionean. Espetxea den mundu paralelo horretan, espetxetik espetxera bidaltzen diren gutunetan esaldi hau jartzen da seiloak joan beharko lukeen lekuan.

Eta halaxe jartzen dugu guk gaur ere, zuei, zuen espetxe zuloetara bidaltzen dizuegun gutun honetan, guk ere neurri batean preso jarraitzen baitugu.

Eta sentimendu horrek, oraindik eta betiko, gure gu-aren parte handi bat barrote artean geratuko denaren sentimendu horrek, bultzatzen gaitu lanean eta borrokan jarraitzera.

Urtarrilaren 14ko indar uholdeak oraindik blaiturik gauzkanean, lanean jarraitzeko unea dela badakigu, preso guztiak etxera ekartzeko, baina baita ere emakume borrokalariok espetxean pairatzen duzuen zigor bikoitza salatzeko.

Urtea, kanpoan zein barruan, modu latzean hasi dugu. Berriz ere patriarkatuaren aurpegirik gordinena ikusi behar izan dugu, bai Blankaren erailketa zein Izarren kontrako erasoaldi matxisten bidez. Berriz ere, kalera irten gara: begiek dirdira bustia dute, amorrua sabelaldean sua bihurtzen zaigu, azalak oilo ipurdiaren itxura hartzen du, eztarrietatik ateratzen ditugun oihuak trabatu eta motz geratzen zaizkigu… Dudarik gabe, elkartzen garenean indarra gara, elektrizitatea, energia… espetxeetako barroteak zeharkatu eta Sararen ziegaraino heldu izana espero dugu. Kalera ateratzen garen bakoitzean, maitasunez beteriko indarra bidali nahi dizuegu, zuoi guztioi.

Argi dugu hau ez dela gure bakea, ez eta emakume bakar bat bera ere erasotzen eta erailtzen jarraitzen duten bitartean. Eta errealitate gordin hau guk bizi dugu kanpoan, baita zuek ere barruan. Askotan entzun izan dugu, espetxea kalearen ispilu bortitz bat baino ez dela, eta beraz kanpoan ematen diren zapalketak eta mailaketak bertan era bortitzagoan islatu baino egiten ez direla. Eta hala da!!! Hala, emakumeok emakume izate hutsagatik pairatzen ditugun bortizkeriak areagotu egiten direla ikusi izan dugu egunero, are gehiago, emakume izanda, subjektu politiko aktibo gisa egiten badiozu aurre espetxeari.

Hori da zuek denok egin zenuten hautua, kanpoan zein barruan, eta hori dela eta pairatu dituzue urruntzea, bakartzea, isolamendua, infantilizazioa, kosifikazioa etab. luzea. Emakumeak sistema patriarkalean bizitzeko egoki izango diren emakume moduan birprogramatzea helburu duten espetxe izeneko fabrika horietan emakume txar, sorgin, puta, militante… mantendu zarete.

Baina goian ere esan dizuegun bezala emakume eta borrokalari izateak sor dezakeena pairatzeaz gain gozatu ere egin dugu, eta esango genuke batez ere gozatu egin dugula. Plazera da heteropatriarkatua desobeditzea, ahizpak!

Hala, gure gorputzak deskubritu ditugu, baita gure izanak ere, kontzientzia hartzeak gure kontra eraikitako sistema horri aurre egiteko baliabide eta indarra eragin digu. Ekhik esango lukeen bezala, libre izaten uzten ez gaituen horren aurrean aske izaten ikasi dugu, askatasuna barnean baitaramagu. Gure gorputzen jabe direla uste duten arren, gure gorputza giltzapetzea soilik lortu baitute, baina gure gorputzek gureak izaten jarraitzen dute, are gehiago gure buruek.

Agurtzeko, doakizue hemendik, Euskal Herritik, gure babesik eta maitasunik beroena, libre izaten uzten ez diguten bitartean aske izaten jarraitzen duzuelako, eta baita gu ere. Benetako libertadearen bila askatasunean bizitzen jarraituko dugu, eta zuek askatu arte ez dugu etsiko.

Behar denean eta behar den tokian izango gaituzue, hala nola, Euskal Herriko Bilgune Feministak datorren otsailaren 11n Valladolideko espetxera antolatu duen emakumeen martxa feministan. Espetxe bakarra bisitatu arren gure indarra zuek guztiok zauzkaten espetxe guztietara ailegatzea baitugu helburu.

Otsailaren 11n sorgin, puta, bollera, trans, emakume txar… guztiok bat egingo dugu, zuek barrutik eta gu kanpotik!!! Gora euskal emakume borrokalariak, aupa zuek!!! Gora borroka feminista!

ETIKETAK

Elkarbanatu!