BAZTANGO BFren ERASO SEXISTEN AURKAKO PROTOKOLOAREN BALORAZIOA

"Adibide gisa paratzen dugu Elizondoko bestetan Elizondoko Elizan dantzatzen den Mutildantza baztertzailea. Hori ere emakumeen aurka ematen den eraso sexista baita, kolektiboa gainera. Berez, salaketa eza erasoen falta baina gehiago, konzientziazio faltagatik dela uste dugu"

 

BAZTANGO BILGUNE FEMINISTAREN OHARRA:

2016. urtea bukatu zaigun honetan, eta 2017aren bidea abiatu dugularik, Baztango Bilgune Feministatik azkeneko urte honetan egindako lanaren balorazioa egin eta aurtengo prestatu ditugunak azaldu nahiko genituen.

2016. urtean Baztango herri gehienetan eraso sexisten aurkako protokoloa martxan paratzea lortu genuen. Izan ere, Arraioz, Elbete eta Zigan ezik, bertze herri guztietan lortu dugu protokoloaren berri eman eta herriko besta batzordeekin informazio trukaketa egitea. Beraz, gurekin elkarlanean aritu diren herriak eskertu eta zoriondu nahi ditugu. Etorkizunari begira, aurten lortu ez bada ere, datozen urteetan Baztango herri guztietan protokolo hau martxan paratu nahiko genuen.

Protokoloa martxan paratu den herri ia guztiekin ere, protokoloaren balorazioa egiteko aukera izan dugu. Orokorrean, besta batzordeen aldetik balorazioa arras positiboa izan da eta hauek egindako ekarpenei esker hobetzeko arloak ere identifikatu ditugu. Beraz, aurtengo herriko bestei begira hutsune horiek betetzen saiatuko gara. Informazioa ahal bada lehenago helaraziz, formazioa eskainiz eta gai honen inguruan interesa piztuz.

Protokoloa martxan paratu bada ere ez da herriko bestetan salaketarik izan. Berez hori berri ona izaten ahal den arren, aunitzetan gertatzen da, erasoak gertatu eta erasotua aski babestuta sentitu ez izana salaketa hori paratzeko. Bertze kasuetan erasoa identifikatzeko zalantzak edukitzea eta horregatik ez salatzea. Adibide gisa paratzen dugu Elizondoko bestetan Elizondoko Elizan dantzatzen den Mutildantza baztertzailea. Hori ere emakumeen aurka ematen den eraso sexista baita, kolektiboa gainera. Berez, salaketa eza erasoen falta baina gehiago, konzientziazio faltagatik dela uste dugu.

Horregatik, Baztango Bilgune Feministatik, aurtengo udara begira formakuntza saioak antolatuko dira. Alde batetik, emakumeentzat autodefentsa feminista tailerrak, emakumeok gure burua ahaldunduz indarkeria matxistari aurre egiteko prestatzeko. Bertze aldetik, protokoloaren aplikazioari begira interesa duen guztientzat, erasoak identifikatzen laguntzeko eta protokoloaren eraginkortasuna hobetzeko tailerrak.

Formakuntza tailer hauen garrantzia azpimarratu nahi dugu, GUZTION ardura baita indarkeria matxistarekin bukatzea. Beraz, parte hartzera animatzen datzuegu!

ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!

GORA BORROKA FEMINISTA!

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA